GAUR8 - mila leiho zabalik
PANTAILA TXIKIAN

Dokumental zatikatuak: sormenaren aldeko erabakia ala amarru hutsala?

Telesailen tsunamiak irentsi gintuenetik, ikus-entzunezkoen guru ugari fenomeno honen arrakastaren zergatia aztertzen ari dira buru-belarri. Zergatik dute arrakasta, non dago gakoa, nola estrapolatu bertan sortzen diren estrategiak beste ikus-entzunezkoetara eta abar. Orain urte gutxira arte, dokumental gehienak atal bakarrekoak izaten ziren –filmak bezalaxe, hasi eta amaitzen den pieza bakarra, alegia–. Telesailak atalka zatikatzen direnez, eta haien arrakastaren arrazoietako bat hori izan litekeelakoan, azken urteotako dokumental ugari era horretan estreinatzen hasiak dira, ataletan zatikatuak. Jaurti nahi dudan galdera honakoa: ikus-entzunezkoaren mesedetan egiten den zerbait da, dokumentalak hala eskatzen duelako eta hasiera-hasieratik sormen prozesuan pentsatzen den zerbait delako, ala audientzia harrapatzeko eta fidelizatzeko amarrua besterik ez da, azken unean erabakitzen dena?

Dokumental aukera zabala topa daiteke plataformetan. GAUR8 (GAUR8)

Formatuari zuku gehiegi atera nahian

Azken hilabeteotako dokumental guzti-guztiak aztertu beharko banitu, eta batez besteko bat egin, jaurti dudan galdera horri erantzun irmoa emango nioke: plataforma digitaletan estreinatzen dituzten dokumental lan asko txiklea bezala luzatzeko helburuz zatikatzen dituzte, eta hori nabarmena da oso. True crime generoa modan dagoenetik, Netflixera iritsi diren lan ugarirekin antzeman daitekeen zerbait da adibidez, atal asko soberan baitaude; egiturak ez daude landuak eta muntaia lanak presentzia gehiegi izaten dute, efektismo errazean eroriz. Sarritan, aukeratzen dituzten gaiek edo kasuek ez dute hainbesterako ematen eta luzeegiak izaten dira. Dokumentala amaitu eta «hau 90 minututan azaldu zitekeen zerbait da» esaldia buruan bueltaka gehiegitan izan dut azken boladan. “Tiger King” dokumental arrakastatsua adibide argigarria iruditzen zait. Lan honen lehen denboraldiak arrakasta itzela izan zuen, eta etekin gehiago ateratzeko helburuz, bigarren zatia, eta spin-offa estreinatzea erabaki zuten. 2020ko lehen zatia interesgarria, bitxia eta nahiko harrigarria bazen ere, gerora iritsi diren beste atalak zentzurik gabe luzatu zituzten. Desfilea amaitu ostean konfetiak bota nahi izan balituzte bezala.

Gomendio interesgarriak

Baina gomendioak partekatzeko orduan beti alderdi positiboarekin geratzea gustatzen zaidanez, gaurkoan, azken boladan ikusi ditudan telesail dokumental batzuk gomendatuko dizkizuet. Formatu honi zukua atera dioten izenburuak dira honakoak, eta formula hori errespetatuz logika eta koherentzia baten eremuan mugitu direnak.

How To with John Wilson

HBOMax

Surrealista, dibertigarria, berezia, tristea, bitxia eta batez ere sailkaezina. Bizitza modernoari buruzko umorezko tutorial gisa planteatuta, kamera hartu eta New York hirian milaka eta milaka ordu grabatu ditu John Wilson dokumentalista ia ezezagunak. Lehen pertsonan kontatuta, giza izaera oinarrizkoenetik xehatu nahi du telesailak, eta horrekin guztiarekin pertsona eta egoera bitxien bilduma zoragarri bat sortzea lortu du, espontaneoki sortzen den narratiba bat erabiliz. Koherentzia inkoherentziaren barruan. Dokumentalak samurtasunaren eta deserosotasunaren artean mugitzen den umore mota bat du ezaugarri, eta atal guztiak, absurdotik jaiotzen dira eta autokritika basati batetik. Soziologiaren, New Yorken edo umorerik apurtzaileenaren zalea bazara, gomendio saihetsezina. 2020ari pasatu zaion gauzarik onenetarikoa ezbairik gabe.

