Saioa Aginako
Psikoterapeuta

Prokrastina... zer?!

Gaur hasi beharko genukeen hori biharko atzeratzea, oraindik erdizka dugun zeregin hori pixka bat gehiago geroratzea, erantzun beharko genukeen mezu elektroniko hori egiteke uztea. Gizakiak aspergarriak iruditzen zaizkion, gustatzen ez zaizkion, estresa sortzen dioten edo egiteko gai ez dela uste duen zereginak egiteko prozesua atzeratzeko joera du. Jokabide horri prokrastinazioa esaten zaio, eta denok izaten dugun jokabide orokorra da. Baina, egia esan, autosabotaje ekintza bat da; izan ere, saihetsezina den ekintza bat atzeratzeaz gain, geure buruarekin gaizki sentitzea eragiten du, eta gehiago gustatzen zaizkigun beste gauza batzuez erabat gozatzea eragozten du. Horregatik, pentsatzeko eta jarduteko modua aldatzea komeni da.

Prokrastinazioak izena jartzen die artatu beharreko jarduera bat atzeratzen den egoera horiei. Ohikoena da jarduera edo egoera horren ordez atseginagoa eta, oro har, hutsalagoa den beste bat bilatzea. Horrela, garrantzitsua den zerbaiti ez zaio jaramonik egiten, ezta ezer amaitzen ere, eta gerorako uzten da. “Geroago” hori ez da inoiz iristen. Prokrastinatzeak gauza asko hasi eta ez amaitzea ekartzen du.

Hala ere, egia da uneren batean denok atzeratu dezakegula entrega data zehatza duen edozein zeregin. Hori jakinda ere, beti izaten da une bat norberak bere erantzukizunaren kontzientzia hartzen duena eta lan hori eraginkortasunez egiten duena, arazo handirik gabe. Behingo gertaera horrek beste kutsu bat hartzen du atzeratzea ohitura bihurtzen denean; prokrastinazioaren atzean denboraren kudeaketa txarretik harago doazen faktoreak egon baitaitezke. Askotan, egin, bete edo entregatu behar dugun horrek larritasuna sortzen digu. Batzuetan, zerbait egitea saihesten dugu, desatsegina edo deserosoa egiten zaigulako. Hala ere, errealitate hori dimentsio sakonagoekin lotzen da ia beti, besteak beste, antsietate eta estresarekin, gure emozioak kudeatzeko zailtasunarekin, segurtasunik ez eta autoestimu baxuarekin.

Oso perfekzionista bihurtzen garenean, dena xehetasun handiarekin egiteko beharrak denbora gehiegi kontsumitzen digu; horrek azkenean presaka ibiltzera eramaten gaitu eta ondorioz akats gehiago egiteko aukerak handitzen dira. Hori dela eta, epaituak izateko beldurra eta lotsa areagotzen dira. Beste batzuetan, beldurra izaten da zereginak atzeratzeko arrazoia, desatsegina egiten zaigun lan bati aurre egin behar diogulako.

Zeregin ugari egiteko pilatzen zaizkigunean ez dakigu nondik hasi eta egoera horren aurrean abailduak sentitu gaitezke. Horrek blokeo mentala eragin diezaguke, antsietate eta estresarekin batera. Era berean, badaude presiopean daudenean bakarrik lan egiten dutela uste duten pertsonak. Beraz, beren zereginak berandutu arte atzeratu egiten dituzte, eta muga-mugan aurkitzen dira daukatena edo egin nahi dutena garaiz egiteko.

Zergatik gertatzen den jakitea lehen urratsa da balio eta potentziala kentzen digun mekanismo hori desaktibatzeko. Beraz, funtsezkoa da ulertzea zer dagoen jokabide horren atzean, gure bizitzako garai askotan baldintzatzen gaituen egoera fisiko, mental eta emozional horren atzean. •

Saioaaginako@gmail.com