SEP. 24 2022 Uraren gestioari begira Basoan hasten den gertuko kudeaketa eta gestioa urruntzen duen eredua, aurrez aurre Lerroburu deigarriak eman dituzten ur eskasiako garai hauetan, atzean dagoen ur kudeaketari begiratu dio GAUR8k pribatizazio haizeen aurrean gertuko baliabideen zaintza defendatzen duten bi alkaterekin. Zero kilometroko uraz hitz egiten dute, baita basotik txorrotaraino doazen baliabide horien garrantziaz ere Hoditeriak Gernikan. (Aritz LOIOLA | FOKU) Nerea Goti Agorraldi bete-betean gurean izaten ari den ur eskasiak lehen planora eraman du uraren gaia. Hala ere, ura bermatzeko hartutako irtenbideetan zentratu dira begiradak, baina ez horri lotuta dauden kudeatzeko sistemak aztertzeko. Beste era batera esanda, azken gertaerei heldu zaie Busturialdean edo Karrantzan, esaterako, batean ura eramateko itsasontziaren irudi inpaktagarrietan islatuta; eta bestean, herrira Kantabriako Ramalesetik ekarritako kamioienetan. Adibide bi horietan, kudeaketa bat dago atzean, eta egun ura kudeatzeko sistemen kontzentrazioa eta pribatizazioa dakartzan joera nagusia kolokan jartzen duten esperientziak daude. Herri bietan, euren lurretan dituzten baliabide hidrikoen erabilera defendatzen dute. Duela ez asko estreinatu den “Monopolia” dokumentalean, David Hoyos irakasleak gogoratzen du ura udalen eskumena dela, eta horrek kostu handiko instalazioen mantenua eskatzen duela. Tokiko administrazioentzat den zama ekonomiko horrekin lotuta daude, hain zuzen, Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergo handian sartzeko erabakiak. Baina non geratzen dira udal txikiak hain erakunde handian? Erabakiak hartzeko zer gaitasun dute? Zer gertatzen da handian, tokiko baliabideekin? Gai potoloa izan arren, ez da kalean dagoen gogoeta bat. Urik eza lehen mailako arazo izan arte inork gutxik galdetzen dio bere buruari tokiko ur baliabideak zeintzu diren, nola zaintzen eta erabiltzen ari diren... Baliteke txorrota zabaldu eta ura falta gabe edukitzera ohituta gaudelako izatea, edo urez inguratuta gaudelako eta lehortea pasatuta arazoa “desagertzen” delako edo gai konplexua delako, herritarren deskonexio horren atzean egon daitekeen errealitatearen inguruko azalpen ezberdinak jartzearren. Hala ere, adituen esanetan, klima aldaketaren ondorioz, gero eta ohikoagoak eta muturrekoagoak izango dira fenomeno horiek. Ur baliabideen gestioa, beraz, lehen lerroan dago, kalean izan ala ez. Ura izateari lotutako guztia Aurtengo egoerara itzulita, sikate handia dago, ados, baina aurreikuspena, planifikazioa, dauden akuiferoen eta azpiegituren egoera eta erabilera, basoen kudeaketa... ura izateari lotuta daudela gogorarazten dute zenbait ahotsek. Edozein sistematan, adituek aipatzen duten segurtasun hidrikoa kudeaketaren ardatzetako bat da. Adibide zehatzetara joanda, hornidura ziurtatzeko mozketak izan dira hainbat udalerritan, eta ura kanpoan bilatu behar izan dute beste zenbaitetan. Busturialdea, esaterako, edateko ura garraiatzeko lehen aldiz erabilitako itsasontziagatik izan da albiste. Karrantzan, kamioietan eraman behar izan dute ura San Esteban auzoko baltsara Kantabriako Ramalesetik ekarrita. Adibide ezagunenak dira baina ez dira ura zisternaz