DEC. 30 2022 { ANALISIA } Gerra, nork sinetsiko zuen... Soldadu ukrainarrak Kharkov eta Donetsk eskualdeak banatzen dituen muga iragartzen duen monumentuaren gainean. (IHOR TKACHOV | AFP) Dabid Lazkanoiturburu Inork gutxik pentsa zezakeen duela urtebete, batez ere Europa, eta ondorioz mundu osoa, gerra krudel batek astinduko zuenik. Gerra guztiak dira krudelak, baina kasu honetan artilleria erasoek liskar zelaian hartu duten garrantzia kontuan hartuta, 1939-1945 bitarteko Bigarren Mundu Gerrara atzera egin dugula ematen du. Inork gutxik espero zuen, Errusiako Gobernuak izan ezik. Iazko udazkenetik gerra hotsak nabariak ziren Kremlinaren aldetik. Ukrainako mugarantz tropa mugimenduak, Bielorrusian maniobra militarrak... Vladimir Putin presidentea hilabeteetan zebilen Mendebaldeak Errusiaren aurka eragindako presio militarra salatzen. Ukrainaren neutraltasuna eta Europa osorako segurtasun arkitektura berri bat exijituz ultimatumak bota zizkien Kremlineko maizterrak Ameriketako Estatu Batuei. Aldarrikapen hori ez zen berria eta Putinek 2007an adierazi zuen ozenki lehen aldiz, NATOk ekialderantz egin zuen hedapen handiaren ostean. Errusiak urte hauetan guztietan entzungorrarena egitea leporatu zien AEBei eta haien morroitzat duen Europar Batasunari. Are gehiago, Ukraina armaz jostea eta «de facto» NATOko kide bihurtzea aurpegiratu zien. Moskuk bazekien aspalditik aurten Ukrainari eraso egingo ziola, besteak beste, horrelako operatibo militar bat ez delako egunetan, ezta ere hilabete gutxitan, antolatzen. AEBek ere bazekiten Baina bazegoen gerra egongo zela bazekien eta gerrari buruz ohartarazten zuen beste bat ere: AEBak. Alemaniako Olaf Scholz kantzilerrak eta inbasioaren bezperatan Putin bisitatu zuen Emmanuel Macron presidente frantsesak gerrarik ez zela egongo ziurtatu zuten. Bitartean, Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak bere adina dela-eta duen ahots ahula agortu zuen Putin bere mehatxuekin ez zela txantxetan ari ohartarazten. Nolatan, ordea, horrenbesteko zintzotasun eta aurreikuspenak? Aurreikuspenari buruz, gerraren norabideak erakutsi duenez, CIAk eta oro har AEBetako zerbitzu sekretuek Errusiari buruz informazio asko eta ona dutela begi bistan da. Zintzotasunak sortzen du kezka handiagoa. Analista batzuek azaldu dutenez, Irailaren 11ko erasoen ostean AEBetako inteligentzia zerbitzuek jasan zuten jipoiari buelta ematea zen xedea. Kontua ez ote zen izango, ordea, Washingtonek gerra honetarako zuen nahia -Errusia kinka larrian jarri eta bide batez Europa bere altzora itzularazi- azaleratu baino ez zuela egiten? Kontuak kontu, eta GARAk, beste komunikabide askok ez bezala, asko aztertu eta sakondu dituen aurrekariak albo batera utzita, otsailaren 24an, Donbasseko Donetsk eta Luhansk eskualde errusiar hiztunen «independentzia» onartu eta hiru egunetara, Ukraina inbaditzeari ekin zion Errusiak, pandemiaren ostean Mendebaldeak hordagoari eusteko indarrik izango ez zuelako esperantzan. Hiru fronte Bere Armada ez zen, ordea, 2014tik gerran dagoen eremura, Donbassera -azken batean, gerrarako bere aitzakia nagusia-, mugatu. Hiru fronte zabaldu zituen ordura arte garaiezintzat jotzen zen «Armada Gorriaren» oinordeko historikoak. Donbassetik ekialdera (Ukrainako bigarren hiria den