DEC. 30 2022 Ez da alfonbra gorririk euskarazko zinema egiteko Iraila Zinemaldiaren hilabetea da, ilunetan sartu eta istorioak bizitzekoa, baita glamourrarena ere. Baina euskararentzat ez da alfonbra gorririk ikus-entzunezko ekitaldi nagusian: 511 emanaldietatik 60 soilik izan ziren euskaraz. Sail Ofizialean, bat ere ez. Hainbat herritar gure hizkuntzari pantailetarako bidea irekitzen ari da. Pantailak Euskarazen protesta Donostian, irailean. (Iñaki L.L. WIKIMEDIA Aritz LOIOLA FOKU) Maider Iantzi Euskarak ikus-entzunezkoetan duen leku eskasarekin arduratuta, ekimen ugari antolatu du jendeak. Udaberrian, indarrak batu eta Pantailak Euskaraz mugimendua sortu zuten sei proiektuk: Netflix euskaraz eta Disney+ euskaraz, Tinko Euskara Elkartea, bikoiztaileen murrizketei aurre egiteko Bieuse elkartea, zinemetan euskarazko edukiak bultzatzeko Zinemak Euskaraz kanpaina eta bideojokoetan euskara indartzea helburu duen Game Erauntsia. Zinemaldia hasi baino ordubete lehenago, elkarretaratzea egin zuten Kursaalen parean, euskalgintzako eta kulturako makina bat lagunek babestuta. «Nekez uler daiteke hainbeste diru publikorekin antolatzen den ekitaldi honetan, bi hizkuntza ofizial dauden lurralde batean, euskarak, eta beraz euskaldunok, horrelako diskriminazioa jasatea», salatu zuten tinko. Alex Aginagalde plataformako kideak GAUR8ri kontatu dionez, protesta hark oihartzun handia izan zuen eta kontaktu informala eduki zuten jaialdiko arduradunekin. «Euskara plan bat onartu berri dute eta prest daude gurekin bildu eta euskararen presentzia nola handitu daitekeen aztertzeko». 69. edizio honetan, 511 emanaldietatik 27 izan ziren jatorriz euskaraz, ele bitan ala hiru eletan, eta 33 saiotan jarri zituzten euskarazko azpidatziak. Guztira, emanaldien %11 izan ziren euskaraz. Gaztelaniaz ala gaztelaniazko azpidatziekin, berriz, denak, araudiak hala aginduta. Aretoetan estreinatzen diren filmei erreparatzen badiegu, egoera tamalgarriagoa da oraindik: %1 inguru izaten da euskaraz, eta «streaming» plataformetako pelikulen %0,1 baino gutxiago. Euskaraz sortutakoez gain, Zineuskadik Zinema Euskaraz programaren bidez bikoiztuta haurrentzat urtean hamar bat film estreinatzen dira Hego Euskal Herrian, baina ez dira Iparraldera iristen eta Nafarroara ere gutxi, bakan batzuk Iruñeko Golemera. Ez dute legea betetzen «Erakundeek ez dituzte euren legeak ere betetzen», gaitzetsi du Aginagaldek, ez EAEko euskararen normalizaziorako legea, ez Nafarroako foru legeak, ezta Europako eskualdeetako hizkuntzen karta ere. Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak 40 urte bete ditu eta zehazki aipatzen du zinema: «Jaurlaritzak neurriak hartuko ditu bi hizkuntza ofizialen erabilera arian-arian berdintzeraino», dio. «Zein urrun gauden. Hizkuntza ofizialen arteko berdintasun formala ez da berdintasun materiala. Euskal hiztunak bigarren mailakoak gara, eta horrek eragina dauka hizkuntza ohituretan. Gure aisialdia gero eta lotuago dago pantailei: telebista, tableta, sare sozialak... eta horietan euskararen presentzia oso txikia da. UEMAren azken