GAUR8 - mila leiho zabalik

Irlanda


Sinn Fein alderdi konferentzia (Ard Fheis) egiten ari da gaur Dublinen. Ard Fheis berezia dela esango nuke. Mary Lou McDonald eta Michelle O’Neillek lidergoan egonkortu eta alderdia haratago eramatea lortu dute. Ez da erraza Gerry Adams eta Martin McGuinness bezalako buruzagiak ordezkatzea. Barne autoritatea eta kohesioa mantendu eta gainera kanpora begira karisma, ezagutza eta errespetua bereganatzea.

Michelle O’Neill zerrendaburu, Sinn Fein alderdi bozkatuena bilakatu da Irlandako iparraldean. Bazirudien demografia izango zela errepublikanoek iparraldean hauteskundeak irabazteko bidea, baina ez, sorpasso demografikoa gauzatu aurretik lortu du garaipena Sinn Feinek. Eta horrek badu, sinbolikoki bada ere, bere garrantzia. Gobernua osatu ezinik, baina esango nuke Sinn Feinek eta Michellek lidergoa indartzen jarraitzen dutela. Brexitak eta horren ondorioz Erresuma Batuak bizi duen sistema “kaos” orokorrak ez du Brexita babestu zuten unionisten alde egiten.

Irlandako hegoaldean, errepublikan, Mary Lou McDonald oposizioburua gero eta gertuago dago taoiseach (lehen ministro) bilakatzetik. Inkesta guztien arabera, gaur Sinn Feinek irabaziko lituzke irlandar hauteskundeak.

24 urte pasatu dira 1998ko apirilaren 10ean Ostiral Santuko Bake Akordioa sinatu zenetik. George Mitchell senatari estatubatuarrak gidatu zuen elkarrizketa prozesua eta berak publikaturiko memoria liburuan azaltzen duenez, akordioa publiko egin baino 10 minutu lehenago ez zegoen aldeen arteko adostasunik. Eta apirilaren 10a zen, hain zuzen, aurrez adosturiko arauen arabera akordioa erdiesteko azken egun posiblea. Elkarrizketa eta negoziazio prozesu hori apirilaren 10ean amaitzen zen, akordioarekin edo gabe. Akordioari baietza ematen azkenak unionistak izan ziren.

Adostu eta publiko egin arteko 10 minutu horietan akordioa sinatu zuen pertsona bakoitzak pentsatu zituenak jakin nahiko nituzke. Gerry Adams eta Martin McGuinness kenduta inork gutxik pentsatuko zukeen 2022an Sinn Feinen egoera dena izan zitekeenik. Edo akaso bai, eta horrexegatik, hain zuzen, izan ziren unionistak akordioa sinatzen azkenak; orduan eta egun jarrera berdina mantenduz, Stormonteko gobernu osaketa blokeatzen jarraitzen dute. Orduan ez bazien funtzionatu are gutxiago funtzionatuko die egun.

Sinn Feinek, orduan eta egun, helburu politiko argi eta nagusia adierazi du: irlaren batasuna. Bake akordioak irlaren batasuna posible egiteko bidea arautu zuen. Eta araudi adostu horrek «argitasun lege» moduko bat, bakea eta gobernagarritasuna ekarri zituen. Akordio onargarria alde guztientzat. Win win. Zergatik? Batzuek uste zuten arauturiko bide hori ez zela sekula ibili beharko, hori behartzeko egoera politikorik ez zelako sekula iritsiko, eta ondorioz, statu quoa inposatuko zela. Izan ere, border poll (erreferendumak) mekanismoa aktibatuko duten alderdiak behar dira ipar zein hegoaldeko gobernuetan. Eta 1998an baziren hori sekula gertatuko ez zela uste zutenak. Besteentzat, batasunerako mekanismoa nazioarteko akordio eta arau bilakatu izana garantia nahikoa zen bide baketsu eta demokratikoen bidez borrokan jarraitu ahal izateko. Eta 24 urte beranduago errealitateak arrazoia eman diela dudarik ez dut. Posible zen eta gainera lortu dute, zeren bi gauza oso ezberdin dira posible izatea eta lortzea.

Tendentziak, iragarpen onak, ekintzekin konfirmatu behar dira, txarrak aldarazi behar diren bezala, istorio honetan irakaspenen bat badago, hori, etorkizuna determinatua ez dagoela baita. Norbere ondo eginak eta okerrak baitira errealitatea zizelkatzen dutenak, atzo, gaur eta bihar. 1998ko apirilaren 10eko 10 minutu horietan edozer okertu izan balitz… •