SEP. 03 2022 UMEAK, ETXEKO LANGILE Milioika haurrek lan egin behar dute, pobreziak bultzatuta eta hura betikotuz Munduan milioika haur behartuta daude beren etxean bertan edo beste etxe batean lan egitera, neskak nagusiki. Latinoamerikan zifrarik ez duen errealitate «ikusezin» horretara hurbiltzen da erreportajea, haurtzaro eta aukera galduez hitz egiten duten emakumeen testigantzak bilduz. Neskato bat lanean. (Pedro Pardo | AFP) Diana Marcela Tinjac Haurtzaroaz gozatzea edo ikasketak amaitzea gauzatu ezineko ametsak dira oraindik Latinoamerikako milioika neskatorentzat. Horietako askok, hirietakoek zein landa eremuetakoek, behar baino lehen hartu behar dute helduaren rola etxean bertan, edo beste etxe batera joan behar dute neskame; errealitate hori «agerikoa bezain ikusezina» da hainbat herrialdetan. «Neska izanda etxeko langilea izatea oso gogorra da. Erratza eskuan hartu eta negar egiten nuen, trasteak garbitzen hasi eta negar egiten nuen. Une oro negar egiten nuen, nire herriaren, familiaren eta arreben faltan sumatzen nuelako», dio Reinalda Chaverrak. Tutunendoko neskato bat da; Choco departamenduan dago herria, Kolonbiako pobretuena eta gatazka armatuak kaltetuenetako bat. Hamabi urte zituela amak beste hiri batera bidali zuela gogoratzen du, senide baten seme-alabak zaintzera. Reinaldaren kasua Latinoamerikan izaten diren askotako bat baino ez da. NBE Emakumeak erakundearen arabera, etxeko lana da emakumeek etxeei, ekonomiari eta gizartearen garapenari eta biziraupenari egiten dioten ekarpenaren dimentsio ezezagunetako bat, gutxien aitortutako bat. Lanaren Nazioarteko Erakundearen (OIT) 2020ko kalkuluen arabera, 160 milioi adingabe inguruk –horien artean 5 eta 17 urte arteko 63 milioi haur– egiten dute lan, eta horietatik 7,1 milioi etxeko lanez arduratzen dira. Latinoamerikan, 5 eta 17 urte bitarteko 8,2 milioi adingabek egiten dute lan, eta, neskek eta nerabeek etxeko lanak eta zaintza lanak proportzio handiagoan egiten dituztela jakin arren, ez dago errealitate hori islatzen duen zifrarik. «Gaia agerikoa bezain ikusezina da eskualdean: badakigu existitzen dela, baina ez dugu errealitatea ezagutzen, ez dakigu zer gertatzen den, nola funtzionatzen duen herrialdeetan», adierazi du MarIa Kathia Romero Cano Latinoamerika eta Haurren Lanerako Karibe Libreko Eskualde Ekimeneko Idazkaritza Teknikoko adituak, eskualdeko nazioek estatistikarik ez dutela edo estatistika horiek ez daudela eguneratuta azaltzean. Ikasteko aukera lapurtuta Bederatzi urte zituenetik, etxetik urrun dagoen etxe batera eraman aurretik, Reinalda bere lau neba-arrebak zaintzeaz eta etxeko lanez arduratzen zen bere jaioterrian, Tutunendoko baserrian, Kolonbiako mendebaldean, oihanez eta ibai ugariz inguratutako eremuan. «Etapa horretaz gehien gogoratzen dudana da bizitzak ezetz esan zidala, kendu egin zidala, ikasteko aukera lapurtu zidala. Hori zen nire helburua, nik hor egon nahi nuen, beste ume batzuk bezala ikasten, bere uniforme politekin, baina amak esaten zidan nik ikasten banuen nork zaindu behar zituen nire ahizpak», gogoratzen du. Esperientzia bera izan zuen Marciana Santanderrek. Zazpi urte zituenetik bere neba-arrebak zaintzen zituen paraguaitarrak, ama lanean ari zen bitartean, eta, pixkanaka, lan gehiago eta gehiago egiten hasi zen La Colmenan, Asunción hego-ekialdean, dagoen familiako partzelan. «Hamaika urte nituela, gure ‘chacra’-n (landetxean) eta besteren batean lan egiten nuen diru pixka bat irabazteko, hamabi ahizpa baikinen. Ia ezin nuen ikasi, eta ezin izan nuen lehen hezkuntza amaitu», dio Santanderrek, Paraguaiko Etxeko Langileen Sindikatuko idazkari nagusiak. Ikertzaileek eta NBE Emakumeak bezalako erakundeek ondorioztatu dute etxeko lanen gainkarga eta senideak edo beste pertsona batzuk zaintzeko lanen banaketa lehenengo haurtzaroan hasten direla eta neskatoak nerabezarora iristen direnean handitu egiten direla. NBEren