OCT. 01 2022 BARBARA EHRENREICH GOGOAN Pentsalari eta ekintzailea, langile eta emakumeen aldeko pitbull-a Mikel Zubimendi Desberdinkeria eta klaseaz, klasea eta desberdinkeriaz, AEBetan langile jendeak bizirik irauteko dituen komeriez, «amets amerikarraren» beste aurpegiaz, alde ilunaz, zorrotz eta urruti idatzi zuen autore finenetakoak utzi gaitu. Barbara Ehrenreich zendu da, eta bere heriotzarekin AEBetako eta munduko ekintzaile eta ezkertiar asko umezurtz geratu dira. Gehiago bizitzeko desira induzituak hiltzen gaituela aztertu zuenez gero, agur esateko prest zegoen, eta lasai joan da, ideia bat azpimarratuz: gure bizitzan zehar ez ditugula irabaziko kausa eta borroka guztiak, eta hori ez dela eta ezin daitekeela izan gure neurria, gure neurri bakarra, baizik eta saiatze horretan hilko garela. Kazetaria, entsegugilea, ekintzailea, politikoki engaiatua, bazterkeria sozialaren kronista... Ehrenreichen heriotzarekin AEBetako ezkerraren ahots argi eta errespetatuenetarikoa joan da. Bere elokuentzia, kuraia eta buru argia lan politikorako, bide berriak urratzeko, informatzeko eta mundua aldatzeko inportanteak izan dira, oso. AEBetako iraultzaile askorentzat inspirazio eta sostengu izandakoa Butten (Montana) jaio zen 1941ean. Aita «blue collar» edo lepo urdineko alkandora zeraman langilea izan zen, klase kontzientziaren jabe zen meatzaria. Ama, aldiz, etxekoandrea izan zen. Ehrenreichek ez zuen inoiz ahaztu nondik zetorren, kontzientzia hori beti eraman zuen soinean, pobreak maite ez dituen herrialde bateko zoko guztietara, harro zoragarri gainera. New Yorkeko Rockefeller Unibertsitatean Biologian doktoretza bukatu eta zientziaren mundutik aldendu zen; akademian edo ikerketan ez zuen jarraitu nahi izan. Hori dena utzi zuen ekintza politikoa lehenesteko. Bere belaunaldiko beste asko bezala, Vietnamgo gerraren kontrako mugimenduetan politikoki hezi eta hazi zen. AEBetako Alderdi Sozialista Demokratikoaren idazkariorde izateari baiezkoa eman zion. Alderdian, baina, beste hainbat esparrutan bezala isilik egotekoa ez zenez, suelto eta libre hitz egiten zuenez, arazoak eta desengainuak pilatu eta urruntzeari ekin zion. Elkarrizketa politikora freskura 1970eko hamarkadan Ehrenreichek freskura ekarri zuen eztabaida politikora. Orduan «baldintza objektiboetan» egin behar zela indarra uste zuen ezkerrak, AEBetan ehunka talde marxista eta maoistetan atomizatua zegoenak. Soldatetan zentratu behar zela, jendearen egoera materialetan, zen AEBetako ezker konstelazioaren ideia printzipala. Ehrenreichek marxismoa ongi ikasia eta gordea zuen, baina ez zuen soportatzen irentsiezina zen azukre koskor bat bezala ikustea, borroka kaindarretan disolbatuta, eta oso gaztetatik beste puntu batzuk proposatu zituen elkarrizketa politikoan: alienazioaz hitz egin behar zela, pertsona bere potentzial guztiaren jabe egiteaz, zapalkuntzaren esperientzia zuzen eta pertsonalek zuten balioaz... Lehen momentu haietatik, berea ahots disonante bat izan zen, errespetatua. Izan ere, polemika eta eztabaida politikoan berea defendatzen pitbull bat zen. Gogorra, tematia, argudio landu eta zorrotzez ongi armaturikoa. Biologia utzita, bere lanak hiru adar izan zituela esan daiteke. Baga, kazetaritzarena, iritzia saileko pieza