Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Etxean edo bulegoan

Covid-ak utzi zigun gauza positiboetako bat lana egiteko eredu eta politika berrien definizioa eta «oreka» berrien normalizazioa izan zen. Enpresa global gehienek neurri berriak hartu zituzten. Adibidez, nire lan kontratua aldatu zuten, urtean sei aste nik aukeratutako lekuan lana egin dezakedala dio orain klausula berri batek eta horrek lehen pentsaezinak ziren egoerak ahalbidetu ditu: beste herrialde batean bizi den familiarekin denbora gehiago pasatu ahal izatea, nire kasuan izugarrizko diferentzia egin duena; beste batzuei esperientzia berriak bizitzeko aukerak bideratu dizkie; haurrak dituzten familientzat, sei aste horiek eskolako oporrekin sinkronizatu ahal izatea eta zaintza modu berriak ireki ditu.

Bidaiatzeko orduan ere iraunkortasun neurriak hartu dira eta “beharra”-ren definizioa kalibratu da: bilera, konferentzia edo beste edozein konpromisotara joateko beste garraiobide batzuk bideragarri badira, hegazkin aukerarik ez digu ematen (Londrestik Parisa joateko trena hartzera “behartzen” gaituzte, adibidez). Edo, egiten dugun hegazkin bidaia bakoitzeko, horren eragina norberaren “karbono-aztarna” kontagailuan sartzen da; datu hori norberaren “profilari” gehitu zaio, eta ikusgaitasuna emanez, kontzientzia handitzen da inplizituki. Behar baino azkarrago handituz doan kontagailuak erantzukizuna hartzea inposatzen du-eta. Batzuetan bidaiak beharrezkoak dira noski, baina konpentsatzeko aukerak ematen zaizkigu, ingurumen ekimenetan parte hartuz, lanera bizikletan etorriz, adibidez.

Baina nola lortuko dugu oreka perfektua? Denon ezberdintasunaren erdian, erregela eta irizpide zurrunago batzuk jartzea ezinbestekoa dela ere onartu beharra dago. Nire inguruko ikus-entzunezko enpresa gehienek, bi egunetan gutxienez bulegora joatera behartu dute. Etxetik ezin direlako harremanak modu berean uztartu, korridoreko elkarrizketa inprobisatuen balioa ezin delako ordezkatu Zoom bidezko deiekin, kolaborazioa eta sormena pantailaren atzetik mugatu egiten direlako.

Badaude muturreko salbuespen batzuk, Spotify streaming musika etxeak adibidez “work from anywhere” (edozein lekutatik lana egin) politika ezarri zuen. Hemezortzi hilabete dira martxan jarri zutenetik, eta duela gutxi egindako adierazpenetan zioten hainbat abantaila izan dituela; batez ere inoiz baino lan-uzte gutxiago omen daude eta aniztasunaren inguruko indizeak hobetu dira.

Nik ez dut, testuinguru honetan behintzat, aldaketa erradikaletan sinesten. Hasteko, pandemiaren aurretik egiten genuen hura guztiz oker ez zegoelako eta egonda ere, denbora gutxian ezin dugulako dena hankaz gora jarri eta modu eraginkor batean egokitu. Baina aldaketa positibo bat eman eta aukera orekatuak ezartzeko abagune ezin hobea dagoela iruditzen zait. Egiten ari garen urrats hauetatik ikasiko dugu eta dagoeneko frogatu ditugu oinarrizkoak diren honako abantailak: lanaren eta bizitzaren arteko alegiazko marra beltz hori gris koloreko bihurtu da, norberaren espazioaren definizioa pertsonalizatu egin da eta niretzat garrantzitsuena dena, aukera berriak ireki dira. •