ikerketak dioenez, udalerri euskaldunetako gazteek ere gaztelaniaz eta ingelesez kontsumitzen dituzte gehienbat edukiak». Zer egin daiteke? Pantailak Euskarazen arabera, EAEk eta Nafarroak gutxienez badituzte eskumenak hau guztia arautzeko eta estatuko Ikus-entzunezko Legea garatzeko. Zinemaren legea izateko eskumena ere badute. Kataluniak badu, eta %50 katalanez izatea ezartzen du. «Egia da Auzitegi Konstituzionalak %25era jaitsi zuela arau formalen batean oinarrituta. Egia da ez dela betetzen %25 hori ere. Halere, %22koa da». «Hori hemen ere egin daiteke, zinemaren lege bat onartzea edukien %50 euskaraz izatea bermatuko duena», aldarrikatu du Alex Aginagaldek. Hori egiteko eta betetzen dela ziurtatzeko ikus-entzunezko kontseilu bat sortzea garrantzitsu ikusten du. Europako herri gehienek badute, Valentzia, Andaluzia eta Kataluniak ere bai. Azken honetan, kontseilua izan da estatuko Ikus-entzunezko Legearen inguruko zuzenketa guztiak landu eta proposatu dituena. Ikus-entzunezko Legea Pantailak Euskarazek fronte bat osatu zuen Kontseilua, Ekimen euskal eragileen elkartea, Tokikom eta Topagunearekin. Ikus-entzunezkoak Euskaraz plataforma sortu zuten elkarrekin eragiteko eta Ikus-entzunezko Lege horri zuzenketak proposatzeko. «Ez da nahiko genukeen legea, ez ditu euskaldunon eskubideak bermatzen. Kuota txiki batzuk ezartzen ditu, baina ez dira derrigorrezkoak egoitza estatutik kanpo duten plataformentzat eta horiek dira etxe guztietan ditugunak. Halere, bai behartzen ditu egoitza kanpoan izan arren jarduera estatuan egiten duten multinazionalak euren urteko irabazien zati bat bertako ikus-entzunezkoetara bideratzera». Praktikan, milioi bat euro baino gutxixeago bideratu beharko lizkieke Netflixek euskarazko ikus-entzunezkoei. Netflixen duela urtebete hiru eduki zeuden euskaraz. Orain, 70 daude. Prime Videon, 40tik gora daude eta iaz bakarra zegoen. «Pauso txiki batzuk ematea lortu dugu», baloratu du Pantailak Euskaraz mugimenduak. Paul Urkijoren «Irati» izan da aurten euskaraz estreinatu den filmetako bat. Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Astean ikusleen saria eskuratu zuen. Sitgesetik bi sarirekin itzuli zen: ikusleena eta efektu bereziena 14 urteotan EiTBk parte hartu duen 208 ekoizpenetatik 70ek izan dute jatorrizko bertsioa euskaraz. Bi heren gaztelaniaz ekoitzi dira eta heren bat euskaraz. Pantailak Euskarazek gutxienez erdia euskaraz egiteko eskatzen dio 2022KO EUSKARAZKO FILM LUZEAK: Tetuan (Iratxe Fresneda) Karpeta urdinak (Ander Iriarte) Latsariak (Estibaliz Maguregi) Gesto (Xuban Intxausti) Bi arnas (Jon Mikel Fernandez Elorz) Izaro: Limoiari eztia (Izaro Andres eta Ander Merino) 918 gau (Arantza Santesteban) Azken dantza maisua (Mikel Alvarez Sarriegi) Ainarak (Ritxi Lizartza eta Juan San Martin) Black is Beltza II: Ainhoa (Fermin Muguruza) Jai Alai: azken hegaldia (Oier Plaza) Martxoaren 28a (Malen Nicholson eta Julen Etxeberria) Orkestra lurtarra (Imanol Zinkunegi eta Joseba Ponce) Zure platerean hasten da mundua (Ion Fontela) Irati (Paul Urkijo) Gelditasuna ekaiztean (Alberto Gastesi)