eta entseguetan nabarmenduz, bereziki ezberdinkeria eta injustizia sozialen inguruan asko eta urruti idatziz. Biga, liburuak, hogeitik gora argitaratu baitzituen, dirua irabazi baino faszinazio moduko bat eman ziotenak, nolabaiteko jarraitutasun intelektual bat. Eta higa, ekintzailetasuna; osasungintzaren, bakearen, emakumeen eskubideen edo justizia ekonomikoaren aldeko jardun militantea. Sekula ez zuen ekintzailetasun politikoaren eta kazetaritzaren arteko talka edo gatazkarik izan, kazetari bezala egia bilatzen zuelako beti eta printzipio moralak zituen pertsona bezala halako zerbait egitera behartua ikusten zuelako bere burua. “Time" aldizkariaren zutabegile izan zen eta "The New York Times", "Mother Jones", "The Atlantic Council", "Ms" edo "The New Republic" bezalako argitalpenetan idatzi zuen. Irakaskuntza utzita, kazetaritzarako piezak eta liburuak dedikazio osoz idazteari ekin zion, buru-belarri. Giza kondizioaz eta esperientzia subjektiboaz jardun zuen, sarritan berea lerroetara ekarriz‚ justizia sozialaz idazten zuten maila ertain-altuko kazetariez nekaturik, kazetaritza langile jende pobretuen eskura jarri zuen, makina bat autore berri eta proiektu zuzendu zituen. Finean, bizitzaren eta gizartearen detaileen gainean argia jaurti zuen, ordura arte ezohikoak ziren ikuspegi eta teknikak landuta. Pentsamendu positiboaren kontra Esan bezala, ez zen inprimatutako orrietan bertan goxo eta kieto geratzekoa. Ekintza maite zuen, konpromiso politikoa, justizia sozialaz ondo bizi ziren kazetariak bakarrik ez idaztea. Adibidez, "The New York Times" egunkarian 2008ko krisiaren lanketa nolakoa izan zen aztertu zuen eta ikusi zuen nola pilates entrenatzaile pertsonala ordaindu ezinik zebiltzanen klase profesionalen kezkak eta penak jasotzen zituela gehienbat; jende pobrea, bizitzeko komeriak pasatzen dituena, aldiz, ez zela ia ageri sona handiko kazetaritzan. Eta ez zen azterketan eta diagnosian geratzen, ekintza behar zuen, eta hortik sortu zuen Economic Hardship Reporting Project delakoa. Miseria sozialaz miserian bizi zirenak idatzi zezaten laguntzeko. Horrelakoa zen bere engaiamendua, dozenaka proiektutan, gerren kontra, abortuaren alde, alderdi politiko sozialistetan, denetan. Ehrenreich ez zen baikorra baina etorkizunaren inguruan esperantza bazuen. Ezta pentsamendu positiboaren aldekoa ere; sutu egiten zen ideia horrekin, alegia, zerbait existitzen bada, ona izan behar duela modu batean ala bestean, dela arrisku handiko hipotekak, dela minbizia edo lan prekaritatea. Horiek onartu, hartu eta xurgatu, hori zela optimismoaren pentsamenduak egiten zigun eskaera. Bizitzeko lain ordaintzen ez duten lanek, bizi ahal izateko bizpahiru lanpostu kateatu behar izate horrek, ez duela pobrezia bukatzen laguntzen aipatzen zuen. Aitzitik, kondena bat zela zioen, bizitza miserablea eta muturreko segurtasun falta batean bizitzera milioika estatubatuar kondenatzen zituela. Desafiatzailea zen beti, kontra egitekoa, eta jende asko gauza askoren kontra jarri zuen. Bere pieza eta liburuak esnatzeko deia izan ziren, gizartearen baliabideak zein leku okerretara eta zein esku gutxitara bideratzen diren ohartarazteko, ikaragarri amorrarazten zuen langile eta pobreen aldeko bere herrialdearen sinpatia faltaz