garraiatu behar izan duten udalerri bakarrak. Azken kasu honetan, harritzekoa bada ere, ur eskasiaren aurrean Kantabriako herrian aurkitu behar izan dute irtenbidea, ez Bizkaian, Foru Aldundiaren edo Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoaren laguntzarekin adibidez. Udalerriak bizi duen larrialdi egoerak ez du aspalditik dagoen gatazkari soluziobide bat emateko balio izan. Egoera bitxia benetan, uraren hornidura bezalako oinarrizko zerbitzu bat izanik. Ea herriko Ulla hargunea (Aritz LOIOLA | FOKU) Beste kasu adierazgarri bat, Busturialdekoa. Erabakiak hartzeko zentroa eskualdetik Bilbo Handira pasatu denetik, gauza asko aldatu dira Bizkaiko ekialdeko eskualdean. Ur eskasiari emandako erantzuna hedabideetatik ezagutu dute, ezagutzen ez dituzten irizpideetan oinarritutako erantzuna, hain zuzen. Opakutasuna da uraren gestioaren arduradun berriari leporatzen zaion arazo bat, baina, oro har, ur sistemari begiratzeko modua zeharo aldatu dela egiaztatu dute. Kudeaketa ereduek ez dituzte sikateak ekiditen, baina baliabideen egoera eta erabilera antolatzeko tresnak dira, eskualdeak berak daukan ura gestionatzeko. Hoyosek aipatzen duen moduan, «zero kilometroko» ura izango litzateke hurbileko eredu baten abiapuntua, azpiegitura handien eta hargune bakarrean oinarritzen diren eskala handiko sistemen aurrean. Lekuko baliabideak lehenestea Iratxe Arriola, Eako alkatea, Busturialdeko Ur Partzuergoko (BUP) presidente ohia da, baita Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan sartzeko erabakiaren aurka altxatu den ahotsetako bat. Busturialdean, urarekin zer gertatzen den galdetuta, argi dio defizit hidrikoa aspaldikoa dela, baina hori bezain argi dio eskualdean egoera horri aurre egiteko baliabideak egon badaudela. Defizit hidriko horren atzean hamarkadetako utzikeria eta inbertsiorik ez historikoa egon da. «Gure baliabide hidrikoak ez ditugu behar bezala zaindu», azpimarratu du, eta planifikazio hidriko baten premia aipatzen du. «Ez dago Euskal Herri mailako planifikazio hidrikorik, gure lurraldetasunari lotuta eta lekuan lekuko baliabide hidrikoak, 0 kilometrokoak lehenetsiko dituenik», dio 2011-15 legealdian BUPeko buruan egon zen ordezkari politikoak. Busturialdeko egoerari begiratuta, eskualdeak dituen ezaugarri hidrikoek nahiko sistema dibertsifikatua osatzen dutela dio. Izan ere, eskualdean 20 ur hargune baino gehiago daude. «Ez da berdina urtegi bat izatea edo mendian dauden ur harguneekin funtzionatzea», zehaztu du. Aldiz, iturri bakarrera joatea izan da joera orokorra, baina horrek «ekonomia eskaletan funtzionatzen du, energia kontsumo handiarekin, eta ura dagoenean, zeren 1992. urtean sikate handia egon zen eta ia ur barik geratu ziren Bilbo aldean», ekarri du gogora. Galtzen den ur erabilgarria Ur sistema horren detaile bat. Ura itsasontzian ekarri duen eskualde horren altxor hidrikoetako bat Gernikan dago: La Vega industrialdean dagoen akuiferoa. Putzu ezberdinez osatuta dago; horietako bat, “laugarrena” industria trazekin kutsatuta dago, eta ez da edonolako ur emaria, segundoko 60 metro kubiko ematen baitu.