AUG. 20 2022 Ukrainako gerraren bandoak Isidro Esnaola Egun hauetan txio batek pentsakor utzi nau. «Atsegin dut» eman nion, gordetzeko, baina orain ez da agertzen gogokoen artean, askotan gertatzen den moduan. Eskuin muturrari buruz asko hitz egiten duen kontu bat zen. Gutxi gorabehera esaten zuen ez zuela Ukrainako talde ultraeskuindarrei eta faxistei buruz idazten gerraren inguruan Putinek landu duen diskurtsoa ez legitimatzeko. Nahiko adierazpen bitxia iruditu zitzaidan, egileak, nonbait, azterketak egiten dituela zeini laguntzen dien, horren arabera. Berak jakingo du, baina zaila dirudi printzipio horrekin urruti iristea. Hasteko, nahi gabe egileak Ukrainan ultraeskuindarren indarrekin arazo bat dagoela onartzen zuen. Arazorik ez balitz, askatasunez hitz egingo luke hango egoerari buruz. Gainera, egileak bere burua zentsuratu egiten zuela onartu zuen, Putini arrazoia ez emateko. Halere, nahi gabe eta inplizituki arrazoia eman zion. Alferrikako saiakera. Bestalde, baieztapen horrekin esplizituki Ukrainako gerran aldea aukeratzen zuen egileak. Hori legitimoa da, baina behin bandoa hartuta, kirol jarraitzaileak bezala, bakoitzak bere alderdian dituen alde positiboak bakarrik ikusten ditu; alde negatiboak oharkabean pasatzen uzten dira. Beste bandoari begiratzerakoan justu kontrako jarrera nagusitzen da: alde negatiboak nabarmendu eta positiboak ezkutatu. Horrela, arrazoiak pasioei bidea libre uzten die. Eta hori da, hain zuzen ere, ultraeskuindarren joko zelai nagusia. Mesede eskasa bere kausari. Gainera, kokapen horrekin zaila da taxuzko azterketa bat egitea, eta are gutxiago izan daiteke azterketa hori ondorengo ekinbidearen gida baliagarri bat. Ukrainako gerrak ñabardura asko ditu. Adibidez, Nazio Batuen datuen arabera (https://labur.eus/mw6NS), Europan erregistratuta dauden Ukrainako gerraren errefuxiatuak 3,8 milioi dira. Horietatik erdiak, 1,9 milioi, Errusian daude. Non ikusi da errefuxiatuak herrialde inbaditzailerantz joatea? Horretaz gain, jarrera horrek paternalismo kutsu bat duela iruditzen zait. Ematen du jendeari ezin zaiola daturik eman eta jendeak ezin duela bere kasa pentsatu. Horrela, dena pasioak astintzeko propaganda bihurtzen da. Eta hori da, hain zuzen ere, etengabe jasotzen duguna. Esaterako, azken hilabeteetan, bazirudien Ukrainan gordetako alea zela munduan gosea amai dezakeen gauza bakarra. Zerealak ateratzeko akordioa itxi ondoren, eta NBEren datuen arabera (https://labur.eus/sP7At), itsasoratu diren 16 itsasontzietatik bakar batek zeraman garia –giza kontsumorako zereal nagusia– eta apenas 3.000 tona; gainontzekoak ia 380.000 tona arto eta 60.000 tona olio eta ekilore hazi izan dira. Ontzi batek ere ez zuen Afrikako herrialderen bat jomugatzat eta Libanora zihoanak Turkian amaitu du. Esandako guztiaren ondoren, ekarpen benetan eskasa munduko gosearen amaierari. Norbaitek pentsa dezake beti aukeratzen dela bando bat. Egia da, baina bando hori izan daiteke bakearena, deseskalatzearena, negoziazioarena eta akordioarena ere. Momentu honetan ia desagertuta dagoen bandoa da. Zoritxarrez, Europar Batasuna ez dago alde horretan eta hori garesti ordainduko dugu herritarrok. Zentzu horretan, ikertzaileek, baita kazetariek ere, badute zer ikertu eta zer esan, jendeak bere iritziak osatzeko elementuak izan ditzan. • Parece que a la gente no se le pueden dar datos y que la gente no puede pensar en su... Así, todo se convierte en propaganda para agitar pasiones. Y eso es lo que recibimos constantemente