edo ezartzen diguten kontsumoaren kultura iraingarriaz. Beti ikusten zituen arraza, generoa eta klase dominazioa elkar loturik, osotasun batean, aberatsei mesede egiten zien sistema batean elkarrekikotasunean. Eta beti esaten zuen berdin: amorrazioaren, sumintzearen zentzua ez zela sekula galdu behar. Lau txakur txikiren truke Bere liburu arrakastatsuena, justizia sozialaren aldeko klasikoa bilakatu zena, "Nickel and Dimed" (lau txakur txikiren truke) izan zen. Eta izan zuen inpaktuak, besteak beste, AEBetan gutxieneko soldataren igoeran eragin zuzena izan zuen. Gonzo kontakizun bat da liburua, idazteko dena utzi zuen, AEBetako zoko txirotuenetan gela merkeenak alokatuz eta lan eskasenak onartuz bizitzea erabaki zuen. Garbitzaile, tabernari, zaintzaile, hipermerkatuko kutxazain... aritu zen hainbat estatutan, nahitara. Eta ez klase trabestismo ariketa bat egiteko, ezta miserian oporrak pasatzeko ere, ez, gutxieneko soldatapeko bizitzara bidaia izan zen berea, langile klasearen erretratua egiteko lehen pertsonan bizi behar zena. Langile klasea pobreen klase bilakatzerainoko metamorfosia azaltzen digu. Pobreen klasea, hainbat lan pilatu arren etxebizitza duin bat ordaintzeko lain irabazten ez duena, gaixotzeko beldurrarekin bizitzera kondenaturikoa, tratu duin bat ere merezi ez duena. Esperientzia penagarrien kronikagile benetan fina izan zen, eta paradoxikoki, horrek «izar intelektual», egile arrakastatsu bilakatu zuen. Kontatu zuenez, lehen semea izateak feminista erradikal bihurtu zuen, eraldatu egin zuen, besteak beste, medikuak erditzea probokatu ziolako, presaz, partida bat ikusteko etxera joan behar zuelako. Emakumeen osasunaren aldeko mugimendua, hortik aurrera, bere engaiamenduaren ardatz izan zen. Feminismo sozialistaren arketipoa zen. Emakumeek beren sexuagatik jasandako min eta eraso beldurgarrienak, sexismoa, ez dagoela ulertzerik, emakumeen bizitzetan nola eragiten duen jakiterik, kapitalismoaren kontestuan jarri gabe. Beldurra zuen feminismoak ez ote zituen lehenik gizonak askatuko, gero eta emakume gehiago dibortzio baten haritik zintzilik pobrezia kronikoaren amildegira erortzear utzita, gizonaren soldata altuagoaren faltan, bera eta umeak ezin sostengatuz. Honen harira, euskaraz paratuta ere badago haren liburu perla bat, Deirdre Englishekin batera idatzitako eta Katakrak-ek argitaratutako "Sorginak, emaginak eta erizainak". Osasun sisteman emakumeek duten posizioa nola ez den batere naturala aztertzen du, nola iraganean nagusi izan ziren eremuetan ere egun mendeko diren, gizonezkoen nagusitasun hori nola probokatu den. Esan bezala, gehiago bizitzeko desirak hiltzen gaituela uste zuen biologoa zen. Minbizia diagnostikatu ziotenean, sendagileek ez zela haserretu behar eta positibizatu behar zuela aipatu zioten, eta baikor izanda bakarrik sendatuko zela. Are, tumorea opari bat zela iradoki zioten. Esperientzia hartatik “Natural Kauses: An Epidemic of Wellness, the Certainty of Dying, eta Killing Ourselves to Live Longer” liburu ederra idatzi zuen. Bere aurreko “Smile or Die” liburuaren haritik, pentsamendu positiboaren aurkako aldarria zena. Ez, ez zuen onartzen zorigaitz ikaragarrienak irribarre ergel eta gainditze espiritu batekin garaitu daitezkeela, edo gure