zifrek baieztatzen dutenez, adibidez, 5 eta 9 urte bitarteko neskek beren denboraren %30 gehiago gastatzen dute etxean adin bereko mutilek baino; ehuneko hori %50ekoa da 10 eta 14 urte bitartean dituztenean. Herrialdearen arabera, neskei esleitutako zeregin ohikoenen artean daude janaria prestatzea edo etxea garbitzea, baina baita ur edo egur bila joatea, arropa garbitzea eta beste haur batzuk zaintzea ere. «Emakumeei eta neskatoei jaiotzetik esleitzen zaizkien genero patroi horiek errepikatzen dituen kultura batean bizi gara: rol berezia familian eta gizartean, zainketen rola da (...) Neskatoak etxean geratzea espero da, neba-arreba txikiak zaintzen, etxea zaintzen, etxeko lanak egiten, batez ere amak lanera irten behar badu», azaldu du Denise Stuckenbruck Unicefen Latinoamerika eta Kariberako genero aholkulari erregionalak. Horrek, Stuckenbruckek ohartarazi duenez, eragin oso sakona du, neskei aisialdirako, jolaserako eta hezkuntzarako sarbidea murrizten baitie. Bete ez diren promesak Marcelina Bautista Mexikoko Lanbide Prestakuntzarako eta Etxeko Langileen Lidergorako Zentro Nazionalaren (Caceh) fundatzailearen ustez, eragin konplexuenetako bat pobrezia zikloa betikotzea da. «Neskato horiek ez dute ikasten jarraitzeko aukerarik. Agian lehen hezkuntza amaituko dute. Horrek esan nahi du eskolatze maila horrekin oso zaila izango dela beste lan mota bat lortzea», dio Bautistak. Bautistak 14 urterekin familia utzi eta ikasketak bertan behera utzi behar izan zituen, Mexiko Hirira etxeko langile gisa joateko. Fenomeno hori oso ohikoa da Latinoamerikan, non eremu pobretuetako neskak familia arrotzekin eramaten dituzten etxean lan egiteko, ohea, janaria eta, batez ere, ikasten jarraitzeko promesarekin. «Hemen Paraguain barnealdetik ikastera eta lan egitera datorren neskame asko dago, baina hori ez da errealitatea. Beste baten etxean sartzen zarenean, ezin duzu ikasi, eta senide batekin bazaude, beste haur batzuk zaintzea edo etxea garbitzea tokatzen zaizu; eta orduan, horretan baino ez gara aritzen», adierazi du Marciana Santanderrek. Horrela hitz egiten du berak criadazgo praktika kritikatuari buruz, non familiek milaka neska paraguaitar urrutiko eta kanpoko etxeetara bidaltzen dituzten etxeko garbiketa eta haurtxoen zaintza bezalako lanak egiteko, janariaren eta hezkuntzaren truke. Errealitatean, adingabeak ez dira eskolara erregulartasunez joaten eta arriskuak izaten dituzte etxe barruan, hala nola gehiegizko esplotazioa, tratu txarrak eta abusua. «Horregatik, bai txikitan eta bai gero helduaroan, ezin dugu lanpostu onik aurkitu ikasketarik ez daukagulako», deitoratu du Marcianak. Gogoratzen duenez, nerabe zela hasi zen lanean familiatik urrun dagoen etxe batean, eta guaranieraz bakarrik hitz egiten zuenez, askoz gehiago kostatu zitzaion oinarrizko prestakuntza. Aldatzeko mekanismoak Latinoamerika eta Kariberako Batzorde Ekonomikoak (Cepal) aipatutako estatistiken arabera, Brasilen, Mexikon eta Perun haurren lana ohikoagoa da zenbaki absolutuetan; 5-17 urte bitarteko adingabeen artean, berriz, Bolivia (%26,4), Paraguai (%22,4) eta Peru (%21,8) ageri dira zerrendaburu. Adituek Latinoamerikako haurren lanaren problematikaren konplexutasunaz ohartarazi dute, batez ere neskena, tartean dauden faktore ugariengatik, baina horri aurre egiteko lehentasunezko ekintza batzuk daudela uste dute. Alde batetik, NBE Emakumeak erakundeak premiaz eskatu du zerbitzuak, gizarte babesa eta oinarrizko azpiegiturak eskainiko dituzten politikak diseinatzea, zaintzaren eta etxeko lanaren banaketa bultzatzeko gizonen eta emakumeen artean, eta laguntza arloan enplegu gehiago eta hobeak sortzea ahalbidetuko dutenak, bai eta genero ikuspegian zentratzea ere, nesken haurtzaroko lana murrizteko. Bestalde, eskualdeko etxeko langileen liderrek, hala nola Reinaldak, Marcianak eta Marcelinak, enplegu duina sustatzeko mekanismoak diseinatzea eskatu