DEC. 03 2022 QATARREKO B ALDEA Futbolaren eta politikaren arteko etengabeko talka Munduko Txapelketan Duela hamarkada bat baino gehiago hartu zen Munduko Kopa Qatarrek antolatzeko erabakia. Polemika egon zen eta FBIk ere FIFAren kontrako ikerketa bat abiatu zuen. Txapelketaren hasiera gerturatzen ari zen heinean, eztabaidak eta ika-mikak berpiztu egin dira eta zeresan gehiago eman dute zelai gainean gertatu denak baino. Infantino Qatarreko emirrarekin, Tamim bin Hamad Al Thani. (Fabrice COFRINI / AFP) Manex Altuna Herrialde arabiarrean gertatzen diren giza eskubideen urraketak, emakumeen egoera edo homosexualitatea izan dira hizpide Munduko Txapelketa hasi eta lehen egunetan. Ahaztu gabe, estadioen eraikuntzan egindako milioika eurotako gastu ekonomikoa; zer-nolako kostu ekologikoa izan duen, basamortuan eraiki direlako; eta eragindako hildakoak, hain zuzen, 6.500 izan baitira “The Guardian” egunkariak egindako ikerketa baten arabera. Qatarrek 40 bat onartu zituen eta orain 400era igo du kopurua. Isiltasuna nagusi Gutxi izan dira kontra agertu diren ahotsak, batez ere, protagonista nagusien partetik. Futbol federazio gehienen jarrera adierazgarria izan da. Xekeen diruari men egin diote. Ez da ezer berria. PSG edo Manchester City bezalako taldeak erosi zituztenean ere berdina gertatu zen. Sailkatu gabe geratu zen Norvegiako futbol selekzioa edo Jurgen Klopp alemaniarra izan dira ausartu direnetako batzuk. Liverpool taldearen entrenatzaileak ezkertiartzat du bere burua eta «guztiok izan gara errudunak» esan zuen. Gogora ekarri zuen astia egon dela antolatu eta aurre egiteko, baina «isiltasuna» nagusitu dela gertatzen ari zenaren berri izan arren. Estadioak eraikitzen hildako langileez mintzatu zen, ezinezkoa dela tenperatura horietan lan egitea, baina horren kontura «jende askok dirua irabazi du», azpimarratu zuen. Bartzelona taldean jokatzen duen Hector Bellerinek ere antzeko hausnarketa egin zuen, onartuz kontraesan handia izango zela berarentzat Qatarren parte hartzea. Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzaileak, berriz, esan zuen Munduko Kopa honek argi erakusten duela futbolaren mundua eta gizartea bera «zer bihurtu garen» eta, tamalez, baloia mugimenduan jartzen denean giza eskubideen urraketak ahaztu egingo direla. Presidentearen jarrera Gianni Infantino, FIFAko presidentea nazioarteko agertokia baretzen eta lausotzen saiatu da Munduko Kopa abiatu aurretik. G20ko agintariei zuzendu zitzaien Ukrainan su eten bat adosteko eta federazio guztiei eskutitz bat bidali zien futbola dela garrantzitsuena ohartarazteko. Aldarrikapenak alboratzea zen mezuaren muina eta, borobiltzeko, kritika guztien kontrako hitzaldi ziniko bat egin zuen txapelketa hasi aurreko egunean. Txikitan ilegorria eta bekaduna zelako diskriminazioa jasan zuela esan zuen eta, auzo-lotsa eraginez, arabiarra, afrikarra, ezgaitua, gay eta langile migratzailea «sentitzen» dela gehitu zuen. Frantziaren erantzukizuna Txapelketa hasi aurrerik FIFAko presidente izandako Joseph Blatter ere mintzatu zen. Qatarren aldeko hautua «hanka sartzea» izan zela esan eta erabakia nola hartu zuten azaldu zuen. Blatter auzipetua izan zen, garai hartan UEFAko presidente izandako Michel Platinirekin batera. Berak eta presidente izandako Nicolas Sarkozyk bultzatu zutela hautagaitza gaineratu zuen jokalari ohi frantziarrak. Diru kontuak aipatu zituen, nola Qatarrek hegazkinak erosi zizkion Frantziari bere babesaren truke. PSG taldearen salerosketa ere sasoi horretan gertatu zen. Egungo presidente Emmanuel Macronek Qatarrekin harreman ona daukatela onartu eta kirola ez dela politikarekin nahastu behar gaineratu zuen. Ezin da ahaztu 2024an Parisen jokatuko direla Olinpiar Jokoak. Finalerdietarako sailkatuz gero, Qatarrera joango dela