GAUR8 - mila leiho zabalik
Interview
Peio ORIA
AEMET erakundeko arduraduna Nafarroan

«Klima aldaketa gurean da, eta geratzeko etorri da; prest egon behar dugu»

Peio Oria Espainiako AEMET meteorologia agentziako arduraduna da Nafarroan (Iruñea, 1982). Klima nola aldatu den ikusi eta aztertu du gertutik, eta jendarteari etorriko denaren aurrean prestatzeko eskatzen dio.


Alarmismorik gabe, baina klimak gure eguneroko bizimodua asko aldatuko duela jakitun. Aldaketa hori gurean omen, dagoeneko, eta prozesua atzeraezina den neurrian, jendarteari azkarrago egokitzeko pedagogia eskatzen dio.

AEMET erakundearen arduraduna zara Nafarroan egun, noiztik zaude lanean erakunde horretan?

Hasieran behatzaile moduan aritu nintzen Noaingo aireportuan, eta 2017az geroztik AEMETeko arduradun gorena naiz Nafarroan.

Zer lan egiten duzu zuk, zehazki?

Bitartekaritza lana Nafarroako Gobernuarekin, eta Erkidegoko udalekin. Komunikabideen eskaera asko ditut. Datu pilo bat aztertzen dugu, eta klimarekin zerikusia duten hainbat proiekturen garapena gidatu, bai Nafarroan, bai Espainia mailan.

Zuk egiten al dituzu eguneroko eguraldi iragarpenak?

Ez. Horiek eginda iristen zaizkigu Madrilen dagoen Iragarpen Zentrotik. Iragarpen horiek guztiz zuzenak diren aztertzen dut, akatsen bat ote dagoen jakiteko. Goizero jaikitzen naizenean datuak eta egoera aztertzen ditut, eta muturreko egoera meteorologikoren bat balego, alarmak edo abisuak baleude, egoeraren jarraipen zehatza egin. Hala denean, Babes Zibilarekin eta Gobernuko Ordezkaritzarekin hitz egiten dugu, eta larrialdi egoerak izendatu, beharrezkoak diren neurriak hartzeko.

Nafarroa baino lurralde aberatsagorik gutxi, klimatologia aldetik?

Bai, 100 kilometroko distantzia baitago zuzenean ipar muturretik hegora, eta tarte horretan hainbat klima ezberdin ditugu. Bardearen eta Pirinioen artean aldea sekulakoa da, eta Kantauri isurialdearen eta Iruñetik hegoaldera dauden lurren artekoa ere bai. Ez zara aspertzen, beti dago muturreko fenomenoren bat gertatzeko arriskua. Azken hilabeteetan, esaterako. Gogoan dut maiatzean, haurraren bila joan ikastolara, eta gurasoak geure artean hasi ginela egiten zuen beroaz hitz egiten, bero hura uztail edo abuztukoa zelako, maiatzekoa baino gehiago. Ondoren bero bolada gehiago eta gogorragoak izan ditugu. Uztailekoa azken 50 urteetako gogorrena izan da.

Datu esanguratsua.

Bero boladen errepikapenek zeresana ematen dute, jendeari ez diolako denborarik ematen aurrekoa ahazteko. Orain arte noizean behin gertatzen ziren. Aurten behin baino gehiagotan. Nondik gatozen ere aintzat hartu behar da. Iazko abenduan Baztan-Bortziriak eskualdean eguraldi hezea izan zuten oso, uholde tragiko batekin bukatutakoa. Muturreko hezetasunetik, muturreko aro lehorrera pasatu gara tarte txikian.

Bilbon, aurtengo udako egun bero batean, jasotako irudia. Oskar MATXIN | FOKU

Eta zer gertatzen zaio, bada, klimari? Edo zuzenago, agian: Nola eragin diogu gizakiok?

Naturak milioika urte pasatu ditu karbonoa lur azpian gordetzen, eta gizakiok karbono hori atmosferan kokatu dugu berriro modu masibo eta kriminalean azken hamarkadetan. Karbono horren zati handi bat ozeanoek eta begetazioak xurgatu dute, baina Artikoa, Groenlandia eta Antartikako izotza azken milurtekoetan gertatu ez den abiaduran urtzen ari da. Bizi garen planetak ezagutu izan ditu lehenago ere eraldaketa klimatiko hauek, baina epe luzeetan gertatu dira. Egun, ordea, denbora tarte txikian. Gizakia inoiz ezagutu gabeko prozesuak bizitzen ari da, fenomeno arraroak. Lehen 10.000 urtez behin gertatzen ziren fenomenoak 10 urtez behin izango dira orain, agian, eta horrek dena aldatzen du, oso egoera arriskutsua da.

Zer ekarriko dute fenomeno berri horiek, zehazki?

