DEC. 30 2022 Interview Jesus Oñate Lab-eko ordezkaria Osakidetzan «Osasun publikoa ahuldu ondoren eraso fasera pasatu dira, ‘kultura aldaketaren’ atzean ezkutatuz» Gero eta agerikoagoa da Osakidetzak bizi duen gainbehera, baina barrutik zer ikusten ari dira langileak? Desegitearen agenda azkartzen ari da, Oñatek dioenez. (Argazkiak: Raul BOGAJO | FOKU) Nerea Goti Itxaron zerrenda luzeak, artatua izateko zailtasunak... eta murrizketa sorta luzea gainbehera egoera argian dagoen osasun sistema bat marrazten ari dira EAEn, eta erabiltzaileentzat gero eta agerikoagoa da hori. Gauza asko gertatu dira azken hilabeteetan albiste izateari utzi ez dion Osakidetzan, baina Gotzone Sagardui sailburuak kultura aldaketaren beharraz ekainean eginiko adierazpen haiek alarma guztiak piztu zituzten, beste eredu baten aldeko apustua berretsi zutela ulertu baitzuten ia eragile guztiek. Ondoren etorri den murrizketen soka luzea eta azken gertakariak aipatutako kultura aldaketa horren segida diren galdetuta, Jesus Oñate LABeko ordezkariak argi du sistema publikoa desegitearen fase berri batean gaudela, arreta txar batek ateak zabaltzen dizkiela enpresa pribatuei, eta ospitaleak direla eta ez lehen arreta kapitalaren helmuga. Dioenez, kulturari buruzko erretolika horrek maniobra ezkutatzen duen fase horretan dago Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun zerbitzua. Osakidetzan bizi den murrizketen soka luzea eta eguneroko zerbitzuen funtzionamendu eskasagoa pasa den ekainean Gotzone Sagardui Osasun sailburuak aipatu zuen «kultura aldaketa» horren ondorio dira? Ez da sinplea. Azken hamar urteetan ez dira epe luzera begirako neurriak hartu. LABek hamar urte daramatza neurriak eskatuz, adibidez, jubilazio kopuruarekin aurreikusten ziren arazoei aurre egiteko. Agerikoa zen Espainiatik etorritako numerus clausus horiek arazo bat zirela; baita jubilazioen uholdeari eta jendartearen zahartzeari aurre egiteko egitura indartzearen beharra ere. Egoera horiei aurre egiteko, Giza Baliabideetako zuzendaritza ezberdinek behin-behinekotasuna erabiltzea erabaki zuten eta horrek eraman gaitu aurreikus zitekeen egoera leherkor batera. Gure ustez, ez zituzten beharrezko egiturazko neurriak hartu, pribatizazio agendak hala eskatzen zuelako. Urteak daramatzate eszenatoki hau prestatzen, eta osasun publikoa ahuldu ondoren bigarren fasera pasatu dira, eraso fasera, eta eraso fase hori ‘kultura aldaketa’-ren erretolikaren atzean ezkutatzen da. Kezka handi bat egon da lehen arretaren bilakaerarekin, baina egoera ospitaleetara ere zabaltzen ari da? Osasun sistema publikoa oso merkantilizatuta dago eta ezin dugu ahaztu negozio ekonomiko handiena ospitaleetan dagoela. Horrek esan nahi du interesak ospitaleetan zentratuta daudela, hor gauzatzen baitira inbertsio handienak. Horregatik, lehen arretan inbertsio handiagoa egitea eskatzen dugu beti. Adibidez, hamabost urtean zehar familiako mediku bera izateak %28 murrizten du heriotza tasa, %25 ospitaleratzeak eta %30 larrialdien beharra. Lehen arretan inbertitzea eraginkorragoa da gizartearen osasunerako, prebentzioa, osasunerako hezkuntza, kronikoen jarraipena... Pandemiak zerbait erakutsi digu horretaz. Atentzioa ematen du Osasun Sailak denbora luzea daramala Arabako ESIan inaugurazioak egiten: puntako teknologia, lagun dituen pertsonal gabezia handiekin eta lan karga handiekin. Lehen arreta basamortu bat da, espezializatua, aldiz, ur pribatizatuko oasi bat. Bi gauza argi utzi behar dira: osasun publikoa oro har da helburua, baina lehen arreta da pandemiak azkartutako eraso fase hau gehien sufritzen ari dena. Basurtuko Kardiologiaren itxiera, Donostialdeko ESIko kargugabetzeak... Exekutiboak dio edozein zerbitzutan ohikoak diren neurriak direla. Zein da langileen ordezkarien irakurketa? Ziur gaude ez direla kalitatea handitzera