JAN. 14 2023 AITTITTEREN IZENEAN Arteagako bi gaztek aititaren Renault zaharra berritu dute 4L Trophy-a egiteko Andoni Larrinaga eta Ibon Malaxetxebarria lehengusu bizkaitarrak aititaren «cuatro latas» zaharra prestatzen ari dira otsailaren 16an abiatuko den 4L Trophy lasterketan parte hartzeko. «Aittitte Santi»rekin grabatu zuten bideoa birala egin zen eta istorioak karga emotibo are handiagoa hartu du hura hil ondoren. Andoni eta Ibon, Arteagan, elkarrizketan egindako beste argazki batean. (Aritz LOIOLA | FOKU) Asier Aiestaran Andoni Larrinaga eta Ibon Malaxetxebarria lehengusuek 4L Trophy lasterketa solidarioan parte hartuko dute otsailaren 16tik 26ra bitartean. Renault 4L edo "cuatro latas" moduan ezagunak diren autoentzat antolatutako proba da, Biarritzen hasi eta Marrakexen amaitzen dena, eta gazteei zuzendua: 28 urte edo gutxiago izan behar dira bertan parte hartu ahal izateko. Baina bada Arteagako bi lehengusuen proiektua berezia egiten duen ezaugarri bat. Autoa beraien aitona Santiagorena zen, baserrian betidanik erabili zuena, eta abentura hau bere omenez ipini zuten abian. Goxo gogoratzen dute nola joaten ziren mezetara lehengusu guztiak auto txikian sartuta edota nola ikasi zuen gidatzen Andonik baserrian 13-14 urterekin. Zorionez, "Aittitte Santik" izan zuen biloben asmoa ezagutzeko aukera, eta ilusio handia egin zion bere auto zaharrak horrelako proba batean parte hartuko zuela jakiteak. «‘Nik emango dizuet dirua konpontzeko’ esan zigun. Eta gero autoa konponduta ikusi zuenean karneta berritu behar zuela esaten hasi zen (barreak). Gogorra zen, autoa beste», nabarmendu du Ibonek. Poz horrekin hil zen azkenean: «Duela hilabete hil zen, 98 urterekin. Baina 97 urtera arte oso ondo egon da osasunez. Bakarrik ibiltzera joaten zen, janaria berak prestatzen zuen, gure etxean zegoen amama bisitatzera etortzen zen... Baina jausi egin zen, femurra apurtu eta geldirik egon behar zuenez, ahultzen hasi zen. Azkenean, erresidentzian koronabirusa harrapatu zuen eta hil egin zen». 94 urtera arte gidatu omen zuen bere 4L-a; normala, beraz, autoaren eta aitonaren oroitzapenak batera etortzea bilobei: «Autoa txikitatik ezagutu dugu, aititarekin eta baserrian, eta bien oroitzapenak batera datoz. Elizara joateko erabiltzen zuen, baita Gernikara jaisteko ere», gogoratu du Andonik. «Astelehenetan amama plazara jaisteko eta baserriko barazkiak-eta saltzeko. Biak batera joaten ziren eta buelta. Hori zen egiten zuten ibilbide luzeena. Horregatik ditu autoak horren kilometro gutxi», gaineratu du Ibonek, 33 urtean 134.000 kilometro egin dituen auto ikonikoaren inguruan. Galesera bidaia Lasterketan parte hartzeko ideia, ordea, aspaldi sortu zen, Andonik atzerrira egindako bidaia batean. «Galesera joan nintzen, lanera eta ingelesa ikastera. Beste lehengusu batekin joan nintzen. Ostatu batean egon ginen eta frantses pila bat zeuden bertan. Horietako batzuek komentatu ziguten itzultzen zirenean 4L Trophy lasterketa egin behar zutela. Azaldu ziguten lasterketa solidarioa zela, Marokon barrena... Eta nik erantzun nien baserrian baneukala horrelako auto bat, eta egingo nuela nik ere lasterketa hori egunen batean. Hori duela bederatzi urte, nik 18 urte nituela», azaldu du bi lehengusuetan zaharrenak. «Ni orain baino gazteagoa zen bera orduan. Atera kontuak: nik 12 urte nituen orduan», dio gaur egun 21 urte dituen Ibonek. «Niri esaten zidan inoiz Marokora joango ginela aititaren autoarekin. Bera beste lehengusu batekin joan zen Galesera, amaren aldekoa; ni aitaren