NOV. 19 2022 Hurrengo batean ikusiko dugu elkar zoriontasunaren iraultzan Zoriontasunaren iraultza egin beharko genuke (Idoia ZABALETA/FOKU) Ana Elosegi Serna Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea 2016ko martxoan hasi nintzen GAUR8 aldizkarirako hilabetean behin idazten, eskaini zidatelako eta gustatzen zaidalako hainbat gairen inguruan solastatzea eta hausnartzea. Gaurko honetan agurra idaztera noa, sei urtez idazten egon ondoren atsedenaldi baten beharra sentitzen dudalako, eten bat egin eta freskaldi bat hartzeko beharra. 2016ko martxoko lehen iritzi artikuluan nire aitari idatzi nion eskerrak ematen, eta harrezkeroztik gai mordoaz eta nire bizitzan garrantzitsuak izan diren pertsonei eta pertsonez idatzi dut zuzenean edo zeharka. Baita ere nire ikaskuntzan eta bide pertsonalean garrantzitsuak izan diren gaiez ere: harremanak, dolua, sexualitatea, inbidiak, maskulinitatea eta feminismoa, abusu sexualak, suizidioa, nerabeak... Gaurkoan, ibilbide txiki hau amaitu nahi nuke nire amari eskerrik beroenak ematen, bere pozaldi eta ezintasunetan bere modura presente egon zelako, eta senari kasu egiten bere ondoan ikasi nuelako. Izan ere, denboraren poderioz ohartu naiz uste nuena baino askoz gehiago ikasi nuela bere alboan, bere altzoan… Memento txarrenetan ere saiatu zelako guk ezeren falta ez izaten, bere modura maitasunaren hazia landatu zuelako. Bizitza eman zidalako, eta esentzia. Eta Ama guztion lehengaia izanik, ezin agurtu bera aipatu gabe eta eskertu gabe. Ni ez nintzatekeelako bera gabe. Bestetik, aipatu nahiko nuke gaur egun bizitzen ari garen angustia eta beldurraren garaia. Gaur egungo kazetaritzaren mezuaren aldaketa beharra, covid-19 garaia ikaragarria izan zen eta hain gertu izanik ematen du ahaztu dugula… Ordutik aurrera, sentsazioa daukat ez ote duen guztiz indarra hartu angustia eta beldurraren mezuak, jendartea paralizatuz eta depresio orokorrean sartuz. Albisteak entzun besterik ez daude: Ukrainako gerra, argindarraren prezioaren igoera, krisi ekonomikoa, gaixotasunak, eguraldia bera ere gaixotu dugu… Kontsultan jendea beldurturik eta angustiatuta ikusten ari gara, entzuten duten guztia katastrofikoa delako, eguna eta oraina zoriontasunean ezin bizirik… Zoriontasunaren iraultza egin beharko genuke, hausnartu zertan ari garen eta zer lortu nahi dugun albiste hauek guztiak behin eta berriz etengabe gure jendarteari eskaintzen. Zoriontasunaren iraultza egin beharko genuke, kazetaritza esparru berri bat osasuntsua, alaia… eguneroko bizitzan mila gauza, ekitaldi, ekimen eta egitasmo sortzen direlako osasunaren inguruan, bizipozaren alde, elkar zaintzaren alde, autogestio emozionalaren alde…. Gizarte bezala gaixotzen ari gara, angustiak eta beldurrak gain hartuta. Zoriontasunaren iraultza egin beharko genuke lehenbailehen, irribarrea eta zoriona, elkar zainketa eta norbere zainketa landuz, tribuari indarra emanez eta natura errespetatuz... Zoriontasunaren iraultzan elkartuko gara! •