OCT. 08 2022 «PARTEKATU» ATARIA Milaka sarrera dituen ekarpen «xumea», gaztelaniadunak euskarara erakartzeko «Partekatu, aprende euskara» irakur daiteke lehen botean Xabi Madorran eta Ander Benito gazteek sortu duten webgunean. Hizkuntza munduratzeko «ekarpen xume» gisa hartzen dute, «gaztelaniadunak euskarara hurbiltzeko bidea errazteko», baina jarritako ale txiki horrek milaka bisita ditu, Euskal Herrikoak baita oso urrunekoak ere. Nerea Goti Konfinamendu garaian hasi zen forma hartzen “Partekatu” atari digitala. «Mundu guztia interneten zebilen une hartan, eta ikusten genuen euskararen inguruan edukia zegoela, baina gure ustez, ez zegoen euskara hasieratik ikasteko eta guk kalitatezkotzat jotzen genuen ezer», dio Xabi Madorranek. Zehaztu duenez, badaude hainbat aukera euskararen munduan murgiltzeko, baina faltan botatzen zuten hizkuntzara hasieratik hurbiltzeko tresna erraz bat. Izan ere, hori da webgunearen ezaugarrietako bat, erraztasuna, diseinu erraz bat; edukietara arin heltzeko, hain zuzen. Xabi Madorran eta Ander Benito 25 urteko gazte gasteiztarrak daude proiektuaren atzean. Madorran DBHko irakaslea da, behar berezidun ikasleei laguntzen egiten du lan. Benito informatika ingeniaria da eta software-aren inguruko enpresa batean egiten du lan. Aisialdiaren zati handi bat “Partekatu”rentzat da. «Gure helburua hasieratik izan zen gaztelaniadunek euskara ikasteko baliabide berri bat izan ahal izatea, eta ahalik eta sinpleena izatea. Horregatik hiru kategoriatan soilik banatu dugu, eta indar handia eman diogu gure edukiak jendearengana iristeari», nabarmendu dute. Edukiak lantzearen atzean dagoen lanaz galdetuta, oso oinarrizko edukiak direla adierazi dute. Nola sortzen dituzte? «Ikusten genuen bilaketa asko zeudela, adibidez, euskarazko agurren inguruan, eta horri buruzko artikulua egin genuen; berdin nork-nori-nor kasuarekin... Beharra ikusi ahala edukia sortzen dugu», erantzun du Madorranek. Zehaztu du, hala ere, artikuluak «irla modukoak» direla, gai zehatz bat unean kontsumitzeko. Horren harira berriz sortzen da proiektuaren helburua. Kontua ez da euskara ikasteko prozesua osatzeko erreminta bat eskaintzea, baizik eta bide horretan lagungarri izan daitekeen informazioa ematea eta gaztelaniadunak euskarara erakartzea: «Horregatik dago gaztelaniaz eginda, hiztun horien interesa pizteko eta euskarara erakartzeko», diote. Testuinguru horretan kokatzen dituzte webguneak bildutako zenbait artikulu; adibidez, animaliak euskaraz nola esaten diren azaltzen duena, agurrei eskainitakoa... baina baita euskal kanten edo euskarazko hiztegi onenen ingurukoa... edota irainei buruzkoa ere. Arrakasta duen beste kontsulta ataletako bat da, antza, azkenekoa. «Gure ustez, interesgarria da halako edukiak sortzea, interesa dagoelako, aurreiritziak daudelako, adibidez euskarazko irainen inguruan: jende askok egiten ditu horrelako bilaketak. Gure helburua da jende horrek erantzunak geure webgunean aurkitzea». Oinarrizko zalantzak argitzeko Euskarara hurbiltzen den publiko gaztelaniadun horrek duen profilaz ez dute datu zehatz askorik, baina badakite zer bilatzen duten gehien, eta «hizkuntza guztietan bezala, gehienetan azaleko eta oinarrizko zalantzak dira», azaldu dutenez: «Adibidez, hilabeteak euskaraz nola esaten diren, data euskaraz nola idazten den, agurrak nola esaten diren, hiztegi pixka bat... Adibidez, ahaidetasun-mailak nola esaten diren...» “Partekatu”n saltseatzen dabilen komunitateari buruzko ideia orokorra joan dira osatzen