GAUR8 - mila leiho zabalik
ULTRAESKUINA ABELTEGIAN

Ultraeskuinak bere egin du Herbehereetako nekazarien haserrea

Ultraeskuineko hainbat alderdi eta politikarik bere egin dute Herbehereetako nekazarien haserrea. Gobernuak ustiategietan murrizketak egin eta horietako batzuk itxi ere egin nahi ditu nitrogeno isurketa kutsakorrak gutxitzeko. Abeltzainek errepideak hartu dituzte haserrea zabalduz, eta besteak beste, Trump eta Le Penen babesa jaso dute.


Herbehereetako nekazariak gero eta babes handiagoa jasotzen ari dira Gobernuak ingurumenerako duen plan baten aurka duela hainbat astetik egiten ari diren protestetan, baita kanpotik ere, hala nola Donald Trump AEBko presidente ohiaren eta haien kausarekin bat egiten duten ultraeskuindarren aldetik. Klima aldaketa globalaren negazionistek eta larrialdiaren gainetik etekin ekonomikoa jartzen dutenek aukera paregabea ikusi dute Herbehereetako krisi honetan.

«Ematen diguten laguntza guztia onartzen dugu», esan zuen Jaap Kok Herbehereetako erdialdeko 62 urteko abeltzainak, babes hori defendatzeko.

Landa ingurukoen haserrea ez da makala; Gobernuaren plan horren aurka zenbait astez jardun eta errepide zein autobideak moztu zituzten.

Plan horrek sektoreko nitrogeno isurketak neurri handian murriztu nahi ditu. Eta, besteak beste, abeltzaintza jarduera murriztea ere aurreikusten du, eta hainbat ustiategi itxi beharra ekar lezake horrek.

Nekazariek uste dute Haga nekazaritza sakrifikatzen ari dela «klimaren mesedetan», eta sentimendu horrek milaka lagun bultzatu zituen traktoreak hartu eta kale eta errepideetan manifestatzera.

Batzuek errepideak ere blokeatu zituzten, simaurra eta zaborra botaz, lastozko balak erre zituzten eta politikarien etxeraino eraman zituzten protestak.

Irudiek mugak zeharkatu dituzte eta mundu osoko politikari populisten babesa jaso dute, Donald Trump eta Marine Le Pen Frantziako RN alderdiko burua barne. Herbehereetan, Geert Wilders eskuin muturreko diputatuak eta Thierry Baudet populistak ere gaia jorratu dute beren diskurtsoetan.

Nekazariak «Herbehereetako Gobernuaren tirania klimatikoari ausardiaz aurre egiten ari dira. Izugarria da gertatzen ari dena», adierazi zuen Donald Trumpek Floridan uztailean egindako hitzaldi batean. Marine Le Penek ere duela gutxi Twitterren «babesa» eman die.

«Beren ekoizpenari eutsi nahi dioten nekazari holandarren jarrera babestuko dut», adierazi zuen prentsa ohar batean Poloniako Nekazaritza ministro Henryk Kowalczykek. FDFko Jos Ubels Kowalczykekin bildu zen Varsovian.

«Nahiago nukeen laguntza ezkerretik etortzea, baina eskuinetik etortzea ere ona da», esan zuen Kokek, haragitarako txahalak hazten dituen batek. Bere etxaldea, ekoizpen intentsiboko eskualdeetako batean dago eta Gobernuaren ikuspegitik ixtera behartuta egon daiteke.

«Nekazariak dira beti ordaintzen dutenak», gehitu du abeltzainak. Duela hogei urte, bere borondatez, bere finka lekuz aldatu zuen leku faltagatik garatu ezin zuen eremu batetik.

Desjabetzeak

Hagak 25.000 milioi euro liberatu nahi ditu 2035erako, nekazaritza sektoreari bere nitrogeno isuriak nabarmen murrizten laguntzeko. Gas hori bereziki ongarriek eta ganaduaren simaurrak isurtzen dute, eta ingurumena eta ingurune naturalak kaltetzen ditu.

Herbehereak berotegi efektuko gasen igorle handienetako bat dira Europan, bereziki nitrogenoa isurtzeari dagokionez. Lautadetan bazkatzen duten artalde ugariek eragindako egoera da, neurri batean. Gobernuaren planak nitrogeno isurketak %70eraino murriztea eskatzen du 131 funtsezko eremutan, gehienak erreserba naturaletatik eta babestutako lurretatik gertu, 2030erako ingurumen helburuak betetzeko.

Gobernuak 2030erako nitrogeno isurketak %50 murriztu nahi ditu, eta desjabetzeak ezin direla baztertu ohartarazi du, nahiz eta eragin handiko neurria izan.

«Oso haserre»

«Nekazariak oso haserre daude. Haiekin jolasten ari dira», adierazi zuen Jos Ubels Nekazarien Defentsarako Indarren taldeko presidenteordeak (FDF-Farmers Defense Force).