dute. «Egia esan, lana helduentzat da, eta neskato baten eskubidea ikasten jarraitzea da, bere aukerak zapuztu ez daitezen. Horregatik, Estatuak arreta zerbitzuak sortu behar ditu ondo ordaindutako lana duten emakumeentzat, alabek ikasten jarraitzeko aukera izan dezaten», adierazi du Marcelina Bautista ekintzaile mexikarrak. Denek bat egiten dute informazio hutsuneak betetzeko premian, hartu beharreko erabakiak zehaztasun handiagoz baloratu ahal izateko eta etxeko langileen egoerak ikusezina izaten jarrai ez dezan. Lan akigarria eta abusua ezkuta dezakeena Etxeko langile gisa lan egiten duten haurren egoera etxe barruko zereginekin lotu ohi da, familia giroan emandako laguntza moduko zerbait izango balitz bezala; baina mota askotakoak izaten diren zeregin horien (umeen zaintza, garbiketa lanak...) atzean dagoen errealitatea oso bestelakoa izan daitekeela nabarmendu du Unicefek. Lan egitera behartuta dauden haur horiek egiten duten lana gogorra eta akigarria izan daitekeela ohartarazi du. Jasotzen diren egoera horiek nekez ikusten dira kanpoan, eta ikusezintasun horrek esplotazioa ahalbidetzen du. Haur horiek lan egiten duten etxeetan aurki ditzaketen egoerei begira, sexu abusuak pairatzeko eta, herrialdearen mugen barruan zein kanpoan, haurren trafikoaren sareetan erortzeko dituzten arriskuak nabarmendu ditu Unicefek. Neskatoen salmenta mexikon, familien prekaritateak elikatuta merkantilizatu den tradizioa Haurren erabilerarekin lotuta, Mexikon alaben salmenta indarrean jarraitzen duen praktika bat da oraindik zenbait komunitate indigenatan. Antzinako ohitura horren arabera, familia batek bere alaba beste familia bati ezkontzan entregatzen dio, akordio baten pean. Tradizioa ezabatzeko borrokatzen diren erakundeen arabera, praktika horrek emakumeekiko abusuak eta gizonezkoen pobrezia ezkutatzen ditu. France Press agentziak Mexikoko Guerrero estatuko Metlatonoc udalerriko auzokideen artean bildutako datuen arabera, 2.000 eta 18.000 dolar artekoak izan daitezke aitek alaben salmentagatik kobratzen dituzten ezkonsariak. Gero eta prekaritate handiagoan bizi diren komunitateetan, zaila da diru iturri bat den praktika hori desagerraraztea, are gehiago tradizioan errotuta badago, horrela izan ez den arren. «Neskak lehen hilekoa zutenetik ezkonsari gisa emateko antzinako erritual indigena galtzen joan da, eta orain neskak merkantilizatu egiten dira», azaldu dutenez. «Neskak erabat zaurgarriak dira. Familia berriak etxeko eta nekazaritzako lanekin esklabo bihurtzen ditu eta batzuetan aitaginarrebek sexu abusuak egiten dizkiete», azaldu zion France Pressi Abel Barrera antropologo eta Tlachinollan GKEko buruzagiak. Neska erosi dutelako sufriarazi eta edozer egiteko eskubidea dutela pentsatzen dute familia batzuek. «Indarrez saldutako emakumeek aitaginarreba zaindu behar dute. ‘Nik ordaindu nuen eta nik nahi dudana egin diezazuket’, hori da esaten dutena», kontatu zuen Maurilia Juliok. 61 urteko emakumea saldua izan zen neskato zela. Gaztetxo biren ama da, eta beldur da senarrak haiekin berdin egin ahal duelako. Zifra ofizialen arabera, zonaldeko 9 eta 17 urte bitarteko 3.000 haur eta nerabe erditu ziren 2020an, haietako batzuk ezkontza akordio horien barruan. Herrialdean, kontzientziazio kanpainetan eta tradizio hori ezabatzeko lanean ari diren erakundeak eta herritarrak daude. Virgilio Moreno 72 urteko lider komunitarioak azaldu zuenez, ia 300 lagunek onartu zuten praktikari bizkarra ematea. Agintari federalen esku-hartzea eskatu zuen, gehiengoak tradizioari jarraitzen diolako. Txiki-txikitatik neba-arrebak zaintzea eta etxeko lanak egitea espero da neskatoez, eta horrek ondorioak ditu haien aisialdian ez ezik hezkuntzan ere, pobreziaren zikloa betikotuz Askotan ikasketen eta jakien truke lan egitera bidaltzen dituzte alabak, baina ez dira eskolara erregulartasunez joaten eta bestelako arrisku batzuk daude: esplotazioa, abusuak...