Kharkiv aldera) eta hegoaldera, Azov itsasaldera (Mariupol, Melitopol), zabaltzeko asmoa zuen lehenak. Bigarrenak, 2014tik aurrera Errusiaren mende zegoen Krimeatik Ukraina hegoaldeko Zaporizhia eta Kherson eskualdeak zituen helburu, Itsaso Beltzetik Odesa portu estrategikoa begi bistan. Hirugarren frontea iparraldetik eta Bielorrusiatik Kievera abiarazi zuen Kremlinek, dozenaka kilometrotako blindatuek eta tankeek muga zeharkatu zutenean. Helburua, Putinek berak argi adierazi zuen bezala, Kiev zuzenean mehatxatu eta Ukrainako militarrak estatu kolpe bat ematera «gonbidatzea» zen, Ukrainan mamu-gobernu bat eratzeko. Ez zuen aste bat baino behar izan Errusiako Armadak Kherson hiria kontrolpean hartzeko eta Zaporizhia hiriaren ataurrera (zentral nuklearreraino) iristeko. Donbasseko frontean ere aurrera egin zuen, baina pentsatu baino apalago eta kostata (maiatzera arte ez zuen kontrolpean hartu Mariupol eta, horretarako, ia hiri guztia suntsitu behar izan zuen). Baina jipoi handiena Kievera bidean jaso zuen Moskuk. Ukrainar Armada prest omen zegoen eta bideak, zubiak eta presak suntsitu zituen. Errusiarrek atzera egin behar izan zuten dozenaka tanke eta ehunka eta ehunka soldadu atzean utziz. Gerora jakin zen haietako batzuek ihesean zer-nolako sarraskiak egin zituzten, besteak beste, Bujak eta Izium herrietan. Kremlinek bere kanpaina Donbassera mugatuko zuela azaldu zuen, baina ez zuen iniziatiba militarra berreskuratu. Aitzitik, atzera egin behar izan zuen; lehenik Kharkov aldetik, eta gero Donbassen lortutako posizio estrategikoak, Liman tartean, utzi egin behar izan zituen. AEBen sateliteek gidatutako misilek Itsaso Beltzean Movska destruktore erraldoia hondoratu ziotenean Odesan sartzeko gogoari uko egin behar izan zion Errusiak. Krimeako zubi are estrategikoagoa ere suntsitu egin zuen eztanda batek. Azkenik, Kherson hiritik ere alde egin behar izan zuen azaroan, Errusiak izen bereko eskualdearen, eta Zaporizhiako, Donetskeko eta Luhanskeko anexioak iragarri eta hilabete eskas batera. Azken hilabetean fronteak egonkortu egin dira, baina horrek ez du esan nahi basakeria amaitu denik. Donetsken dagoen Bakhmut inguruko liskarrek ehunka hildako utzi dituzte azken egunetan (alde bakoitzak gerra hasi zenetik soldaduen artean 100.000 hildako egozten dizkio besteari). Neguari begira, Ukrainako azpiegitura kritikoak erasotzeari ekiten dio Errusiak ia astero, ukrainarrek hotzak, egarriak eta goseak jota amore eman dezaten. Ezer gehiago galtzekorik ez duela sinetsita, Ukrainako Armada, Mendebaldearen laguntza militarrarekin, gero eta gehiago barneratzen ari da Errusiako lurretan bere erasoekin. Krimeatik at, Riazaneraino iritsi dira bere droneak, mugatik ia 1.000 kilometrora. Gero eta gogaituago dagoen Errusiak gero eta ozenago aipatzen du «eraso nuklear» baten mamua. Inork gutxik pentsatzen du egun mehatxu horiek egia bihur daitezkeenik. Agian munduak nahiko lan duelako gerrak areagotu duen hornidura krisi larriari eusten. Inork gutxik... baina beti dago horretan sinisten duen norbait, mehatxu horiek egia bihurtzeko prest. 80 urte geroago, II. Mundu Gerrako irudi basatiak ikusten dira Ukrainan. Hamar hilabeteko gerran Errusiak ez du ez aurrera ez atzera egin eta eraso nuklear baten mamua aireratu du.