gorputzen eta gure buruen gaineko erabateko kontrola izan dezakegula. Zoriontasun kolektiboa aldarri Bere begi zorrotzarekin joera sozialak aztertzen zituen, kasu honetan, gero eta sustraituago dagoen ideia hori: zaintzen bagara, gure elikadura zaindu eta kirola egiten badugu, bizimodu osasungarri bat badugu, heriotzari iskin egin eta bere etorrera atzeratu dezakegula. Obsesio hori, bere ustez, hain muturreraino eraman dugu, ezen gazte hiltzen denari, nolabaiteko autopsia moral bat egiteaz gain, susmagarri dela egozten zaion, behar zuen bezala bere burua ez zuelako zaindu. Berarentzat, bizitza luzatzea, existentzia luzatzera mugatuko balitz bezala, gauza atsegin pilo bati muzin egitea da. Gehiago bizitzeagatik hiltzen ari garela zioen, ez hobeto bizitzeagatik. Eta gehiago bizitzeko fitness, mindfulness, dietak eta halakoak desmuntatzeari ekin zion, ondo bizitzeko, pozarekin, gure hilkortasuna onartu behar zelako. Ehrenreichek zoriontasun kolektibora deitzen zuen uste sakon batetik abiatuta: ospakizunak gizarte baten osasunerako ezinbestekoak dira. Sufrimendua nonahikoa izan arren, plazer eta esperantza iturrien bila zebilen, batzuetan ezusteko lekuetan topatuz. Berarentzat umoreak sekulako erasoa jotzeko gaitasuna du bere baitan, sumina eta amorrua ateratzeko daukan indarra estimatzen zuen. Ezkerreko ekintzaileei gomendiorik emateko galdegiten ziotenean, «ondo pasatu» zen berea. Eta azpimarra ere jartzen zuen: «Lan politikoak atsegingarria, lagunartekoa eta dibertigarria izan behar duela ez ahaztu; are, horrela izatea lortzen ez badu, ez du arrakastarik izango». "Dancing in the Streets" liburuan jaso zituen hauek guztiak. Elkarrekin zoriontasuna ospatzea gure espeziearen berezko joera dugula zioen, mendeetan dantza, mozorro eta jan-edanaren bitartez adierazi dena. Eliteek, hierarkia sozialak pitzatuko zituztelakoan, antzinako zoriontasunaren ospakizunak jazarri zituzten. Festa giroak inspiratu zituen iraultzak, esklaboen matxinadak... izaki sozialak garelako. Zoriontasuna partekatzeko sena dugulako, eta, beraz, etorkizun bat imajinatzeko eta sortzeko gaitasuna. Barbara Ehrenreich, gugan bego. IBILBIDEA 1941ean Butten (Montanan) jaio zen. Biologian doktorea, AEBetako ekintzaile eta saiogile zorrotza, Alderdi Sozialista Demokratikoaren goi kargudun eta feminismo sozialistaren erreferente globala izan zen. Garbitzaile, zaintzaile, hipermerkatuko kutxazain aritu zen. Eta ez klase trabestismo ariketa bat egiteko edo miserian oporrak pasatzeko, ez. Klase pobreen bizitzara bidaia izan zen, kronika egiteko lehen pertsonan bizi beharrekoa Pentsamendu positiboaren aurkakoa zen. Ez zuen onartzen zorigaitz ikaragarrienak irribarre ergel eta gainditze espiritu batekin garaitu daitezkeela, edo gure gorputzen eta buruen gaineko erabateko kontrola izan dezakegula Marxismoa ongi ikasia eta gordea zuen, baina ez zuen jasaten irentsiezina zen azukre koskor bat bezala ikustea, borroka kaindarretan disolbatuta, «baldintza objektiboak» eta egoera materialak» kezka bakar eginda «The New York Times»-en 2008ko krisia nola landu zuten aztertu eta ikusi zuen entrenatzaile pertsonala ordaindu ezin zutenen klase profesionalen penak jaso bai, eta, aldiz, bizitzeko komeriak pasatzen dituen jendea ez zela ia ageri