AUG. 27 2022 Planik bai? Miren Azkarate Badiola Guraso egiten garenean amets asko egiten ditugu, horien artean noiz izango den eguna edo momentua gure txikia(k) gabe egoteko aukera izango duguna. Baietz? Izugarri maite ditugu, baina haiek gabe ere pixka bat zeinen ondo… Norbere buruarekin egoteko momentuak asko murrizten dira eta zeresanik ez zuk nahi dituzun planak egitekoak nahi duzunarekin. Egia da antolakuntza on batekin eta sare zabal batekin (lagunak, gainerako senitartekoak…) nahi duenak lortzen duela gehienetan norberarentzat denbora ateratzea, baina zein polita izan den nire bikotekideak planteatu izana: «Miren, zer iruditzen haurrak hartu eta nire ahizparekin herrira banoa lau egunetarako?». Uoooooo! Itzela! Eta hementxe sortu zait lehen galdera: eta orain zer?! Hasi naiz planak pentsatzen. Aspaldi ikusi gabeko lagun bati idatzi diot mezu bat eskatuz lanera bila etortzeko eta zerbait hartzera edo bazkaltzera elkarrekin joateko. Bere erantzuna berehala jaso dut, opor astea duela hau eta Galizian dagoela. Ados. Tira, bada, mendira joango naiz iluntzean, goizez bainago lanean; eguraldia begiratu dut mugikorrean eta ekaitza eta euria goian-behean. Tira, beste zerbait. Kuadrillakoei mezua bidali diet afaltzera joateko, hortxe hasi dira erantzunak bata bestearen jarraian: ni kanpoan nago, ni ere bai, nik ezin dut beste konpromiso bat dudalako, nik haurrak zaindu behar ditut… Primeran! Lainotzen doakit gogoa niri ere... Eta nire ametsetako lau egun horietako planak edo hobeto esanda, ez-planak borobiltzeko, komunera joan naiz eta hilerokoa jaitsi zaidala ohartu naiz. Zer gehiago eskatu diezaioket bizitzari? Pentsa, burutik pasatu zaidala asteburuan familia dagoen herrira joatea! Baina ez, ez, ez, bakarrik egotea hain da polita norberak hautatzen duenean... esfortzua egingo dut etxean eta bakarrik geratzeko: irakurtzen, pelikulak ikusten, isiltasuna entzuten… Eta ea nola bukatzen dudan! •