ziurtatu du Macronek eta finalean ere egoteko asmoa daukala. Estatu espainoleko ordezkari gisa Felipe erregea joan da. Herrialde arabiarrak 4.700 miloi eurotik gorako inbertsioak egingo dituela Estatu espainolean ziurtatu zuen maiatzean Madrilera egindako bisita batean. Moral bikoitza Infantinok lehen partidaren bezperan egindako hitzaldian Europa ez dagoela inolako irakaspen moralik emateko moduan adierazi zuen. Azken 3.000 urteetan egindako guztiarengatik, beste 3.000 urtez barkamena eskatzen egon beharko litzatekeela esan zuen. Europako Parlamentuak FIFAren «ustelkeria» salatuz eta futbolaren irudiari min egin zaiola kritikatuz erantzun zuen. Qatarrek eta nazioarteko futbol federazioak hildako langileen familiei eragindako kalteak ordaindu behar dituztela gaineratu zuen. Aldi berean, Alemaniako eta Ameriketako Estatu Batuetako ordezkari politikoek egin dituzte giza eskubideen aldeko aldarri ozenenak. Baina hori esaten zuten bitartean akordio ezberdinak sinatu dituzte egunotan Qatarrekin. Estatubatuarrek armak salduko dizkiote ia 1.000 milioiren truke eta europarrek gas likidoa erosiko dute. Zuzenkeriaren atzean, moral bikoitza: gauza bat esan eta beste bat egin. Ostadarra estalita Zazpi selekziotako kapitainek LGTBI kolektiboaren aldeko besokoa eramateko asmoa agertu zuten txapelketa hasi aurretik. Qatarreko agintariekin arazoak ekiditeko, homosexualitatea legez kanpokoa baita herrialde arabiarrean, FIFAk zalapartarik sortzen ez duten leloak erabiltzeko hautua egin zuen. «Futbolak mundua batzen du» edo antzeko mezuak ezarri zituzten eta txartelekin mehatxatu zituzten araua betetzen ez zutenak. FIFArena da eskumena, eta besoko bat debekatzen duen bitartean isunak jarri behar dizkie Mexiko eta Ekuadorreko zaleei kanta edo lelo desegokiengatik. Hainbat zalek salatu dute ostadarraren koloreetako kamisetak eta txanoak kendu dizkietela zelaira sartzean. Alemaniako jokalariak ahoa estalita FIFAren kontrako protestan. (Ina FASBENDER / AFP) Zigorrek lehian izan lezaketen eraginaren beldur, Ingalaterrak, Galesek, Belgikak, Suitzak, Alemaniak, Herbehereek eta Danimarkak uko egin zioten besokoan ostadarra jartzeari. Alemaniako jokalariek ahoa estali zuten Japoniaren kontrako lehen partidan eta Nancy Faeser Barne ministroak palkoan eraman zuen besokoa. Hansi Flick hautatzailea haserre agertu zen FIFAren jokabidearekin eta federazioak adierazpen askatasuna eta giza eskubideak defendatu behar dituela aldarrikatu zuen. Danimarkako federazioarekin batera betoaren aurka auzitara jotzeko asmoa aztertzen ari dira. Eskandinaviarrek ziurtatu dute ez dutela Infantinoren alde bozkatuko hurrengo hauteskundeetan. Ingalaterrako jokalariak, berriz, belaunikatu egin ziren Iranen aurka arrazismoa salatzeko keinua gogora ekarriz. Iran Komunikabideen aldetik presio gehien jaso duen selekzioa Iran izan da. CNNk, adibidez, jokalarien familiek agintarien mehatxuak jaso dituztela argitaratu zuen AEBen kontrako partida jokatu aurretik. Irailetik istiluak egon dira herrialde persiarrean 22 urteko emakume bat hilda agertu baitzen poliziak «janzkera desegokia» eramateagatik atxilotu ostean. Irango jokalariak Galesen kontrako garaipena ospatzen. (Nicolas TUCAT / AFP) Irandar jokalarien mugimendu eta keinu oro aztertu da. Atzerritik iraultza babestea eskatzen zitzaien eta agintariek begiradapean izan dituzte. Ingalaterraren kontrako partidaren atarikoan ez zuten ereserkia abestu eta Gobernuaren kontrako protesta gisa ulertu zen. Hurrengo partidetan, bai, kantatu dute. Carlos Queiroz entrenatzaileak nazkaturik bukatu du eta gogor erantzun die kazetariei Irango egoeraz galdegin diotenean. Sky kateari, esaterako, Ingalaterran dauden langile migranteen egoeraz kezkatzeko erantzun zion. Irango giza eskubideen urraketez galdetuta, Ingalaterra