aldekoa naiz. Biak adin berekoak ziren eta biak batera joan ziren Galesera. Printzipioz, biek egin behar zuten lasterketa, baina Andoniren lehengusua hil egin zen duela zenbait urte». Hala ere, zoritxarrak zoritxar, proban parte hartzeko ideiak Andoniren buruan jarraitzen zuen -«‘egunen batean, dirua daukadanean, konponduko dut autoa eta joango naiz’, pentsatzen nuen»- eta zirt edo zart egiteko garaia iritsi zen, adinak behartuta: «Web orrian begira hasi ginen eta ikusi genuen 28 urte zela parte hartzeko muga. Nik urtarrilaren 14an egiten ditut 28 urte, eta noski, orduan esan genuen nahitaez aurten egin behar genuela. 28 urterekin ahal da; 29rekin ez». Bi lehengusuak aititari kotxe pintatu berria erakusten. Lehenik itxura, gero mamia Behin erabakia hartuta, autoa prestatzen hasi behar izan zuten bi lehengusuek. «Azken garaian autoa geldirik zegoen, aititak ez zuelako gidatzen. Nik noizean behin arrankatzen nuen, buelta bat emateko, baina justu-justu baserritik irten eta buelta», aipatu du Andonik. Baina lasterketan, hamar egunean, 6.000 kilometro inguru egin beharko dituzte, eta horretarako autoan lan dezente egin behar izan da. Hori bai, prozesu hori egiteko estrategia bat pentsatu zuten bi gazteek, eta emaitza ikusita bete-betean asmatu zutela esan daiteke. «Hauxe pentsatu genuen: ‘Jar dezagun, lehenik, polita autoa, egin dezagun bideo bat jendeak ikusteko serio goazela, eta errazagoa izango da babesleak aurkitzea’. Izan ere, autoari oinarrizko hobekuntzak egiteko asmoa genuen hasieran, parte hartzea ziurtatzeko, baina diru asko da. Izena ematea bakarrik 3.500 euro dira. Autoa ongi dago, baina 6.000 kilometro dira. Eta halaxe gertatu da. Bideoa grabatu genuen, auto ederra ikusten da, berria dela ematen du kasik, eta jendea interesatzen hasi zen», azaldu digu Ibonek, interneten sekulako arrakasta izan duen bideo famatuaren inguruan. «Bideoa egin dutenak lagunak ditut. Enpresa sendo bat dute, Filmak izenekoa; profesionalak dira. Kepa Junkeraren dokumentala beraiek egin dute, zestako guztia ere bai... Gernikakoak dira, oso onak. Komentatu nien ia interesatzen zitzaien eta baiezkoa eman zidaten, istorioa oso polita zela eta erraz egingo genuela. Nik banekien lan oso ona egingo zutela, badakite jendea nola emozionatu, musika nola erabili... Baina ez nuen inoiz pentsatuko egun bakarrean 24.000 bisita izango zituenik Instagramen. Hiru egunean 35.000 inguru», zehaztu du Ibonek, oraindik ere harrituta. «Komunikabide pila bat deika, urrutitik jendea kamisetak eskatzen... Donostiatik galdezka ia kamiseta bat etxera bidaltzerik genuen... Garestiago irteten zitzaigun bidalketa kamiseta bera baino!», gehitu du Andonik barrez. Arrakasta horri esker, ordea, laguntzak eta babesak nonahi atera zaizkie bi bizkaitarrei; laguntza oso baliagarriak oraintxe martxan ipini duten autoaren zaharberritzearen bigarren zatiari ekiteko. «Orain arte kanpokoa egin dugu batez ere: ‘chapa y pintura’ esaten dena. Baditugu lagun mekanikariak: haiei galdetu eta guk egin dugu. Pintatzeko prestatu genuen, ondoren pintatu, eta orain beste gauza batzuekin gabiltza: motorra, suspentsioak...», onartu du Andonik apal. «Garrantzitsuena orain ari gara egiten, baina babesle asko lortu ditugu eta jende askoren laguntza ere bai. Batek suspentsioa egingo digu, besteak motorra, besteak gurpilak... Azken hilabetean sartu gara, baina autoa goitik behera zaharberrituko dugu», gehitu du Ibonek. Lehengusu guztiak txikitan aitita eta amamarekin. Abentura bizitzeko prest Algeciras eta Marrakex arteko