SEP. 17 2022 Hemen ez da ezer gertatzen Iker Barandiaran Herritarrak gero eta urrunago sentitzen dira politikatik eta alderdi politikoetatik; zeresanik ez, gazteak. Hala ondorioztatzen dute aspalditik inkestek: alderdi politikoak erabat urrun sumatzen dituzte; ez dute uste euren alde ezer egingo dutenik, kontrakoa agian. Gazteez ezin dut iritzi borobilik eman, neuk ere urrun baititut, baina neurri batean ulertzen ditut. Zer esan, baina, oro har –gero eta gehiago, gainera– apolitikoak direla diotenez? Zer da, bada, apolitikoa izatea? Apartidista izan zaitezke, bai, arrazoi eta ikuspuntu oso desberdinetatik abiatuta gainera, baina apolitikoa ez! Zure erabakiek, egunerokoek, hautu politikoak dituzte barne eta horiekin hein batean lerrokatu egiten zara, eta zure erabakiek ondorio handiak –askotan uste duzun baino gehiago– dituzte beste batzuengan. Askotan erabili izan dut egunkarien adibidea, nahiz eta adin batetik behera ez diren aspaldi erosten, ulergarriagoa delako. Gizartearen begietara, adibidez, GARA edo “Berria” erosteak badauka ekintza edo aukeraketa politikotik, baita “La Razón”, “El País” edo “El Mundo” erosteak ere; baina, aldiz, askok sinistuta daukate egunkari salduenak diren “Diario Vasco” edo “El Correo” erosteak ez daukala ezer posizionamendu politikotik. Bai zera! Duela urte asko, Arrasaten, Mariano Ferrer kazetariak hitzaldi batean, entzule batek galdetuta, hala deskribatu zuen “DV”-k betetzen duen papera –botere talde batzuentzat funtsezkoa dena–: «‘Diario Vasco’-k sinistarazi nahi digu hemen ez dela ezer gertatzen». Gustatu zitzaidan sintesia, hain zuzen ere, argi utzi zuelako –nik egin dut irakurketa– frankismotik gaur egunera arte goserik pasatu ez duen komunikabide talde honek ezkutatu egiten dituela gizartearen ondoezak eta arazoen jatorrizko iturriak, aldatu ez daitezen; eroso dagoelako egoera horretan. Zergatik? Bada, galdetu komunikabide talde horren atzean dauden botere taldeei. Eta aldi berean, irakurleak entretenitu egiten ditu hutsalak diren kontuekin, baina bere azalkeriagatik –hain sinpleak gara!– antza interesa pizten dutenekin. Eta hori guztia ere politika egitea da, jakina. Horregatik egiten dit sabelak buelta lehen «gaztetxeroak» izandako batzuk igandetan egunkari hori besapean ikusten ditudanean. Bai, seguruenik realzaleak izango dira, baina kontziente dira zer kontsumitzen duten? Ezetz esango nuke, eta hori da gehien kezkatzen nauena, arazoen jatorrizko iturriak erakutsi gabe, analisia egin gabe, soilik entretenituz, tantaz tanta bustitzen dituela: izan daiteke Euskal Herriko gatazkaren errelatoaz, etorkinekiko aurreiritziez, Ukrainako gerraz edo poliziaren jazarpenak zuritzeaz, beste askoren artean. Adibidez, Euskal Herrian bizi izan dugun gatazka neurri batean leundu den honetan, batzuentzat jada ez dago gaizki ikusia polizia izatea eta batzuek horren bila jotzen dute. Nahiz eta poliziak –kanpokoak zein ustez hemengoak–, testuingurua leunagoa den arren, justifikatu gabeko basakeria erabiltzen jarraitzen duen inpunitate osoz. Eta basakeria hori beti bezala herritarren kontrakoa –langileak, feministak, jubilatuak, antifaxistak…– bada, nola ez da, bada, poliziei herritarren espazioetan parte hartzea mugatuko? Giza eskubideengatik, errespetuagatik…? Bada, has daitezela beraiek eskubide horiek betetzen. Funtsean, apolitikoa izatea da korronteko norabidean jarraitu eta horren kontziente ez izatea; tristea, benetan. • ��Qu�� es, pues, ser apol��tico? ��Puedes ser apartidista, desde razones y puntos de vista muy diferentes, pero apol��tico no!