edo AEBetako entrenatzaileei beren herrialdeek Afganistanen egindakoari buruz itauntzeko erantzun zuen. Multzoen faseko azken jardunaldian kanporatuta geratu dira AEBen kontra galdu ondoren, eta Antony Blinken estatubatuarren Estatu idazkariak futbolak «batzeko» daukan indarra goraipatu du. Protesta, eta libre Portugalen eta Uruguairen arteko partidaren 52. minutuan Mario Ferri italiarra zelaira atera zen ostadarraren koloreetako bandera batekin eta Irango emakumeen aldeko eta Ukrainaren aldeko mezuak zituen Supermanen kamiseta batekin. Ez da lehen aldia horrelako protesta bat egiten duena, Txapeldunen Ligako partida batean zein Brasilgo Munduko Kopan ere egin baititu. Kartzela zigorra jaso zezakeela zabaldu zen, baina atxilotua izan ondoren, libre geratu da inolako kargurik gabe. Infantino bera arduratu zela aske uzteaz esan zuen. Mario Ferri italiarrak egindako protesta. (Odd ANDERSEN / AFP) Brasil Hego Amerikako herrialdeetan kirol arloari erreparatu diote, batez ere. Ekuadorren selekzioko hautatzaile Gustavo Alfarok jokalari bat defendatu behar izan zuen agerraldi batean. Giza eskubideen inguruan galdegin zioten Moises Caicedori eta entrenatzaileak mikrofonoa hartu eta jokalaria «arazoetan ez sartzeko» eskatu zien kazetariei. «Giza eskubide guztien alde gaude mundu osoan», gehitu zuen. Argentinan ere Munduko Kopa irabaztea prezioen igoera etetea baino garrantzitsuagoa dela esan zuen Gobernuko ministro batek. Hainbestekoa da futbolaren pasioa, ezen Saudi Arabian festa eguna izan zuten Argentinari irabazi ziotela ospatzeko. Brasilen, aldiz, hauteskundeak igaro berri dira eta hainbat futbolari –Neymar, adibidez– galtzaile atera zen Bolsonaroren alde agertu ziren. Presidente ohiaren semea ere politikaria da eta Qatarren dabil gobernu berriaren kontrako mezuak zabaltzen. Lularekin bat egin zuten Juninho Pernambucano edo Rai futbolari ohiek selekzioaren garaipen batek herria batzeko balioko duela espero dute. Richarlison aurrelaria bilakatu da taldearen ikur eta gai sozialetan bustitzen den jokalaria da. Kosovo Jokalari serbiarrek ez dute ahazten 2018ko Munduko Kopan gertatutakoa. Suitzaren kontra galdu zuten eta Xhaka eta Shaquiri golegileek arranoaren keinua eginez ospatu zuten. Albaniako banderan dagoen ikurra da, Kosovo ere gogora ekartzen duena. Izan ere, bi jokalarien familien jatorria bertakoa da. Isun ekonomikoa jaso zuten. Bi taldeek berriro neurtu behar zituzten indarrak Qatarren. Final zortzirenetako postu bat zegoen jokoan, baina zerbait gehiago ere bai. Kosovoren eta Serbiaren arteko gatazkak indarrean dirau. Brasilen kontrako lehen partidan, jokalari balkandarrek aldagelan serbiar bandera bat jarri zuten, “ez dugu amore emango” leloarekin eta mapari Kosovo batuz. Palestina Herrialde arabiar batean jokatzen ari da Munduko Kopa eta Palestinarekiko elkartasun keinuak etengabe ikusten dira harmailetan. Ohikoa izan da Tunisia edo Marokoren partidetan Palestinaren banderak ikustea zaleen artean. Qatarrek jokatu duenean ere bai. Bestalde, Israeletik hegazkin bidaiak egiteko aukera ireki da, bi herrialdeen artean diplomazia harremanik ez dagoen arren. Hala ere, bertaratu diren Israelgo komunikabideei ez direla ongi etorriak erakutsi diete, sare sozialetan zabaldu diren bideo ezberdinetan ikus daitekeenez. Tunisiaren zale bat Palestinako banderarekin. (Anne-Christine POUJOULAT / AFP) Txina Txinako selekzioa ez da txapelketarako sailkatu, baina herrialdeko marka komertzial handienak babesle nagusietakoak dira. Txinatarrek telebistaz jarraitzen dituzte partidak eta dirudienez zentsura aplikatzen ari da jendea musukorik gabe dabilela ez ikusteko. Koronabirusarengatik neurri zorrotzak indarrean daude oraindik Asiako herrialdean. Alkoholik ez FIFAk, UEFAk edo Ligak egiten duten bezala, arautegi