ibilbidea izango da konplexuena; tartean, Fez, Midelt, Erfoud, Zagora eta Ouarzazate igaroz. Kilometro asko basamortuan, Atlas aldera ere inguratuz... Horrelako proba bati aurre egiteko, hori eta gehiago beharko dutela pentsa liteke, nahiz eta beraiek ez duten arrisku handirik ikusten. «Abentura nahiko erosoa dela esan daiteke, muga batzuen barruan. Baina, noski, edozer gerta daiteke. Arazo mekaniko bat izan baduzu, baliteke oso berandu egitea bidean, adibidez. Oso ohikoa da autoa hondarretan ataskatuta geratzea ere. Baina taldean joango gara eta beti igarotzen da norbait laguntzeko prest», aipatu digu Ibonek baikor. Mota guztietako laguntza ere eskaintzen du antolakuntzak, Andonik gehitu duenez. «Antolakuntzak asistentzia mekanikoa ematen du, eta asistentzia medikua ere bai. Badaezpada, gutxieneko material jakin bat gainean eramatea eskatzen dute: gurpilak, motelgailuak, junta-kulata bat...». Eta nabigazioari dagokionez ere oso kontrolatuta izaten omen dituzte parte hartzaileak. «Beraiek geolokalizadore bat ematen dizute, galtzen bazara edo bestela ere non zabiltzan jakiteko eta parte hartzaile guztiak une oro kontrolatuta izateko, eta gero road-book bat ere ematen dizute. Horrekin eta iparrorratzarekin talde bakoitzak bere ibilbidea egin behar du». Horregatik, entrenamendu berezirik ez dutela egin onartu dute. «Inor ez da entrenatzen. Non entrenatu behar duzu? Horrenbeste kilometro, basamortuan... Bardeetara-edo ez bazoaz... Duna handi-handietan ez gara ibiliko, pistan batez ere, eta kontua da ataskatuta geratuta ere oso erraz ateratzen direla auto hauek. Bi soka ipinita lau pertsonak tiraka mugitu dezakete, 600 kilo dira eta». Gainera, lasterketa Renault 4 autoetan egitea ez da kasualitatea, Ibonek azaldu duenez. «Proba Dakar rallyan ibilitako pilotu batek sortu zuen: Jean Jaques Rey. Dakarra amaitu ostean pentsatu zuen ibilbide antzekoa egitea utilitario batekin. Eta ‘cuatro latas’ bat aukeratu zuen. Lehen aldian, lagun batzuekin, horrelako hiru auto hartu zituzten eta Parisetik Marokora joan ziren. Horrela hasi zen proba hau. Aurreko urte batzuetan Lyonetik hasi izan da eta azken urte hauetan Biarritzetik abiatzen da. Utilitario batekin egin nahi zuen, ‘seriekoa’, eta "cuatro latas’ bat aukeratu zuen: auto arina, gurpil finak dituena, hondarretan ibiltzeko...» Lehiaketa ez izateak ere lasaitasun puntu hori ematen die. «Helburua amaierara heltzea da eta bidean ongi pasatzea. Heltzen bagara pozik», adierazi digu Andonik. «Irabazle bat egongo da, noski, norbait izango da heltzen lehena, baina ez dago saririk irabazlearentzat; ez da inor ibiliko denborak kontrolatzen», gaineratu du Ibonek, probaren izaera solidarioa gogoratuz. Izan ere, auto bakoitzak 50 bat kilo material eraman beharko ditu Marokoko herri txikietako haurrei laguntzeko; bizkaitarren kasuan, eskola materiala eramango dute. Eta lasterketan izena emateko ordaindu beharreko diru kopuruaren zati bat ere horretarako bideratuko da. Hilabete eskas falta da probari ekiteko: gogotsu daude Andoni eta Ibon, eta probaren nondik norakoak sare sozialetan jakinaraziko dituzte. Interesa duenak Instagrameko @olabarri_trophy_4l kontuan aurkituko ditu. Autoak 33 urte eta 134.000 kilometro ditu. Argazkiak egitera joateko sartu gara eta egoera onean ikusi dugu. «Denek esaten digute motorrak soinu bikaina ateratzen duela» Hamar egunean 6.000 kilometro egin beharko dituzte; asko basamortuan eta Atlas aldera ere inguratuz. Fez, Midelt, Erfoud, Zagora eta Ouarzazate igaroz, Marrakexera iritsiko dira