bideratutako neurriak, egiten ari diren mugimendu guztiak osasunaren negozioan kapitalaren sarrera ekonomizatzeko eta are gehiago errazteko dira, bai kapitala pribatizazioaren bidez zuzenean sartzea erraztuz, bai pazienteak aseguru etxe pribatuetara ihes egitea eragingo duten arretarik gabeko espazioak sortuz. Zalantzarik ez dugu mugimenduak norabide horretan doazela, epaile batek bihotzeko kirurgiari buruzko epaian adierazi zuen bezala. Oso kritikoak gara konfiantzazko postuek azken urteetan izan duten paperarekin, baina badakigu, halaber, postu horietan dauden pertsonak osasun publikoa defendatzeko eta desegitea saihesteko mugitzen badira -eta zalantza handiak ditugu horretaz- EAJk eta bere agendak zartako handia jasoko dutela. Ehunka erdi mailako agintari daude sare osoan, eta horietako askok lan eskaintza publikoen filtrazioetan duten zeregina salatu dugun bezala, jakin behar dugu Osakidetzako zuzendaritzak ezarritako statu quo-ari eusteko balio izan dutela beti. Ikusminez gaude zisma bat egon daitekeelako, sailean ezarritako autoritarismoa ez baita aldatuko, eta ‘konfiantzazko’ zirkulu horiei ere eragiten die. Antzinatasunak kontratazioan duen pisuari uko egitea eta halako adierazpenek, zerikusi handiagoa dute LEPetan eta kontratazioan iruzur egiteko egungo ezintasunarekin, LABek fiskaltzan salaketa jarri ondoren, guztion eta guztiontzako osasun publikoaren defentsarekin baino, eta, beraz, eszeptikoak gara. Hala ere, kritika gogorrak plazaratu dituzte funtzionamenduaren inguruan: narriaduraz eta sektarismoaz hitz egin dute. Bai, ziur gaude egia dela; izan ere, egungo zuzendaritza ez da zuzendaritza bat, pentsaera bakarreko batzar militar bat da, gogortasun izugarriz zuzentzeko gai dena, baina gabezia asko eta garrantzitsuak dituena. Zerbitzuburuek arrazoiak azaldu dituzte, baina guk argi daukagu haien izendapenak nahierara egindakoak izan zirela, hau da, konfiantzazko izendapenak izan ziren, eta horrela izan dira kargugabetzeak. Hori esanda, ulertzen dugu gogaitasuna, eta bat gatoz egiten dituzten kritikekin; esan dugu Osakidetza kudeatzen duena batzar militar bat dela. Ziur gaude ez dutela desadostasunak kudeatzeko gaitasunik, eta hori beste arazo bat da. Baina, kontuz, osasun publikoari kalte egingo dio, baina onurak ekarriko dizkio EAJren agendari. Sistemak ondo funtzionatzen ez badu, erakunde pribatuek ateak zabalago izango dituzte; eta, beraz, aldaketa politikoa ere beharrezkoa da. Ez dira bakarrik zuzendaritzako pertsonak aldatu behar, orain arte egindakoaren aurka borrokatu baizik, epe luzeko neurriak beharrezkoak direla jakinda. Gure zalantza da: kargugabetuak beren karguetara itzultzen badira parte hartuko al dute osasun publikoaren aldeko kontzentrazioetan ospitaleetako ateetan? Orain arte ez ditugu ikusi. Eta gauza larriak gertatu dira. Asko. Orain ongietorriak izango dira, hori bai. Eta agerian utzi nahi dugu, halaber, milaka profesionalek dimisioa emango luketela duela hilabete batzuk, ahal izan balute, baina langileek eta erabiltzaileek ezin dugu dimisioa eman. Zelan bizitzen ari zarete langileok hau guztia barruan, zelan bizi dute profesionalek arretaren okertze hori? Langileak gutxietsiak sentitzen gara kudeatzaileen aldetik. Langileok pandemia sufritzen genuen bitartean, gure konpromisoa ikusi eta balioa emango zitzaiola pentsatzen genuen, baina izurritea pasatu eta osasun publikoaren eraispenaren agenda azkartzen ari dela ikusi dugu, ematen du pandemiak gure kontra jokatu duela. Kudeatzaileen jarrera horrek huts egin digu eta asko desmotibatu ditu langileak; ez du balio bokazioa izatea eta profesionala izatea, askotan ezinezkoa den indar mental bat behar duzu. «El mayor negocio está en los hospitales, donde están centrados los intereses, donde se materializan las mayores inversiones, no en atención primaria»