SEP. 17 2022 Europako liderrek kalezulo batean sartu gaituzte Isidro Esnaola Uste dut Daniela Gabor Ekonomia eta Makrofinantzetako irakasleak bete-betean asmatu zuela Europako Banku Zentralaren egungo egoera deskribatzeko egin zuen alderaketarekin. Alemanezko zugzwang hitza hautatu zuen, xakean erabiltzen dena: mugitzea tokatzen zaizu, baina posizio horretan jokaldi posible guztiek egoera okertu baino ez dute egiten; nahiago zenuke ez mugitzea, baina behartuta zaude eta horrek galtzea esan nahi du. Horrelako irteerarik gabeko kalezulo batera aurkariaren trebetasunaren bidez irits daiteke, baina eskuarki norberak bere gaitasunik ezagatik nahasirik amaitzen du. Horrelako zerbait gertatu zaio EBZri ez ezik Europar Batasun osoari ere, batez ere egungo buruzagien gaitasunik ezagatik. EBZren interes tasen igoera mugimendu horietako bat izan da: zerbait egin behar eta horra. Baina halako mugimendu batek ez du zentzurik, inflazioa batez ere energia eta lehengaien inportazioengatik igotzen denean, Errusiaren zigorren politikarekin larriagotuta (kalezuloan sartzeko beste erabaki bat). Enpresak eta familiak kolpatu besterik ez du egiten, prezioen gorakada hori jasateaz gain, orain interes gehiago ere ordaindu behar baitituzte beren kredituengatik. Perspektibak baikorrak balira, interes altuagoek ez lukete kreditua zertan geldiarazi (etekina gastua baino handiagoa dela uste badute, berdin zorpetuko dira), baina horizontea grisa bainoago beltza denean, ea nor ausartzen den... Ondorio asko atera daitezke EBZk tasak igotzeko hartutako erabakitik, baina inork ez dio arreta gehiegi jartzen printzipalari: Europako Banku Zentralaren agindua prezioen egonkortasunari eustea da; ez enplegua ez beste helbururik ez dago gainetik, eta inflazioa benetan iritsi denean, ezgaia da. Honaino iritsita, komeni da azpimarratzea diru politika inflazioa kontrolatzeko indar gutxiko tresna dela. Eta horren ondorioa da politika monetarioarekin prezioak kontrolatzea pentsatu bazen, euroaren diseinua negargarria dela. Beste mugimendu bat, kalezuloan giltzapetu gaituena, inork nola irten ez dakiela. Energiaren prezioekin antzeko zerbait gertatzen da. Orain errusiar gasaren prezioan muga bat jartzea bururatu zaie, nahiz eta beste batzuek orokorrean gasarena izatea proposatu. Hori da, hain zuzen ere, Europar Batasuna eraginkorra ez zela erabaki aurretik genuena; izan ere, Espainiako Estatuan Gobernuak finkatzen du oraindik butano bonbonaren prezioa. Baina pentsatu zuten hobe zela energia hornidura pribatizatzea, eta orain, Iberiar penintsulako salbuespenarekin gertatu zen bezala, prezioa mugatuz gero, enpresa pribatuei denen artean ordaintzen diegu konpentsazioa, Ramon Contrerasek ondo azaldu zuen bezala (https://labur.eus/g6NEz). Ez hori bakarrik, pribatizatzeaz gain, epe luzerako kontratu guztiak desegin zituzten hornitzaileekin, jakina denez, merkatua eraginkorragoa delako. Merkatua besterik ez, espekulatzaileen pozerako. Kalezuloan sartzeaz gain, irteera estaltzea erabaki zuten: Europak defizit energetiko monumentala du, baina agintari europarrek energia errusiarraren erosketa zigortzea erabaki zuten. Merkatuak hornituko du, bai, baina zer preziotan! Moneta politika bera inflazioaren aurrean indargabea den bezala, merkatua ez da tresna fidagarria oinarrizko baliabideez ari garenean. Kontua ez da energiaren prezioei mugak jartzea bakarrik, gizartearen oinarrizko hornidurak esku pribatuetan uzteko Europako esperimentuari amaiera ematea baizik. • El mandato del BCE es mantener la estabilidad de precios; no hay más objetivo que el empleo por encima y cuando la inflación ha llegado de verdad es un incompetente