Pretend It's a City

NETFLIX

Martin Scorsese –eta bere barre algarak– eta Fran Lebowitz. Zer gehiago behar duzu? Zazpi atalez osaturiko dokumental berezi honetan, Fran Lebowitz idazle, umoregile eta anekdota kontalari ironikoak Martin Scorseserekin partekatzen ditu New York hiriari buruzko bere istorio liluragarriak. Lebowitz elkarrizketa baterako pertsonarik aproposena da: ahoan bilorik gabe mintzatzen da, bere iritzia ematen baitu, filtrorik gabe. Harro dago ordenagailurik, telefono mugikorrik eta Internetik ez duelako. New York aitzakia da bere bizitzako hainbat pasadizo kontatzeko, kulturari, inbertsioei, osasunari, garraio publikoari, janariari, tabakoari edo liburuei buruz duen iritzia partekatzeko. Baina adi, honakoa ez baita dena jarraian irensteko produktu bat, astiro murtxikatu eta gozatzeko zerbait baizik. Scorsesek eta Lebowitzek beren aldetik dena jartzen dute gure gizarteko eztabaidarik aberats eta bizienetako batzuei buruz gure pentsaera propioa garatzeko; beraz, aprobetxatu.

Wild Wild Country

NETFLIX

Telesailaren lehen minutuek 1980ko hamarkadara garamatzate, Oregonen (AEB) dagoen Antelope herrixka aurkezteko. 40 biztanle inguru dituen parajea da eta pertsona ugarik, bizitza osoa lanean aritu ondoren, zahartzaroko azken urteak lasai igarotzeko aukeratzen duen helmuga. Baina zurrumurru arraro bat zabaltzen den unean lasaitasun hori eten egingo da. Rolls-Royce batean oso garrantzitsua eta diruduna den gizon indiar bat azalduko dela diote, alboko 30.000 hektarea erosi eta bertan ehunka eraikin eta etxebizitza eraikitzen hasiko dena. Hori entzun eta segundo gutxira, herrixka goitik behera gorriz jantzita doazen ehunka pertsonaz betetzen hasiko da eta, atzetik, aipaturiko Rolls-Royce zuria. Antelopen gertatzear den etorrera horrek zurrunbiloa eragingo du, sinestea kostatuko zaizun ehunka gertaeraz betea. Chapman eta Maclain Way-k zuzenduriko eta sei atalez osaturiko lan liluragarri honek AEBetako historiaren pasarte bitxi bat azaltzen du, mundu osoa ustekabean harrapatu zuen gertaera harrigarria: Bhagwan Shree Rajneesh lider espiritualak eta bere sektaren jarraitzaileek Oregongo lurretan beren hiria eraiki zutenekoa, baita gerora eragingo zituen ondorio ikaragarri, basati eta ilunak ere. Hainbat hilketa leporatu zizkieten, espioitza kasuak, baita hauteskundeak irabazteko intentzioz bioterrorismo atentatu bat ere, besteak beste.

Las tres muertes de Marisela Escobedo

NETFLIX

Mexikoko Chihuahua estatuko gizartean nagusi izan daitekeen zigorgabetasun mailari buruzko dokumental tristea, beharrezkoa bezain sinestezina. Lanari izena ematen dion Marisela Escobedoren istorioa azaltzen duen ekoizpena. Bere alabaren feminizidioa Mexikoko sistema judizialaren akatsengatik zigorrik gabe geratu ondoren, inolako beldurrik gabeko ama borrokalari eta kementsuak gurutzada nekaezina hasiko du, justizia egiten saiatzeko, hiltzailea espetxeratzeko eta Mexikoko justizia sistema salatzeko.

Carlos Perez Osoriok narratiba lineal, zuzen eta erretorikarik gabekoa erabiltzen du gertatutako horretatik guztitik ahalik eta gutxien aldentzeko: familia bereko bi emakumeren heriotza bidegabearen kontakizun gordina. Ikusle gisa, tragedia horren lekuko bilakatzen gaitu hasieratik, urratsez urrats, egitateekin eta lekukotasunekin, eta beharrezkoak ez diren doako indarkeria irudirik erabili gabe. Apurka-apurka agerian utziko ditu sistema judizial horren eraginkortasunik eza, burokraziak berak eta bere sustrairik sakonenak ere kutsatu dituen ustelkeriak oztopatua.