«Gutxiengoa garenez, entzun diezaguten ozen oihu egin behar dugu. Beraz, hori egiten dugu», azaldu zuen nekazariak protestak azaltzeko, baina gaineratu zuen bere taldea ez dela errepideetako ekintzen erantzulea.

Gobernuak uste du ez duela beste aukerarik. Etxebizitzaren krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren eraikuntza proiektu handiak –nitrogenoa isurtzen dutenak horiek ere–, bertan behera utzi zituen 2019an Estatu Kontseiluak, Herbehereek berotegi efektuko gas gehiegi isurtzen dituztelakoan.

«Klimaren tirania»

Herbehereetako biztanleriaren zati handi bat nekazaritza sektorearekin bat dator. Herrialdea harro dago elikagaien munduko bigarren esportatzailerik handiena delako, AEBen atzetik.

Euskal Herriko azaleraren bikoitza baino izan ez arren eta nekazaritzarako ohiko baliabideak izan gabe, lurraren erdia nekazaritzan erabiltzen du. Puntako teknologiari esker ekoizpen eta etekin ezin hobeak lortu ditu.

Baina esportazioen zenbakietan kontuan hartu behar da herrialdeak munduko bitartekari gisa jokatzen duen papera. Izan ere, bere portuetan jasotzen dituen produktu asko birsaldu egiten ditu eta esportazioen herena inguru, berez, beste herrialdeetan ekoizten dira. Nekazarien aldeko ikur bihurtu diren Herbehereetako bandera alderantziz jarriak errepideetan zehar hedatu dira. Landa eremuan, bai, baina hiri handietako langile klaseko guneetan ere bai.

Amsterdamen neurrien kontrako manifestazio batek aktibista ugari bildu ondoren, jasotako babesak «asko adierazten duela» esan zuen Wim Brouwer abeltzain eta Herbehereetako nekazaritza sindikatu nagusiko presidente lokalak (LTO).

Bere esanetan, mobilizazioak erakutsi du Gobernuaren proiektu «zentzugabeak» ez duela oinarririk.

Onartzen du nekazaritzak gehiago egin behar duela berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko, baina uste du dagoeneko sakrifizio handiak egin dituela industriaren eta mugikortasunaren sektoreekin alderatuta. «Urteak daramatzagu nekazaritzan berritzen mota guztietako eremuetan, baina inoiz ez da nahikoa», hasperen egiten du.

Duela bi aste Gobernuarekin lehenengo negoziazioak izan ondoren, Sjaak van der Tak LTOren presidenteak egoera «oso gutxi» aldatu dela adierazi zuen. «Prestatu FDFk inoiz egin dituen ekintza gogorrenak ikusteko» ohartarazi zuen, bere aldetik Nekazarien Defentsarako Indarrak.

 

LEHORTEA URAREN HERRIAN

Nekazarien egonezina larritu egin da beroketa globalari lotutako beste egoera batekin batera. Lehortea, hain zuzen, uraren herrian. Herbehereek ofizialki «ur eskasia» deklaratu zuten abuztuaren hasieran, duela hainbat astetik hona pairatzen duten lehorteagatik, Europa osoan bezala.

Agintariek mugak ezarri zizkieten nekazaritzari eta itsas garraioari, neurri berriak aztertzen ari dira-eta lehorte garai honetan uraren erabilera zaintzeko.

Herrialdea presa, dike eta kanal sistema ospetsu batek babesten du uretatik, baina azaleraren heren bat itsas mailaren azpian duela, klima aldaketarekiko bereziki kaltebera izaten jarraitzen du.

«Herbehereak ur lurra dira, baina hemen ere gure ura oso baliotsua da», esan zuen Mark Harbers Uraren Azpiegitura eta Kudeaketako ministroak. Gobernuak ohartarazi zuenez, lehorteak denboraldi batez jarraitzea espero da, eta edateko ur kopuru nahikoa dagoela eta oraindik erabilgarri dagoela ziurtatu zuen.

Lurralde batzuetan dagoeneko nekazariei debekatu egin diete beren laboreak azaleko urarekin ureztatzea. Eta nabigaziorako kanalen esklusa batzuk itxi egin dituzte.

Orain lehentasuna dikeen segurtasun sistemari emango diote, gero ur edangarriaren eta energiaren horniketari.

«Lehortea gero eta ikusgarriago bilakatzen ari da naturan. Horregatik holandar guztiei eskatzen diet ondo pentsa dezatela autoa garbitu edo igerilekua guztiz bete baino lehen», esan zuen ministroak.

Azken ur-mozketa ofizialak 2018an eta 2011n deklaratu ziren Herbehereetan. Joan den uztailean, herrialdeak bere hirugarren tenperaturarik altuena neurtu zuen erregistroak hasi zirenetik, 39,4 °C-rekin. Hilabete bat lehenago 30 urtean izandako lehen tornado hilkorra jasan zuen.