Iker Barandiaran
{ KOADERNOA }

Berandu da... aldatzeko?

Ezagutzen nautenek ondo dakite ez naizela puntuala, kontrakoa baizik; nahiz eta banabilen pixkanaka hobetzen -bazen ordua!-. Eta egia da itxaroten duenarendako errespetu falta dela berandu heltzea. Hala da.

Berandutze horrek zerikusia dauka askotan aurretiko tartean gauza gehiago egiteko saiakera (batzuetan) hutsalarekin. Norberari agortu ahal zaion denbora horri etekin handiagoa atera nahian, hain zuzen ere; eta, ondorioz -egia da- gero itxaroten egongo denaren kalterako.

Presaka bizi gara, gauza asko egin nahi ditugu denbora gutxian eta ez dugu etsi nahi izaten. Zurrunbilo batean sartuta gaude erabat, askotan konturatu gabe. Konpromiso gehiegi hartzen ditugu? Bizitzari (ustezko) zukua muturreraino atera nahi diogu? Ez dakit ziur zein den arrazoia, baina hala bizi gara, eta ez bat, ez bi, gehienok gaude horrela.

Are gehiago, badirudi gauza zehatzak egiteko ordu zehatzak daudela, eta ezin garela hortik hala moduz irten. Gogoan dut aspaldi gertatutako detaile txiki bat, luzaroan oroimenean iltzatuta gelditu zitzaidana, sinplea baina aldi berean esanguratsu eta larria iruditzen zaidana. Behin batean mendi bueltatxo bat egitea bururatu zitzaidan igande batean eguerdi aldera; eta hara non, ezagun batzuekin topo egin eta haietako batek «berandu zabiltza» bota zidan. Berandu zertarako? Zerekiko berandu? Zer suposatzen zen egin behar nuela horren aurretik? Eta ondoren? Hain pobrea iruditu zitzaidan norberaren askatasuna halako konbikzioz ezbaian jartzea. Bai, egia da, nire ordutegiekin horrenbeste kezkatu zena ingeniaria zen, baina ez zuen inork iragarri inongo ekaitzik ezta alerta horirik ere. Zer dela-eta, bada, kezka hori? Zerbaitek beraren (edo auskalo nork finkatutako) eskemak apurtu zituen, eta, arrazoi horregatik, naturaltasun osoz esan zidan, barrutik irten zitzaiolako. Eta, hain justu ere, horrek kezkatu ninduen gehien: hain barneratuta izatea erloju eta usadio zorrotzen menpe bizi behar izatea.

Ez, ez naiz hippy bihurtuko dagoeneko, baina miresten ditut (esateko modu bat da), adibidez, gaueko erreleboan lan egiten dutelako (ez justu ingeniariak) jatorduak eta aisialdi tarteak, besteak beste, erabat aldatzen dituzten horiek; loak derrigortuta badaude ere, nolabait korrontearen kontra dihardutelako egunerokotasunarekin lotutako hain praktika hertsietan. Horregatik -ere- badute meritua!

Eta paradoxikoa bada ere, errelebotan aritzen diren horiek dira makina (nahi duzun adieran… eta doinuan -garaiari keinu eginez-) gelditzen uzten ez dutenak.

Ez ditut jasaten pentsaera koadrikulatuak, nahiz eta badaukadan oraindik ere lagun ingeniariren bat nonbait; ez behintzat gauzak zalantzan inoiz jartzen ez dituztenak (eta berresten dut ez naizela honezkero hippy bihurtuko). Eta harago joan gabe gizarteko itxitura edo usadioen erruz gauza xumeen, egunerokoen, norberaren esparrukoen jabe ez izateak sutzen nau.

Pentsamendu bakarrak, ordutegi bakarrak, usadio berberak… Non gelditzen da, bada, norberaren gogo eta beharren zirrikitu propioa? Hori izan daiteke agian gizartean dagoen ezinegon, antsietate eta asebetetzerik ezaren arrazoietako bat. Ez, badira beste batzuk ere, baina gehiago berandutu gabe, hurrengo batean kontatuko dizkizuet.