propioa ezartzen du eta baldintza konkretu batzuk eskatzen dituzte. Eurokopako partidak San Mamesen jokatu ahal izateko, UEFAk fiskalitatean aldaketa bat egitea inposatu zion Bizkaiko Foru Aldundiari. FIFAk ere berdina egin zuen Qatarrekin, estadioetan garagardoa edatea ahalbidetzeko, jakinda debekatua dagoela herrialde musulmanean. Hasiera batean onartu egin zuen, baina azken momentuan atzera bota da erabaki hori. Budweiser da FIFAren babesleetako bat eta protesta egin arren, alkoholik gabeko garagardoa bakarrik egongo da estadioetan. Euskal Herriko futbol zelaietan gertatzen den moduan, palkoetan posible da alkohola edatea baina harmailetan ez. Boikota Komunikabide guztiek modu batean edo bestean jarraipena egiten diete partidei. Futbol taldeek ere parte hartzen ari diren bere jokalarien emaitzak eta minutuak nabarmentzen dituzte. Herrialde batzuetan, Estatu frantsesean adibidez, hainbat hirik erabaki dute ez dutela pantaila erraldoirik jarriko selekzioak jokatzen duenean. Ikusiko da erabaki horri eusten dioten txapelketan aurrera egin ahala. Alemanian eta Belgikan ere taberna batzuek ez omen zuten telebistetan partidarik emango. Euskal Herrian ere egon da kasuren bat eta San Mameseko harmailetan boikota eskatu zuten, Athleticen eta Realaren arteko emakumezkoen derbian. Hala ere, lehiaketa ez da eten eta badirudi audientzia onak lortzen ari direla. Ziurtatu dutenez, Qatar eta Ekuadorren arteko inaugurazio partidak inoiz baino ikusle gehiago izan zituen. Eskoletan ere gaztetxoak partidak ikusten saiatzen dira klase orduetan. Eta zaleak? 2015ean Munduko Eskubaloi Kopa jokatu zen Qatarren, eta zalerik ez zeukatenez txarangak «alokatu» zituzten partidak animatzeko. Cuencatik zale talde bat joan zen eginkizun horretarako. Txapelketa honetan ere antzeko egoera sor zitekeela ematen zuen, baina badirudi azkenean ez dela horrelakorik gertatu. Miloi bat bisitari baino gehiago espero dituzte antolatzaileek. Arazorik handiena lo egiteko tokia aurkitzea da. Izan ere, eskaintza txikia eta garestia da. 1.000 euro baino gutxiagorengatik bidaiatu daiteke Bartzelonatik. Mexiko eta Argentinako zaleak dira gehien mugitu direnetakoak. Bidaia agentzia batzuetan ikusitakoaren arabera, lehen faseko hiru partida ikusteak 4.000 euroko kostua izango luke. Nolanahi ere, zaleen artean istilurik behintzat ez da gertatu oraingoz. Herrialde txikia izanda, kontrol soziala sekulakoa da. Bertara sartzen eta irteten diren pertsona guztiak kontrolpean dituzte. FIFA pozik egongo da, baita zuzenean edo zeharka Qatarren izendapena eta txapelketaren antolaketa babestu duten herrialde guztiak ere. La Polla Records taldearen kanta ezin burutik kendu: Gola zelaian, bakea lurrean... zein polita den futbola gobernatzen dutenentzat... Irango selekzioak jaso du komunikabideen aldetik presio handiena. Jokalarien familiak mehatxatuak izan direla argitaratu zuen CNNk AEBen kontrako partida jokatu aurretik Federazio guztiei eskutitz bat bidali zien FIFAko presidenteak, futbola dela garrantzitsuena esateko. Bestelako aldarrikapenak alboratu egin behar direla ohartaraztea zen helburua Brasilen kontrako lehen partidan, jokalari serbiarrek aldagelan herrialdeko bandera bat jarri zuten, «Ez dugu amore emango» leloarekin eta mapan Kosovo ere sartuta Zazpi selekziotako kapitainak LGTBI kolektiboaren aldeko besokoa eramateko asmoa agertu zuten txapelketa hasi aurretik, baina FIFAk zigorrekin egin zuen mehatxu Boikoterako deialdiak ugariak izan dira Frantzian, Alemanian edo Belgikan, esaterako, baina badirudi lehiaketa audientzia onak lortzen ari dela lehen aste hauetan Carlos Queiroz entrenatzaileak gogor erantzun zien kazetariei: Ingalaterra edo AEBetako entrenatzaileei beren herrialdeek Afganistanen egindakoari buruz itauntzeko eskatu zien