«Horrekin nahikoa litzateke uda partean dagoen ur defizitari aurre egiteko», azpimarratu du Arriolak. Izan ere, ur kutsatu hori tratatzeko sistema bat jarri zen martxan duela urte batzuk, eta nahiko kalitate oneko ura ematen duela erantsi du. «Edateko ez bada ere, beste erabilera batzuetara bideratu zitekeen, lorategiak ureztatu, industrian erabiltzeko... eta galtzen ari da, saneamendura doa, ez da ezertarako erabiltzen», nabarmendu du. Oka ibaiaren itsasadarra, Gernikan, La Vega industrialdearen inguruan. Bertan, putzu kutsatu baten urak tratatzen duen sistema dago. Ur hori ez da edangarria, baina beste erabilera batzuk izan ditzake. (Aritz LOIOLA | FOKU) Beste arazoetako bat dago eskualdean: hoditeriaren egoera kaskarra. Eskualdeak Oizko hargunetik hartzen du ura. Akuifero horren ura daraman hoditeriak 70 urte baino gehiago ditu, frankismoaren garaikoa da eta galera handiak ditu zenbait puntutan. Egun daukan diametroarekin, segundoko 20 litro (l/s) ematen du. Azpiegitura horren diametroa handituz gero eta ondoko Ibarrurin hargune berri bat eginda, segundoko 70 litroko ur emaria lor zitekeen, 6.000 metro kubiko lortzeko. Oizko harguneak behar dituen inbertsioez gain, eskualdeko azpiegiturak berritzen joan beharra dago, eta horrek kostu handia dauka. Kontuan hartzekoa da, gainera, azalera handiko eskualdea dela, Bizkai osoko %10 da Busturialdea. «Horrek zer suposatzen du? Kilometro askoko hoditeria berritzea», aipatu du alkateak. Azpiegituretan inbertsiorik ez egitea hamarkadetan zehar errepikatu den joera izan da. Lanen premia gero eta agerikoagoa bazen ere, EAJren eskuetan egon zen partzuergoak ez zion gaiari heldu. Kapitulu ekonomikoan, gainera, milioi euroko zorra pilatua zuen ura kudeatzen duen erakundeak, Bildu agintera heldu zenean. «Lau urtetan ezin da miraririk egin, baina BUPek arrastaka zeraman egoera ekonomikoari buelta ematea lortu zen, eta 500.000 euroko gaineratikoa utzi, azpikontratetan utzitako zerbitzu asko berreskuratu eta zuzenean ematea lortu zen, baita sarea berritzeko zenbait lani ekin ere», zehaztu du presidente ohiak. 20011-2015 laurteko horretan lortu zen, era berean, Lakuako Gobernuak saneamenduaren kolektorea egiteko falta zen inbertsioa konprometitzea. Gernika eta Bermeo arteko zatia eginda dago, baina Muxikatik Gernikara artekoa falta da, nahiz eta 2018ko aurrekontuetan konprometituta egon, gogoratu duenez. %40rainoko ur galerak Eskualdeko ur sistemaren planifikazioa jasotzen zuen txosten teknikoa idazteko prozesua jarri zen abian: Busturialdeko Hornidura Lurralde Egitamua. Txosten tekniko horretan, diagnostikoa egin zen, eskualdean dauden baliabideak, duten emaria, kontsumoak (turismoa dela-eta nabarmen aldatzen baita uda aldean), zer optimizatu zehazten zuena, eta horrekin batera konpondu beharreko sarearen zati ezberdinak zerrendatzen zituen, hoditeriaren zenbait zatitan %40raino heltzen diren galerak baitaude. Guggenheim proiektua Jasotakoa ez da martxan jarri eta baliteke mahai gainean geratzea, protagonista handiago bat daukalako orain eskualdeak, Guggenheim Urdaibai proiektua. Egitasmoarekin sortuko diren behar berriei aurrea hartzeko, eskualdeak Zadorrako ura jasoko du 2026. urtean, «komunikabideen bidez jakin ahal izan dugunez», zehaztu du Arriolak. Aho batez adostutako planifikazioa alde