O.J.: Made in America

DISNEY+

Bost ataletan, O.J. Simpsonen gorakada ikusteko aukera izango duzu, izar bihurtu zen arte; eta batez ere, izan zuen erorialdi ikaragarriari buruzko errepaso sakona ikustekoa. Nola ikasi zuen gazte afro-amerikarrak bere mitoa eraikitzen futbol unibertsitarioan eta profesionalean; irudi hori mugaraino promozionatzen ikasi ere, AEBetako “beltz zuriena” bilakatu zen arte. Eta nola, bere emazte ohiaren hilketaren gauetik aurrera, amets hori betiko suntsitu z(u)en. Hain erreala eta gordina, ezen Hollywooden gidoilari onenaren burutik irtendako istorio baten aurrean zaudetela sentituko duzun. Dokumentala ez baita epaiketan eta adibide zehatz horretan soilik zentratzen, garai hartako testuinguruan kokatzen gaitu, Ipar Amerikak bizi izan zituen une latzak mahai gainean jartzen ditu, adibide zehatz honekin talkan: aipaturiko arrazismoa, basakeria poliziala, aberastasuna eta pribilegioak, etxeko indarkeria, komunikabideen eboluzioa, erlijioa... Azken batean, “O.J.: Made in America” bilakatu da gizarte estatubatuarra azken 50 urteetan kezkatu duen ia guztiaren 8 orduko azterketa ikaragarria. Teknikoki aparta, ezin hobea, “gutxirekin asko” filosofia ardatz duena. Handikeriarik gabe eta berregite konplikaturik txertatu gabe, narrazio nagusia batik bat artxibo irudiek eramaten dute aurrera, baita elkarrizketatuen testigantzek ere. Irudien bilketa, sailkapena eta egindako muntaia lana aho zabalik geratzeko modukoa da.

The Last Dance

NETFLIX

90eko hamarkadako bigarren zatiko Chicago Bulls historiako kirol talderik onenetakoa izan zela diote askok, eta noski Michael Jordan historiako jokalaririk onena. Hamar ataleko telesail dokumental honetan, talde horren erregealdiaren gaineko erradiografia txundigarria ikusteko aukera izango duzu. Baita ere garai hartako testuingurua heldulekutzat hartuz, aldagela barruan izan ziren tirabirak, apurka-apurka loratzen joan ziren liskarrak eta, jakina, botere borrokak. Erabat txundituta amaitu dut maisulana iruditu zaidan lan hau ikusten eta konfinamenduko astez asteko nire “droga” bilakatu da. Ikerketa eta dokumentazio lan ikaragarria eta 90eko hamarkadako NBA Ligako jarraitzaile ginenontzat opari nostalgiko eta zirraragarria!

The Jinx

HBO

Hasierako tituluetatik hasita, musika bitarte, azken ataleko azken segundorainoko erakustaldi hipnotiko eta makabroa. Tentsioa eta erritmoa, jolas parke batean egongo bagina bezala, gora eta behera sentitzen dituzun bitartean, Hollywoodeko edozein gidoik nahiko lituzkeen biraketa harrigarriak.

2010. urtean Andrew Jarecki zuzendariak “All Good Things” filma estreinatu zuenean, gutxik espero zuten Robert Durst-en bizitzan oinarrituriko pelikula horrek izango zuen eragina, hizketagai dugun dokumental hau filmatzeko garaian. Momentu horretan jarri baitzen kontaktuan benetako protagonista zuzendariarekin, orain arte inoiz egin ez zuen elkarrizketa edukitzeko prest zegoela esanez. Eta nor zen zehazki tipo hau? New Yorkeko familia ospetsu eta dirudun batetik datorren pertsonaia bitxi eta misteriotsua dugu Robert Durst. Gizon bat hil eta zatikatzeaz gain, bere emaztea eta lagun bat desagertzearen erantzule zuzena izatea leporatu zioten.

HBO telebista kateak ekoitzitako eta sei zatitan banaturiko lan metodiko honetan, bere bizitzaren errepaso zehatzean murgiltzeko aukera izango dugu. Polizia, epaile, abokatu, testigu eta familiakoen froga eta elkarrizketak tartekatzen diren bitartean, polemikoak diren momentu jakin horien berregiteak ikusteko aukera izango dugu. Ezinbestekoa.