Aldaketak hainbat arlotan: ekoizpen prozesuan, gure jarreran, kultura arlokoak, jendarte mailakoak… Naturak inposatu egingo dizkigu aldaketa horiek bai edo bai, eta horiei egokitzen asmatzea erabakigarria izango da. Egokitze prozesuen estrategiak abian daude Nafarroan: nekazaritza, basoak, osasuna… Klima aldaketak arlo horiei guztiei nola eragingo dien ikertzen ari gara, zenbat eta azkarrago egokitu, orduan eta hobea izango delako.

Geldiezina al da eraldaketa hori?

Baiezkoan nago. Berandu goaz. Orain dela 40 urte hasi behar genuen neurriak hartzen, baina noski, duela 40 urte nork pentsatuko zuen aldaketa handi hauek etorriko zirenik. Orduan ere ezagutzen zen ondorio atzeraezinak jasango genituela, itsas korronteak, izotz plataformak eta besteren bilakaera aztertuz. Esparru horietako aldaketek ez dute bueltarik, dagoeneko.

Zer egin dezakegu, orduan?

Gure eragina murriztu, gutxitu, atmosferara jaurtitzen dugun CO2 kopurua murriztuz. Hori eginda ere, ordea, CO2-a jaurtitzen jarraituko dugu, suteen bitartez. Ez Nafarroan ekainean gertatutako suteekin, Kanada edo AEBetan gertatzen diren sute erraldoien bitartez baizik. Sute horiek atmosferara urte batean Suitzak edo Erresuma Batuak jaurtitzen duten karbono kopuru bera jaurtitzen dute. Iaz Kalifornian Nafarroako hedadura osoa erre zen, eta oraindik bukatu ez den 140 urteko lehorte epea jasaten ari dira. Ez dakit noizbait karbono emisioetan 0 garbia lortuko dugun edo ez, baina hala egingo bagenu ere aldaketa sakonak eragingo dituen natura prozesu jakin batzuk hasi dira, dagoeneko.

Gizakia egoera horren jakitun al da eguneroko martxan?

Ongizate jendartearen inertzian bizi gara, eta modu geldiezinean kontsumitzen dugu: elikaduran, turismoan, aisian, energian… Orain energia mugak jarri dizkigute, eta muga horiek sekulako harrabotsa sortu dute, neurriak hondar aletxoak izanda ere: komertzioetako argia ordubete lehenago kendu, udan aire girotua 27 gradutik gora jartzea… Neurri zorrotzagoak etorriko dira, oraingoak txiki utziko dituztenak. Pedagogia egin behar da, kontzientziazioa, azken hamarkadetan egin duguna ondo azaldu, datorkigun aldaketa sakonera hobeto egokitzeko. Dena aldatuko da, eta zenbat eta lehenago onartu, hobe. Egun gure arazoen eskalan klima aldaketak ez gaitu arduratzen beharko lukeen adina, eta pertzepzio hori ere aldatu egin beharko da lehenbailehen.

«Klima aldaketaz» mintzatzen zara, baina ez «aldaketa klimatikoaz»?

Eskala kontua da. Aldaketa klimatikoak epe luzeagoetan aztertzen dira paleoklima ikuspegitik: gizaldiak, milurtekoak… Egun belaunaldi batetik bestera gertatzen ari diren aldaketak ditugu hizpide, epe askoz laburragoak, eta zalantzarik ez dago: klima aldaketa gertatu da. 30 urteko eskala bat motz geratuko da, agian, aldaketa sakonak ikusteko, baina 1971-2000 eta 1991-2020 epeak aztertu, eta aldaketa ikaragarriak ikusiko ditugu hainbat aldagaitan. Tenperatura da aldaketa nabarmenena, baina euri prezipitazio ereduak ere asko aldatu dira. Artikoko elur geruza, edo Ozeano Artikoko izotz geruza ere bai… Balio horiek asko aldatu dira hamarkada batzuetan, eta gizakiaren jardunaren ondorioz. Adibide asko daude. Artikoko hainbat eremutako tenperatura 8 gradu hazi da 1970. urtetik hona. Mediterraneoan, Afrika iparrean, edo Arabiako penintsulan orain arte 50 urtez behin gertatzen ziren bero boladak. Orain urtero gertatzen ari dira, ia-ia. Gurean, ekaineko eta uztaileko bero boladak historikoak izan dira.

Badago halako pertzepzioa klima aldaketak bero boladak bakarrik dakartzala, baina prezipitazioak eta hotzaldiak ere ekartzen ditu. Hor dugu «Filomena» borraska famatuaren kasua, adibidez.

