Gorka Zozaia
Kimikaria

Zarama harri bihurtzen denean

Esana zigun Joseba Sarrionandiak «Zaramalogia» olerkian, nola zarama ontzietan depositatzen den gure soziologia material eta sakona. Nola lerroz lerro jarritako zazpi zarama hontzi horietan antropologia artxiboan baino humanitateari buruzko datu gehiago zeuden. Zibilizazioaren poetika hura, bete-betean agertzen zaigu aste hauetan zehar AWG (Antropozenoaren Lantaldea) delakoaren lanean. Pasa den azaroaren 17an bildu zirenetik, 30 egun dituzte geologo, klimatologo eta paleontologo hauek Holozenoaren hurrengoa izango litzatekeen garai geologikoaren arrastorik nabarmenenak Lurreko zein tokitan aurkitzen diren erabakitzeko. Antropozenoa da garai hori, eta gizakion jarduerak geruza estratigrafikoan utzitako arrastoa du abiapuntu, hots, zarama harri bilakatu denekoa.

«Zarama» esanda, literalki, eguratsaren bidez noranahi zabaldu diren material artifizialez ari gara, prozesu anitzen albo produktu gisa. Karbono dioxidoaz beraz gain, gasolinaren errekuntzaren hondarrak, mikroplastikoak edo teknofosilak aurki daitezke harri bihurtuta, baina markatzaile nagusia plutonio-239a da, Nagasakin jaurti zen bonbaren eta proba atomiko gehienen albo produktua. Berau, bestelako erradioisotopoekin batera, lurretan, itsas hondoetan, tutuetan aurkitzen ahal da, edo harrapatuta izotzetan, edo zuhaitzen enborretan. Eguratsaren bidez, noranahi heldu da hamarkadetan bota izan dugun zarama, baina soilik leku batzuetan pilatu da hoberen bere ikerketa gaur, eta batez ere etorkizun luze batean, posiblea eta esanguratsua egiteko moduan. Hainbat hautagai baztertu ostean, bederatzi lekuren artean aukera egin behar dute AWGko kideok, eta bidenabar, garai berriaren eskala adostu.

Euskalduna da lantalde honetako kide bat, Alex Cearreta, eta berton dugu iraunkortasun eskasagatik baztertu zen leku bat; Tunelboka (Getxo). Pasa den urtean NAIZek elkarrizketatu egin zuen Cearreta in situ, eta informazio gehigarri ugari topatuko duzue bertan, baita lerrootara gaia duela ia zazpi urte ekarri nuenekoan ere: “Eta orain, Antropozenoa!”. Orduan salatzen nuen nahiko ariketa antropozentrikoa zela gizakiok etapa geologiko berri bat zabaltzeko gai izan garela aitortzea –klima aldaketa antropogenikoarekin sintonian–, baina zalantzarik ez da zarama alimaleko kantitateetan sortu izan dugula eta, dagoeneko, harri ere egin zaigula. Are, giza eraikuntza handiena izan daitekeena zabortegi bat da, New Yorken, 150 milioi tona zarama 70 metroko altueran eta 8 milioi metro koadrotan biltzen dituena. 1948an zabaldu zen, eta 2002an itxi, dorre bikien hondarrekin. Fresh Kills bere izena, ezin poetikoagoa. •

Igarri metalezko ahoen mezua: ugarian eta naharoan akabatuko gara, dietak egin beharko ditugu alde honetakoek, bestaldekoak gosez, egarriz eta euliz hiltzen diren bitartean.

Zaramalogia, J. Sarrionandia