NOV. 19 2022 Hezkuntza legeaz, adibide pertsonaletik Asier Aiestaran Azken hilabeteotan EAEko Hezkuntza lege berriaren inguruko eztabaida interes eta kezka handiz jarraitzen ari naiz. Interes handiz, gai oso garrantzitsu baten inguruan ikuspegi desberdinak kontrajartzeko balio duelako eta argumentu oso baliagarriak azaleratzen ari direlako; kezka handiz, asko estimatzen dudan nire inguruko jendearen artean arrakalak sortu daitezkeela edo zeudenak areagotu daitezkeela ikusten dudalako. Zehazki, publifikazioaren aldeko ahotsen eta Ikastolen Elkartearen eredua defendatzen dutenen arteko talkak kezkatzen nau batez ere. Nire ikuspegitik bi proiektuek dituzte indargune handiak eta eztabaida bere aldera eramateko pisuzko argumentuak, baina era berean bi aldeek dituzte iskin egin eta ezkutatzea nahiago duten ahulguneak. Indarguneak sarri aipatzen dituzte proiektu bakoitzeko ordezkariek. Eskola publikoaren kasuan doakotasuna eta maila ekonomiko desberdinetako ikasleen bilgune izatea lirateke nabarmenenak; ikastolen kasuan hamarkada luzez euskararen alde egindako lana edo ikuspegi nazionalaren aldeko apustua leudeke. Esan gabe doa, eztabaida gehienetan bezala, norberaren indarguneak bestearen ahulgune direla hemen ere. Horregatik, eta egoera ikusita, asko gustatu zait EH Bilduk egunotan plazaratu duen gogoeta, liskarrak alde batera utzi eta ahal den heinean lankidetza bultzatuz, azpimarra etengabe desberdintasunetan egin beharrean. Eta biluzten hasita, jar dezadan nire kasu pertsonala adibide moduan, askotan kasu indibidual konkretu batek lelo orokor ponpoxo batek baino gehiago balio duelako. Ikastolako ikaslea izan nintzen ni, nire gurasoek ikastolen proiektuan sinesten zutelako bere sorreratik. Halaxe erakutsi zidaten niri ere eta argi daukat euskara eta Euskal Herriaren ikuspegi nazionala ezinbestekoak direla nire semeen hezkuntzan. Era berean, nire bikotea irakaslea da eskola publikoan eta edozein forotan sutsuki defendatuko ditut, adibidez, doako hezkuntza publikoak gizarte kohesioaren ikuspuntutik dituen onurak. Gure kasuan, zirt edo zart egiteko orduan, semeak ikastolara eraman ditugu azkenean, ez zalantzarik gabe. Baina erabakia bat ala bestea izan, aldatzen ez dena euskararen eta Euskal Herriaren aldeko jarrera da. Eta horretan batera baldin bagaude, ziur denok amesten dugun etorkizuneko hezkuntza sistema hori gero eta gertuago egongo dela. •