Tenperatura beroenen errekorrak hotzenen errekorrak baino 10 aldiz ohikoagoak dira, baina erregistroek erakusten digute Siberia edo Ipar Amerikako barrualdeko hainbat eskualde hozten ari direla neguan. Itxuraz, gainera, Artikoko berotzeak zerikusi zuzena du bi eskualde horietan neguan gertatzen ari den hoztearekin. Altueran garatzen diren hotz poltsa isolatuak ere adibide ona dira. Mediterraneo itsasoan, esaterako. Kontuz horiekin udazken honetan, Mediterraneo itsasoa 30 gradura baitago zenbait tokitan, oso bero. Klimatologian dena dago lotuta. Bero boladak gertatzen dira toki batean, eta 3.000 kilometrora hotzaldi bat edo euriteak. Fenomeno batek bestearengan du eragina.

Ditugun ereduak aldatzen ari dira etengabe, eta modu errepikakorrean. Aurrekaririk ez duten agertokiak aztertu beharrean gaude, eta horrek beldur handia ematen du.

Panorama beltza datorkigu…

Pobrezia handiagoa etorriko da, eta desberdintasunak alor guztietan sakondu. Fenomeno meteorologikoren bat oso noizbehinka errepikatzen bada, fenomeno hori jasaten duen jendarteak egokitzeko tartea izango du, baina fenomeno hori urtez urte errepikatzen bada, egoera larria izango da, ez baita egokitzeko tarterik egongo. Gure kasuan, eta gertutasunagatik, Mediterraneo aldeko hotz poltsa isolatuetan jarriko nuke arreta. Eta bizi dugun energia krisia gogoan, neguan etor daitezkeen hotzaldietan.

Meteorologiako adituen esanak aintzat hartzen ote dituzte politikariek? Zer sentitzen duzue?

Nire ustez kontziente dira daukagun egoerarekin. Nafarroan ekainean gertatu ziren suteen ondoren erabaki zituzten arau murriztaileekin jendea haserretu zela jakitun dira. Nik nekazariak ulertzen ditut, bi aste dituztelako urtean uzta biltzeko, eta makinak martxan jartzeko debekua jartzen baduzu… Politikarientzat ere ez da erraza izango arau murriztaileak agintzea. Nire ustez, dena den, arazoa politikarien erabakietatik harago doa: herri txikiak hustea, nekazaritza guneak behar moduan ez zaindu edo garbitzea, naturarekin gero eta harreman txikiagoa edukitzea…

Ikerketa batzuen arabera Madrilgo klima Kairokoaren modukoa izango omen da hamarkada pare batean, eta Sevilla Marrakex bezalakoa. Iruñekoak ere Madrilgo klimaren antz handiagoa izango omen du etorkizunean. Hala izango al da? Eta baldin bada, zer gertatuko da?

Azkenaldian gertatu izan zait Iruñean arratseko bostetan kalean ibili, eta bikotekideari esan, dagoen beroak Marrakexekoa gogorarazten didala, han opor egun batzuk pasatu genituelako. Hori erreala da. Aurten Iruñean 40 graduko tenperatura lau aldiz iritsi dugu, eta 1980-2010 epean hori 10 urtez behin bakarrik gertatu izan da. Horrelako egunen eta gau tropikalen maiztasuna handitzen bada, egokitu egin beharko dugu. Jende nagusia babestu beharko dugu, edo suteen gaiarekin pedagogia egin. Hirien kasuan, ez dakit Iruñea Madril edo Kordoba izango den, baina gurean beste hiri horietan ez daukaten altxorra daukagu, zorionez: ziertzoa edo ipar gorria. Horrek tenperatura asko freskatzen du.

Klima aldaketak migrazio mugimenduak sorraraziko al ditu?

Litekeena da, baina ezin dira masiboak izan. Pentsa gure eremuko milaka pertsona Europa iparraldera mugitzen direla, edo garela, denak batera. Gatazka handiak sortuko lirateke. Migrazio mugimenduak gertatzen ari dira Afrikako adarrean, Somalia aldean. Han klima bat zuten, bi euri garairekin, baina lau urte daramatzate lehortearekin. Horrek migrazio mugimendu handiak eragin ditu, lurrak ez duelako uztarik ematen, eta ganadua hil egiten delako bazkaren faltan. Artikoan bertako hainbat herritarrek migratu egin behar izan dute, eguraldia iragartzeko dituzten sistemek iragarpena ez dutela asmatzen ikusi dutelako. Eguraldia asmatzea funtsezkoa izan da haientzat bizirauteko.

Zure esanak oso gordinak dira, beldur pixka bat ematen dute...

Ez nuke alarmarik sortu nahi, baina gauza larriak ikusten ari gara. Egoera horiek gordetzea, edo publiko ez egitea ere jendarteari gezurra esatea litzateke. Azkenaldian alarma-kazetaritza gero eta ohikoagoa bihurtzen ari da. Dena katastrofe kutsuarekin janzten da, eta hori ere ez da egia. Egia zera da: klima aldaketa gurean dela, bere eragina areagotu egingo dela, eta egokitzen asmatu beharko dugula. Lehenbailehen gainera.