NOV. 05 2022 «Sañu» Joxean Agirre Sarrionandiak bere haurtzaroaz ari zela, «Ez da Danubio deitzen, ez da Mississippi, Ibaizabal deitzen da nire sorterriko ibaia», esan zuen bezalaxe, guk ere esan genezake ez dela Aizkorri eta gutxiago K2, Sañu deitzen dela gure haurtzaroko mendia. Azken nobelan oso labur kontatu nuenez, aitonaren exodoa ere, gure familian egin den balentriarik handiena, eremu horretan kokatzen da, Aizarnako Anatsandik Azpeitiko gure jaiotetxera egin baitzuen bidaia, hutsa, 15 kilometro gehienez, Sañu igo eta jaitsi. Onak zeuden gure familian urruneko kontinenteak konkistatzeko! Auzo berrian, Txillarramendin, etxe bakoitzean bertsolari bat aurkituko zuten. Horkoak ziren Txapel eta Zepai, horkoa zen Patxi Iturzaeta eta Saberrin bizi zen umetatik Joxe Lizaso ere. Azken honen errautsak Sañuko gurutzetik gertu daude, berak hala eskatuta, hesiz babestutako txoko batean. Sañuko gurutzearen kontra sailak genituen. Handik itsasoa ikusten da eta umeak ginela, hondartzara ordez hara joaten ginen lanera, laguntzera edo enbarazu egitera eta amak itsas kolorea hartzen genuela esaten zigun, itsasoa hogeita hamar bat kilometrotara dagoen arren, gure ama oso baikorra baitzen. Auzo berrian, Aizarnakoan ez bezala, argindarra zuten, Akamendiko turbinak ekoitzia eta tarteka, zuhaitzen batek kableak jo zituelako edo, argia joaten zenean ume andana elkarrekin ilunpetan joaten ginen bizkar batera eta «Migeeeel!» hots egiten genion Errezilgo mugan argi erregistroa zaintzen zuen mutilzaharrari eta miraria badirudi ere (halakoxea izango zen isiltasuna, gurean ez baita sopranorik eta tenorerik), entzun egiten zuen eta «zeeeer?» erantzuten zuen eta «argiyeeeee» esaten genion eta argia itzuli egiten zen. Harriduraz jarraitzen ditut Statkraften parke eolikoari buruzko berriak eta txunditu egiten nau errota eoliko bakar bat Azpeiti osoko argi premiaren erdia osatzeko gai izango dela jakiteak. Inguruan bizi diren baserritarrei (tartean bada hara bizitzera joandako kaletarren bat edo beste ere) eguneroko paisaia hondatuko die proiektuak, guri haurtzaroko mundu poetikoa hondatuko digu, besterik. Eta negu beltzean haize bortitzen batek etxeko kristaletan joaz esnatzen banau, Prometeo erraldoiak jainkoei sua bezala, Sañuko erraldoiak jainkoei argindarra lapurtzen arituko direla pentsa nezake, berogailuen epelean berriro lokartzen naizen bitartean. •