Normaltasunaren balioaz
Biharko bat ez balego bezala, oporrak, parrandak eta abarrekoak konpultsiboki egitea normalizatu omen da. Datorrena miseriazkoa bada, hondamendia baino beste esperantzarik ez badago, dena gastatu, bizi topera, neurrigabetasuna neurri hartu. Eta eskatzea libre, dena eskatu; eta bestela, mistela: lehertu dadila dena. Horretan ginela, bat-batean, lagunak kazetariei objektibotasuna eta neutraltasuna eskatzea normala zela aipatu zuen eta keinua aldatu zitzaidan, kopeta zimurtu eta sesioari ekin genion.
Normala? Aipatu nion nola hauteskundeetako boto kopurua, edo txirrindularien sailkapenak, edo burtsaren taulak kenduta, eta horiek ere ez agian, ez dagoela objektibotasunik. Kazetaritza objektiboa, bere baitan, kontraesan ponposoa den kontzeptua zela. Salatu zezakeela, madarikatu, zerbaiten defentsan edo hura sustatzeko egiten den kazetaritza, pentsa zezakeela sortze berekoak omen dituen oinarriak –partzialtasun eza, neutraltasuna…– puskatzen dituela, kazetaria gertakizunak modu neutralean emateko dagoela, edo bere iritzi eta aurreiritziak soberan dituela.
Ez dut asko sinisten kazetaritzaren urrezko aro bat egon zenik, non objektibotasuna eta neutraltasuna araua ziren, non kazetariek lanetik kanpo uzten zituzten beren aurreiritziak, eta irakurleek libreki aukeratzen zuten beren iritzien sintoniako egunkaria. Kazetari bezala, eta kazetaritzaren fanatiko bezala, ez dut uste hori transmititu behar denik. Alegia, zalantzan jartzen dut irakurleei ezin zaiela esan nola izan behar duten onak eta nola txarrak, kritikoak izan behar diren ala ez, klimagatik kezkatu behar diren ala ez; beren kabuz, beren baitan, aurkitu beharko lituzketelako beren erantzunak. Antzinako filosofia da, bai, Sokratesen maieutika famatua: egia potenteena norberak aurkitu duena da, ez kanpotik diktatua izan dena. Baina kazetaritza mailan, ez dakit, bada.
Niretzat objektibitatea eta neutraltasuna ez dira gauza bera. Oso ezberdinak dira, guztiz bateraezinak. Objektibotasuna errealitatea den bezalakoa bereiztea da, edo, gutxienez, hori egiten saiatzea. Neutraltasuna, aldiz, inongo gaietan inoren alde ez egitea. Ez dira gauza bera. Eta izango balira, ezin dira biak, den-dena eduki.
Objektibotasunak ez digulako gure iritziak izatea galarazten; aitzitik, iritzia izatera eta ematera deitzen digu. Komunikatzeko gure iritzia deserriratzea irreala eta etxekaltea da. Egongo da, egongo denez, nor bere iritziez ahaztu behar dugula dioenik, iritziak soberan daudela. Kazetaritzaren munduan oso inportantea dela garbitzen jakitea, kazetariak bere iritziak garbitzeko gai izan behar duela pentsatzen hasi ahal izateko. Zeren pentsamendua, askotan, iritziaren garbiketa eskatzen duen lan nekeza baita. Bai, baina...
Ez, ezin dezakegu dena eduki; eta ezin dena ezin da eta gainera ezinezkoa da. Gure baitan guretzat merezi duten balioek elkarren kontra talka egiten dute, beti, ezinbestean: askatasuna eta berdintasuna, justizia eta errukia, partzialtasun eza eta maitasuna, talka betean dabiltza. Eta talka horiek gure bizitzen parte banaezinak dira. Eta hori dugu bizilegea: batzuk lortzeko beste batzuk sakrifikatu egin behar ditugula. Balioen arteko talkaren inpaktua leundu dezakegu eta gure egitekoa da horien oreka ezegonkorrari eustea, egoerak etsi-etsiak eta aukerak jasanezin ez bilakatzeko. Hori da normaltasuna, gizalegezko herri baten eskakizuna. Eta sarritan, hala da: normaltasunak daukan balioak beste balio batzuena gainditzen du. •