Itsasoak hortxe jarraitzen du oraindik
Elkanoren mundu biraren urteurrenak itsasora begira jarri gaitu euskaldun asko egunotan. Badirudi historikoki itsasoari oso lotuta egon arren, gaur egun herri honek baduela horrelako aitzakien beharra tarte bat hartu eta harreman estu horretaz hausnartzeko.
Nire inguruan iruditu zait eztabaida gehienak historikoak izan direla. Bi aipatzearren, sona izan dute Elkanoren ustezko izaera inperialistaren inguruko gogoetek, edo munduari bira eman zion “Victoria” ontziaren jatorriari buruzkoek, ez baitago argi non eraiki zen.
Logikoa da, eta eztabaida interesgarriak iruditzen zaizkit, adi jarraitu ditudanak eta aurrerantzean ere, urteurren borobilik ospatu beharrik gabe, sakontzen jarraitzea mereziko luketenak. Dena aberasgarri.
Baina uste dut horrelakoetan eztabaida historikoekin batera beharrezkoa dela historia hori gaur egungo egoerarekin lotzeko gaitasuna izatea, historia horretatik zer ikasi dugun edo zer ikasi dezakegun aztertzea, eta etorkizunera begira zer ekarpen egin daitekeen hausnartzea. Erabilgarria izan dadila.
Zentzu horretan, oso interesgarria iruditu zait aurreko ostiralean Getarian bertan estreinatu zen “Itsasoak pizten gaitu” dokumentala. Beñat Gereka getariarra da zuzendaria eta betidanik herri arrantzalea izan den horrek gaur egun itsasoarekin eta arrantzarekin duen harremana aztertzen du.
Pasarte batean, arrantzalea den aita batek lan horretan jarraitu ala ez zalantzan dagoen semeari horrela esaten dio, gutxi gorabehera: «Aukera ona da. Erregeen pare biziko zara. Arraina modan dago, leku guztietatik etortzen da jendea arraina jatera eta norbaitek arrantzatu beharko du. Ez duzu arraina Txinatik inportatuko, ezta?»
Jendeak bertako arraina nahi du noski, baina dokumentalean argi geratzen da bertako arrantzaleek ez dutela behar besteko babesa sentitzen. Dagokionak badu hor erronka polita. •