Intimitate publikoak
Bai, nik ere egin dut. Alegia, Whatsappeko kontaktuen zerrendan sartu eta argazkiak kuxkuxeatu. Nork eguneratu du? Nork segitzen du lozorroan irudi igualarekin? Bakoitzak bere bizitzaz erakusten duen apur horretan miatu. Ez erratu, apurra izanagatik ez baita hutsala.
Nolakoak dira aukeratzen ditugun irudiak? Zer da kontatu nahi duguna, zer ez kontatzeko?
Zuk ere besteon intimitate publikoan arakatzen duzula asumitzen dut. (Zaila da hau ukatzea, jakinda munduan aplikazio deskargatuenak direla Tik Tok eta Instagram). Beraz, badakizu zertaz ari naizen. Eta ziur asko, nik ikusten dudan zerrenda ez da zuk ikusten duzunarengandik hain ezberdina.
Kontaktuen artean denetarik dago, baina patroi batzuk errepikatzen dira. Batzuek paisaiak jartzen dituzte, sustantzia gehiegi gabeko hautu batean. Beste batzuek, nostalgikoenak, umetan nolakoak ziren erakusten dute. Eta badago oraindik argazkia beharrean aplikazioak berak por defecto dakarren irudi tristea mantentzen duenik. A zer bajoia.
Badira ere, eta ez gutxi, seme-alaben irudiak jartzen tematzen direnak. Nerabe zaretenean zuen irudiak partekatzean kontrolatzeko eskatuko zaizue, baina lasai, bitartean amak edo aitak zabalduko dituzte-eta zuen aurpegitxoak. Ea bada, zeinena da profila, gurasoarena edo haurrarena? Duzun gauzarik baliotsuena direlako jartzen dituzu, baina ez al da hain justu horregatik babestu behar direla?
Eta bueno, zer esan biloben argazkiak jartzen dituzten aitona-amona horietaz? Arrrg!
Baina joerak joera, ikusten dut gehiengoak nork bere burua erakustearen hautua egiten dugula, banitatea ere elikatu behar delako. Hau ere ez didazue ukatuko. Ukatu ezin den bezala bikotearekin agertzen direnek…
puntu eta aparte bat merezi dutela. •