DEC. 10 2022 Martutene Oihane Larretxea Gurean normala zen militarren korneta entzutea, goizero sartzen zitzaigun “melodia” ibaiaren beste aldetik etxeko sukaldera. Loiolako kuartelen parean jaioa, nire bizitzako lehen urte haietan eraikin erraldoi hura paisaiaren parte zen. Hainbeste hamarkadaz bizilagunek eskatutakoarekin sintonian, 17 hektarea horiek Udalak erosiko dituen notiziak 80 eta 90eko hamarkada haietara narama. 73 milioi euro. Hiria zabalduz doa eta hortxe dago aukera paregabea. Bi mila etxe eta ekipamenduak. Zenbat emango zaio auzoari bueltan, zenbat interes publikoen mesedetan eta zenbat esku pribatuenean? Auzoa utzita, Martutenen sustraitu ginen denboraldi batez. Urumea bidelagun, garai haietan eta duela ez hainbeste arte, Martutene, Loiola, baita tarteko Txomin ere, periferia baino ez ziren, inoiz Donostia panpoxaren argazkian kabitzen ez ziren auzoak. Politikak eta politikariek abandonatutako biziguneak. Utzikeria totala izan da. Hori ukatuko duenik ez dago. Eta balego, gezurretan ari da. Ez mapetan ez udal politikagintzan presente, zenbat udal ordezkari joaten saiatu eta ez ote ziren bidean galduko! Eta arrazoiak soberan egon arren, hara ez zen inor hurbildu 2011n oroitzen diren uholde larrienetakoak gertatu ziren arte. Kanpainan sartzeko asmorik gabe, zin dagit: Juan Karlos Izagirre, orduan alkate, katiuskekin oroitzen dut. Bertan, lokatzetan. Literalki. Bilera ireki haietan uholdeek leherrarazi zuten urte luzez metatutako haserrea, dezepzioa… Orduan eta ez lehenago jarri zen martxan makineria arras konplexua eta beharrezkoa. Iraultza etorri zen, eta horrekin Txomin Enea Txomin Berria deitzeko joera (?!). Bertan bizitzeko itxarote zerrenda dago, eta diru eta hormigoiaren epelean izan bada ere, proiektu hark balio izan du betiko bizilagunei bizi baldintzak hobetzeko. Martutene berriz… mapan noiz sartuko duten zain dago. •