poliki-poliki. Oro har, Euskal Herriko jendea izaten da, baina Estatu espainoleko eta Latinoamerikako bisitari asko dago; argentinar asko, bereziki. «Oro har, jende nagusia izaten da: batez ere, Euskal Herrikoak eta gaztelaniadunak», laburbildu du Xabi Madorranek. Webguneak duen irakur errazeko itxurarekin lotzen dituzte ezaugarri horiek. «Interneten webgune txukunak daude euskararen inguruan, baina hala ere, dibulgazio puntu hori falta zela uste genuen, eta hori saiatzen gara lortzen», nabarmendu dute sortzaileek. Atariak izan ditzakeen erabilerez, bestalde, bisitariek bidalitako mezuengatik badakite tresna baliagarria izan dela euskara ikasten ari den jendearentzat. Eskerrak emateko mezuen artean, beraz, euskaltegieta ko hainbat ikaslerenak daude, «bereziki, hasierako haiekin lotuta, baina ez hain hasierako gaiekin lotutakoak ere bai; beraz, bikain». Badakite euskaltegiren batean “Partekatu”ko edukiak erabili izan dituztela, eta horrek izugarri pozten dituela diote, horixe baita asmoetako bat, laguntzeko tresna bat eskaintzea. Umiltasunez kokatu dute eszenatoki orokorrean euren ekarpena, baina zabalpen handia izaten ari da. Egunero, mila bisitari baino gehiago izaten ditu “Partekatu”k, eta «zifra handiak dira euskara ikasteko webgune bat izateko; horrek erakusten digu euskararen inguruan interes handia dagoela». Abizenak, klikatuenetako bat Bereziki goraipatu dute erabiltzaileek Madorranek eta Benitok euskal abizenei eskainitako edukia. «Erreminta txiki bat sortu genuen eta hor abizena sar dezakezu eta erremintak esango dizu zure abizenak euskal jatorria duen, behintzat ofizialki, eta zenbat lagunek duten abizen hori bera Estatu espainolean. Artikulu horrek jende asko erakarri du webgunera», aipatu du Madorranek. Nabarmendu duenez, «artikulu horrek jende asko erakarri du gure webgunera eta agian artikulu horregatik ezagutu gaituen norbaitek beste artikulu batzuetan ere interesa izan dezake, eta hortik erakar dezakegu euskararen mundura». Irudian, «Partekatu» webgunea sortu duten Xabi Madorran eta Ander Benito gazte gasteiztarrak. (Raul BOGAJO / FOKU) Bisitariek idatzitako iruzkinen arabera, badakite baita ere aditzen inguruko kontsultek pisu handia dutela. «Sarritan jasotzen ditugu gure bisitarien hainbat email, gure lana eskertzen edo gramatika kontuekin lotutako zalantzak aipatzen: adibidez, halako esaldian zer gertatzen den», zehaztu dute. Erantsi dutenez, «interes handia izaten da kurtso atalean, webeko artikulu guztiak urrenkeran eskaintzen dituena». Etorkizunera begirako planei dagokienez, mahai gainean asmo ugari dutela diote gasteiztarrek, baina finantzaketarik gabe era xume batean joango dira webgunea atontzen. «Orain arte izandako ildoarekin jarraitzea da plana, eta agian blog kategorian euskal kulturari eskainitako beste kategoria bat plazaratzea, uste dugulako euskal kulturak harreman hertsia duela azaltzen dugun guztiarekin, eta egunen batean bideoak egin nahi genituzke», aurreratu du Madorranek, artikuluetan emandako azalpenak bideo formatura pasatzeko ideia aipatuz. Euskara eta euskal kulturari zabalpen handiagoa ematea da gakoa, izan jakin-minak piztuta, zalantzaren bat argitu nahian edo ariketa bat egiteko laguntza bila; euskara da ardatza eta “Partekatu”, Gasteizen sortutako tresna. El portal digital «Compartir» tiene más de 30 mil visitas al mes, realizadas principalmente desde el País Vasco, pero también desde Sudamérica...; sobre todo, para los jóvenes vitorianos que invierten su tiempo libre en este «