JAN. 07 2023 Interview Adur Larrea KOMIKILARIA «Fikzioa dirudien errealitatea agertzen da komikian: Itsasuko bidelapur taldearen abentura» Errealitatean oinarritutako «Lurbinttoko ohoinak» komikia idatzi eta marraztu du Adur Larreak. Bertan, Itsasu aldean XVIII. mendean bidelapur talde batek egin zituen ekintzak kontatzen ditu. Irudian, Adur Larrea. (Guillaume FAUVEAU) Idoia Eraso Liburuaren abiapuntua duela hamar urte aurkitu zuen Adur Larreak, eta geroztik ikertzen aritu da. «Kajoitik sartu eta atera ibili den proiektua» izan da, eta Euskal Kultur Erakundeak eta Elkar argitaletxeak eman dioten sormen beka akuilua izan da proiektua burutzeko. «Fikzioa dirudien errealitatea eta zoritxarreko abentura» gisa definitzen du istorioa idazleak eta, gehitu duenez, protagonistak «bandoleroak dira, bidelapurrak, baina zergatik bilakatu diren bidelapur, hori da interesgarriena. Hori ulertu gabe, ezin dira ekintzak ulertu». Itsasun, 1794ko otsailaren 19ko gauean, soldaduz betetako herrian, «espainolen kanoien» soinua entzuten delarik… Horrela hasten da “Lurbinttoko ohoinak”, Adur ilustratzaileak egindako liburua. Hortik aurrera, Lurbinttoko larreetan izan zen banda baten istorioa kontatzen du. Horietako hamabost harrapatu eta urkatu zituzten Baionako katedralean. Banda horren sorreraren zergatia azaldu du idazleak: «Testuinguru politikoak baldintzatzen ditu ekintzak, jende hauek lau urtean bizi izan zuten gerra, soldadu joateko nahitaezko deia, bai eta deportazioa ere, milaka euskaldun deportatu baitzituzten Frantzia barnealdera, eta seguruenik, bertan beraien familiakoren bat hil zen. Bizi izan zuten administrazioaren aldetik aldaketa handi bat ere, estatus politikoa aldatzen zuena. Gosetea, izurriteak, gerraosteko miseriak… Jende asko Konbentzioaren Gerratik zetorren armaz horniturik, eta horrek eman zien esperientzia baliaturik antolatu egin ziren». Egoera larri hori agertu nahi izan du liburuan autoreak: «Abentura bat da ezinbestean, zoritxarreko abentura. Azpimarratu nahi nuen gertaera horiek izan zirela, eta jendeak benetan sufritu zuela. Beraien inguruan istorio bat sortzen dut, eta beraien egoeraren arabera nola izaten ahal zen». Izan ere, «pertsona hauek bost urtean denetarik bizi izan zuten. Batzuk gerran izan ziren, hemen gelditu zirenak miseria gorrian izan ziren, bazterturik, eta askotan beren ondasunak kendu zizkieten». “Abentura” hori kontuan izanik, liburuaren izenburua obraren abiapuntu izan zuen bertso batetik datorrela azaldu du: «‘Lurbinttoko’ eta ‘ohoinak’ jarri dut bertsoaren omenez, baina sakontzen hasten zarelarik ikusten duzu ez zirela lapur, ohoin edo ebazle soilak; testuinguru politiko sozial horrek bultzaturik aritu ziren. Ekintza bortitzak egiten hasi ziren, baina mendekutik gehiago dute lapurretatik baino». «Nahiko urte bortitzak izan ziren, eta aurkitu ditudan testuetan ikusten da nolabaiteko ‘justiziero’ edo justizia banatzaile modukoak zirela. Batzuetan mehatxatzen zuten norbait, bere etxetik atera zedin, etxea berezko jabeari itzultzeko. Kasik urte eta pikoan ekintza anitz egin ziren, ia gauero eskualde jakin batzuetan», gaineratu du. Historiatik komikira Liburuan agertzen diren kontakizunak errealitatean oinarrituak badira ere, komiki bilakatzeko egoera dramatizatu behar izan du autoreak. Hasteko, istorioaren kokagunea zehaztu behar izan du: «Aipatzen diren baserri eta toki asko ezagutzen ditugu, horrek irudiak ematen dizkigu eta komikiratzeko lana errazten du, imajinatzeko toki batean edo bestean zer gertatu zen». Gertakizunak eta tokiak bezala, protagonisten izenak egiazkoak dira. Pertsonaia bilakatu dituen pertsonek ustez zer egin zuten ere aurkitu du artxiboetan: «Batzuetan iturriak judizialak direlako edo zalantzazko testigu baten ahotik bilduta». Hainbeste pertsonak hartu zutenez parte, hautaketa bat egin du, eta lau pertsonaia nagusi daude. Horrela aurkezten ditu idazleak: «Bandako jefea izaten ahal dena, eta pertsonaia nagusia, Marieder da, bizi izan du nola konfiskatzen zizkioten bere ondasun apurrak; Dionek deportazioa sufritu du; Lekunberri gazteak gerra bizi izan du, eta Joanak bizi izan du bere senarrari nola burua mozten zioten». Lurbinttoko zelaietan zegoen Zanzubieta baserrian atxilotu zituzten hamazazpi pertsona, 11 gizon eta 6 