GAUR8 - mila leiho zabalik

Esku batekin arbasoek bidalitako idatzizko keinua


Bai, badakigu oraingo euskaldun batek eta Irulegiko eskuan hizki horiek grabatu zituen gizasemeak edo alabak nekez ulertuko luketela elkar. Inor ez da besterik pentsatzeko bezain lerdoa, eta ironiarako tarterik badago esan daiteke arrazoi nagusia ez dela linguistikoa, tenporala baizik: ezinezkoa baita biek topo egitea. Ea txorakeriak esateari uzten diogun behingoagatik. Sikiera duela bi mila urte baino gehiago Arangureneko bailaran bizi izan zen hark eskuekin –esku batekin, hobeto esan– keinuak eginez haien berri izateko aztarna utzi zuen.

Baina zergatik nabarmentzen dira hainbeste horrelakoak hain zuzen euskarari buruz aritzerakoan? Izan ere, beste horrenbeste esan daiteke beste edozein hizkuntzaz. Alegia, egungo hiztun batek, edozein dela bere hizkuntza, nekez ulertuko lituzkeela bere aurrekoak, ezingo lukeela hizkuntza horren jatorrizko bertsioa entenditu egungoarekin konparatuta izugarrizko aldea duelako. Euskal Herrian izan ezik, inork ez du inon arreta kontu horretan jartzen.

Halere, euskararen kasuan zenbaitek ebidentzia hori titularretara eramateko beharra daukate, arrazoi politiko agerikoengatik, euskararen aztarnak eta euskarak bere lurraldean dituen sustraiak lausotuz edo gutxietsiz Euskal Herriaren existentzia eta haren gainean herri proiektu oso bat garatzeko zilegitasuna kolokan jarri nahi dutelako. Ukazioa da, hain zuzen ere, gai honi beste askori bezalaxe zentzu txarreko kutsu politikoa ematen diona. Espainolismoa da gaia «politizatzen» duena, eta espainolismoaren pipia forma ezberdinak hartzen ari da azkenaldian, betiere euskal abertzaletasuna eta euskal nazioaren eraikuntza kaltetzeko.

Ez dira egunok, alabaina, pipertuta ibiltzeko. Halakorik esatea oso originala ez bada ere, Irulegiko aurkikuntza zorionekoa izan da. Are gehiago, zinismoak, esnobismoak edo autogorrotoak eragindako gehiegikeriek eta zapalkuntzaren aldekoen mezu erasokorrek sare sozialetan sortzen dituzten liskar eta ika-mikek besterik adierazten badute ere, albisteak oso harrera ona izan du herritarren artean. Batzuei irakurrita besterik pentsa badaiteke ere, jendea nahiko zentzuduna da. Ikasgaia beharko luke izan horrek ere azken boladan hautsak harrotzen dituzten zenbait polemikari aurre egiteko orduan, purrustadek eta zakarkeriak sortzen duten girotik ihes egiteko.

Zorionekoa aurkikuntza

Bai, zorionekoa izan da aurkikuntza, lehenik eta behin zientziaren eta ezagutzaren aldetik, iraganaren ezagutzak etorkizunari aurre egiteko lanabesak eskaintzen baititu. Arkeologiaren eta historiaren bidetik, kulturari eta hizkuntzari sekulako ekarpena egin eta egingo zaielako. Herria egiten delako.

Jakina, lehen-lehenik aztarnategian eta ondoren aurkitutako piezarekin egindako lan handia goraipatu behar da. Horrekin batera, gainera, aurkikuntzaren berri emateko moduetan ere bete-betean asmatu dela esan beharra dago. Hedabideekin egindako aurrelanketak, alde batetik, eta erakundeetatik izandako inplikazioak, bestetik, gertakariari behar bezalako garrantzia ematea ahalbide dute. Seguru asko, adibide bat jartzearren, beste garai batean edo bateko Nafarroako lehendakaria ez zen halako ekitaldi batean agertuko. Zorionekoa, beraz, egindako lan guztia, indusketa eta ikerketatik hasi eta aurkikuntzaren aurkezpenera arte. •