batera uzteaz gain, tokiko ur baliabideak egoki kudeatu eta zentzuzko inbertsioak egin beharrean inbertsio handiagoak eskatuko ditu, «gure urak abandonatzen joan eta Zadorratik ekartzeko arteria» egiteko. Azken atal hori, gardentasunarekin eta informazioarekin lotutakoa, hain zuzen, ur partzuergo handian sartzeak ekarri duen beste aldaketa handi bat izan da. Hasteko, mankomunitateak berak eta herriek ez dute ordezkapenik antolakunde berrian. Asanblea da ordezkari ezberdinak biltzen dituen organoa, baina exekutiboa da erabakiak hartzen dituena, eta hor udalerri bakar batzuek dute ordezkaritza. «Eskualdea desagertuta dago erakunde handi horretan, eskualdeko inork ez dauka ahotsik bertan, eta babesgabezia argia dakar horrek», nabarmendu du Arriolak. Karrantzako Cerroja baltsa, artxiboko irudi batean (Luis JAUREGIALTZO | FOKU) Edozein kudeaketa publikotan, baita urarenean ere, gardentasuna eta ordezkarien eta herritarren parte-hartzearen bermea sistemaren zutabe nagusietako bi izan beharko lirateke. Erabakiak hartzeko zentroa eskualdetik kanpo egoteak beste ondorio batzuk ekarri ditu. Eskualdea, ahotsik gabe Asanblean biltzen dira ordezkari ezberdinak, esan bezala, baina exekutiboak hartzen ditu erabakiak, eta udalerri bakar batzuk baino ez daude ordezkatuta hor. Eskualdeak ez du zeresanik erakunde handi horretan, ez dauka ahotsik. Horrek ez du laguntzen eskualde mailako egoera hobetzen, eta intzidentziei dagokienez ere eragin nabarmenak ditu. Azpikontratekin eta eskualdea ezagutzen ez duten enpresekin lan egiten duen erakunde erraldoi batek erantzuteko zailtasunak ditu. Krisialdi betean, soluziobide bat edo bestea hartu aurretik eragile ezberdinak entzun beharko liratekeela planteatzen du Arriolak. Ur eskasiaren kudeaketan bertan bidalitako mezu kontrajarriak jarri ditu mahai gainean: udal bandoek herritarrei ur kontsumoa kontrolatzeko eskatu eta kaleko iturriak itxita zeuden bitartean, Gernikako lorategiak baita futbol eta errugbi zelaiak ere edo Gernikako Juntetxeko lorategiak eurak ureztatuta egotea. Arriolaren ustez, uraren pribatizazioa dago azken urteetan egin diren urratsen atzean. Horren harira, duela urte batzuk Bilbon bertan gaiaren inguruan egindako foroan bildutako agintari politiko ezberdinek lankidetza publiko-pribatuaren alde azaldutako jarrera ekarri du gogora. Azken oroitzapen bat ere jarri du mahai gainean Eako alkateak: urteetan, proiektu idatzia eginda izanik, Diputaziora jotzen zutenean Oizko hoditeria konpontzeko eskatzera, zera erantzuten zieten: «Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoan sartzen ez bazarete, ez». Karrantzako udal gobernu taldeak ere erantzun berdina aurkitu du. KARRANTZA ALDUNDIAREN LAGUNTZARIK GABE, UR PARTZUERGOAN SARTU EZEAN EAJk gidatzen dituen erakundeetatik bultzatzen den kontzentrazio prozesuaren beste adibide adierazgarri bat da Karrantzakoa, eta bitxia, ia sinesgaitza, jokoan ura bezalako oinarrizko zerbitzu bat egonik. Udalak zuzenean kudeatzen du ura, herri osoaren hornidura bermatzen duten berezko baliabideekin, kontuan hartuta oso azalera zabaleko udalerria dela, baita Bizkaian behi abelburuen kontzentrazio handiena duena ere. Behar horiei guztiei erantzuteko ur nahikoa