emakume. Obran emazteen presentzia nabarmena da, protagonisten artean: «Egia da emakume horietan bazeudela alargunak, beste batzuen alabak, 11-12 urtekoak, Joana ere hor zen, baina egia da inongo artxibotan ez dela ikusten haien presentzia ekintzetan. Papera eman diot Joanari, egon baitzen bizpahiru hilabete preso, eta nire istorioan asmatu dut izan zezakeela eragina besteengan ekintzak antolatzean». Hainbeste pertsonaia direnez, bakoitzari izaera berezia eman dio bai fisikoki eta bai izaeran: «Gauza horiek zaindu ditut irakurlea laguntzeko, esaterako, baldin badakigu norbaiti burua moztu diotela eta soldadua zela, datu horiekin muntatzen duzu pertsonaia bat. Hori da politena, horien arteko istorio edo harremana antolatzea». Egoera dramatikoak badira ere, inspirazio gisara erabili zuen bertsoak umorea dei daitekeen izaera bereziarekin kontatzen zuen gertatutakoa, eta «hamabost pertsonaren atxiloketa eta urkatzea kontatzea era umoristikoan edo umore beltzarekin... ematen du zer pentsatu». Hori dela-eta, bide horretatik jotzea deliberatu du Larreak: «Komikiak ere badu umoretik, batzuetan kontrastea behar delako, istorioa aski iluna, dramatikoa da, baina umore puntu batzuk ez datozkio gaizki irakurleari, ateratzeko eta hurrengo kapituluan sartzeko». Marrazkietan istorioaren izaera tragikoa sentitu daiteke: «Asko jolastu dut beltzarekin, aski beltza eta iluna da dena. Badu ere bere garrantzia; 46. orrialdean adibidez, ikusten da nola pasatzen den iluntasunetik argitasunera, eta horrek badu karga sinbolikoa». Irudien izaerari buruz gaineratu du: «Iluminazioan izan daiteke egun argia edo suaren argia, suak daukan kargarekin jokatu dut. Gauez gertatzen da ekintza asko, gauak beste baliabide batzuk ematen ditu marrazteko». Abiapuntua «Proiektua hasi zen duela hamar urte. ‘Bertsolari’ aldizkarian kolaboratzen nuen eta bertan bertso zahar edo arraro bat hartzen nuen eta komikiratzen nuen. Artxibo bilaketan, topo egin nuen Xabier Kaltzakortaren artikulu batekin: ‘Urkabe-bertsoak euskaraz’. Artikulu labur bat zen, hor aipatzen zuen Lurbinttoko ohoinak deitzen zuen taldea», azaldu du. Artikuluak testuinguru historiko zehatzik ez zeukan, eta «hori ikusirik, kuriositatea sortu zitzaidan, egia ote zen hamabost pertsona hil zituztela Baionako katedralean. Eta horren arrastorik ez gelditzea inguruan... jakin-mina piztu zitzaidan». Bertsoa izan zen giltza, abiapuntua, baina gero bibliografian eta hainbat dokumentutan bilatzen hasi zen, baita garaiko beste bertso batzuetan ere: «Egia da historia oso sakona dela, kristoren bibliografia topatu dut, badira dosier kriminalak ere, epaitu egin zituztelako. Ikerketak egin dira nirea baino lehenago, duela 60 urte, baina nik geroztik ez dut beste ezer ikusi». Informazio andana bildu du, baina horren parte txiki bat besterik ezin izan du liburuan sartu: «Liburua sintetikoa da, komiki batean kontatzen duzuna da aurkitu duzunaren %2, gehiena kanpoan gelditzen da, baina nahia hor gelditzen da». Informazio hori guztia eskuetan, «tentatua nago horrelako beste zerbait egitera, baina ez orain, behar dut berriz indarra hartu, eta beste zerbait egin. Honek badu prekuela bat, edo sekuela bat egiteko aukera. Luze joko luke. Agian hamar urte barru…». Etorkizun hurbilera begira, animazio proiektuekin eta lan grafikoekin jarraituko du. Inguratzen duen komikiaren munduan proiektu berriak gauzatzen ari direla nabarmendu du: «Azaroan ospatu zen HernaniKomik, euskarazko komikien azoka; dirudienez jende eta salmenta mailan ongi joan zen, nahiz eta lehen aldia izan. Euskal Herriko komikigile profesional pilo bat izan ziren, Julen Ribas, Harkaitz Cano, Joseba Larretxe… oso interesgarria izan zen». Merkatuaren hedapena ere aipatu du: «Lehen aldiz manga euskaraz atera du Harrietek, eta agian beste esparru bat bereganatzeko aukera emango du, oso ideia ona, bide batez. Azkenean, gazte askok hori irakurtzen dutelako, eta horrela, falta diren esparru asko betetzen ari dira». «Kuriositatea sortu zitzaidan, egia ote zen hamabost pertsona hil zituztela Baionako katedralean. Eta horren arrastorik ez gelditzea inguruan... jakin-mina piztu zitzaidan» «Bandoleroak dira, bidelapurrak, baina zergatik bilakatu diren bidelapur, hori da interesgarriena. Hori ulertu gabe, ezin dira ekintzak ulertu»