Garazi Goia – @GaraziGoia
Idazlea

Gertutasuna

BBCk mendeurrena ospatu zuen urriaren 18an. Hamarkada batez erakunde miresgarri horren ibilbidean ekarpen txikia egiteko aukera izan nuen ohoretik idazten dut; eta, onartu behar dut oraindik sentitzen dudan lotura emozional horrek askotan ez didala uzten objektibotasunez iritziak ematen.

«BBC gurea da, gu BBC gara», esan zuen korporazioko historialari ofizialak ospakizunetako hitzaldi batean. «Netflix mundu osoaren adierazle da; BBCk, aldiz gu garena adierazten du». Britainiartasunaz ari zen, kulturaz, identitateaz, komunitatearen indarraz, lekuko sormenaz.

Gertutasunaz.

Kontzeptu horiek denek “gu” oso zabala irudikatzen dute. Horri egin diote hainbatek eraso, gobernu kontserbadoreak tarteko. Brexitaren inguruan ez zuela jakin erdian mantentzen esan zitzaion eta Europan gelditu nahi zutenen alde posizionatu zela. Horrek mina egin zion, eta inpartzialtasuna zikindu zuen. Prentsa sentsazionalistaren etengabeko erronketan elitismoaren etiketa jartzeak arnasa estutzen dio. Audientzia gazteak beste leku batzuetara doaz.

Finantziazio ereduaren etorkizuna ezbaian dago. “Gu“ horren definizioa zalantzan jartzen da. Uniformetasuna kontrajarria da-eta, merkatuan dagoen fragmentazioan irabazteko.

Gertutasunaz hitz egin nahi dut. Netflix, Apple, Disney+ eta Google iritsi ezin diren eremu horretaz. Belaunaldi ezberdinak elkartzeko. Desinformazioaren garai hauetan, inpartzialtasunaren bertsio hoberena ezinbestekoa delako, bere inperfekzioekin bada ere. “Informatu, hezi eta entretenitu” lema inoiz baino garrantzitsuagoa da aldaketa sozial eta politikoen erdian. BBCk urteetan bete duen “itsasgarri” lana egiteko beharra inoiz baino garrantzitsuagoa da.

BBCren makineria handiegia eta zurrunegia da askotan erabakiak azkar hartzeko. Jende asko kaleratu dute, kostuak kontrolatzeko ahaleginean. Ez dira izan Meta-k gaur hartu dituen mailako neurriak –11.000 langile kaleratuz–, baina konpetentzia berriaren erregelak horiek direnean, jokoa aldatzen da.

«TikTok, Instagram eta Twitterreko kazetaritza legitimatu da, horietarako audientzia bat badagoela baieztatu da», esan zidan BBCko kazetari batek. «Halere, egunero ate horretatik sartzen naizenean, munduko kazetaritza etxe hoberenean nagoela sentitzen dut».

Etxearen balioekiko konpromiso hori laudagarria da eta ohore hori sentitzeak indar handia dauka. Langileek horretan sinesten dutenean, sentimendu kolektibo horrek sortzen duen energia eguneroko emaitzetan islatzen da eta, zalantzarik gabe, beste gertutasun bat sortzen du audientziekin konektatzeko orduan. Horrek “salbatuko” du BBC epe motzean. •