izan arren, azpiegiturak berritzeko inbertsioak behar ditu herriak. Bizkaiko Diputazioari horretarako laguntzak eskatzean, Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoko kide egitea da erantzuna; bitartean, «Karrantzarentzat euro bakar bat ere ez», azaldu du Raul Palacio alkateak Elena Unzueta foru diputatu ohiaren hitzak gogora ekarrita. Egoera berezia da, zeren Diputazioak arazo horren ardura dauka, alkateak nabarmendu duenez. Datuak eman ditu Palaciok: «Herrian ura hartzeko bi baltsa ditugu: Argañeda, %13an dagoena; eta Cerroja, %33an. Hilabeterako ura daukagu gutxi gorabehera». Kontua da Argañedakoa %43 baino ezin dutela bete neguan, «arazo estrukturalak dituelako Diputazioak orain hamabi urte inguru eraiki zuenetik, eta horrek bildu ezin ditugun milaka metro kubiko asko suposatzen du». Diputazioak zergatik ez duen konpontzen, horra galdera logikoa. Erantzunean urteetako gatazka azaltzen da. Karrantza Zabala hautagaitzaren ordezkariaren ustez, Udalaren autonomia errespetatuz herrian beharrezkoak diren azpiegiturak bermatu beharko lituzke Diputazioak, ur partzuergoan sartzea erabaki ala ez. Udalak bi hitzarmen zituen sinatuta Diputazioarekin, 2011ko bat eta 2014ko beste bat: hondakin uren araztegiari buruzkoa eta eurek eraikitako edateko uraren tratamendurako estazioari buruzkoa, «Diputazioak eraikitakoa eta itxita dagoena, 10 milioi euroko inbertsioa egin ondoren». Palaciok zehaztu duenez, «konexioak falta dira gure hornidura sarearekin». Alkateak dio hitzarmen bietan jasota zegoela lanak bukatzean Udala ur partzuergotik kanpo egon zitekeela. «Aldiz, 2015etik aurrera Karrantzari eurorik emango ez diola dio Foru Aldundiak (Bilbao-Bizkaia) ur partzuergoan sartzen ez bada». Gatazka auzitara eraman dute, eta epaiek iraungitzat jotzen dituzte hitzarmenak, Palacioren esanetan. «Baina, era berean, argi diote hori ez dela oztopo Udalak Aldundiari beharrezko lankidetza ekonomikoa eta teknikoa eskatzeko, partzuergoan sartzen garen edo ez kontuan hartu gabe». Karrantza Zabala taldeko bozeramaileak onartzen du arrazoi ideologikoak egon daitezkeela partzuergoan sartzeari ezetz esateko, uraren pribatizazioaren aldeko joera dela-eta, baina egun Karrantzari erakundeko kide izateko eskatzen zaizkion baldintzak direla ateak ixten dituztenak. Izan ere, ur partzuergoan sartzeko, «10 milioiko inbertsioa eskatzen digute, hornidura sarea bakarrik aipatuta, eta hori Udalak bere gain hartu ezin duen kostua da, kiebra joko luke. Guretzako bideraezina dela dioen udal idazkariaren txostena daukagu», argitu du. Bigarren oztopoa, herrian nagusi den abeltzaintzarekin lotuta dago. «Bizkaiko esne aziendaren %80 hemen dago», zehaztu du. «Diputazioak berak partzuergoan sartzeak gure ganadutegietan izango zuen inpaktuari buruzko txostena enkargatu zuen, eta ondorioztatu zuen egun bizi duten krisi orokorrarekin, tasa berrien kostuei aurre egin ezinik egongo liratekeela azienden %70». «Haientzako mugiezinak ziren baldintza horien aurrean ezetz esan genion partzuergoan sartzeari», argitu du alkateak. Erantsi duenez, «guretzako erabat itxita daude partzuergoaren ateak, objektiboki bideragarria ez delako eta ez dugulako gure aziendeen %70 ixten lagunduko».