GAUR8 - mila leiho zabalik

Terrorista zoro horiek

Ilustrazioa: JONBI EGURTZEGI

Maiz ekarri dut zutabe honetara film eta serieetan «terroristen» inguruan eraikitzen den irudia. Aste honetan «Esterno Notte» (Marco Bellocchio, 2022) ikusi dut. Aldo Mororen bahiketa kontatzen duen serie korala da. Estetikoki zaindua, gidoia eta kapituluen antolaketa ere oso interesgarriak dira. Ametsekin eta kontrafaktualekin jolasten du zuzendariak, bukaera alternatibo posibleekin. Zuzendariak berak egina zuen hori gaia landu zuen aurreko aldian ere, “Buongiorno, notte” (2003) filmean.

Seriearen kasuan, pertsonaien trataera puztuta dago, baina modu inteligentean dago egina. Nork esango zidan Cossiga barne ministroarekiko enpatia puntua sentituko nuela! Egia esan, filmeko protagonista gehienekin enpatia sortzea lortzen du zuzendariak: Aldo Moro, haren emazte Eleonora, Cossiga, Paulo VI.a Aita Santua... Guztiekin? Ez, guztiekin ez. Brigadisten pertsonaiek ez dute batere enpatiarik sortzen.

Laugarren kapituluko («I terroristi») protagonistak dira Brigada Gorrietako kideak eta gainerako pertsonaiak kontuz eta arduraz eraikita dauden arren, azken horiek ezin dute ihes egin estereotipoetatik. Inoiz baino argiago agertzen da botereak eraikitzen duen arrazoia vs. emozioa dikotomia. Estatua arrazionala da, iluna ere bai, baina bere erabakiak, okerrak barne, ondo hausnartuak ditu. Terrorismoa inpultsiboa da, haren argumentuak terroristek beraiek ere ez dituzte sinesten eta inolako estrategiarik gabe jarduten dute.

“Esterno Notte”ko brigadistak goizean goiz hondartzara joan eta urari tiroka hasten dira, “Brigate Rosse! Brigate Rosse!” oihukatuz. Norbaiti tiro ematen diotenean irribarre egiten dute eta poztu egiten dira. Ez dago hausnarketarik, ez dago gordintasun eta arrangurarik. Zein urrun gelditu den zinema zuzendariek borrokalari armatuak irudikatzean determinazioa, ñabardurak, seriotasuna eta ekinbidearen zailtasunak kontatzen zituzten garaia, Fritz Langek (“Cloack and Dagger”, 1946) edo Andrezj Wajdak (“Popiol i diament”, 1958) egin zuten bezala.

Dikotomia argiak eraikitzen ditu serieak, terroristen anabasa emozionala azpimarratuz. Brigadistak poztu egiten dira jendeak beldurra duen bitartean. Buruzagi demokristauek familiarekin zoriontsu bizi nahi lukete eta brigadistek, aldiz, beren familiak abandonatzen dituzte. Demokristauek ezkonbizitza pasio gabeak dituzte eta brigadistek, aldiz, bizimodu sexual aktiboa eta pasioz betea dute. Demokristauek denbora luzea pentsakor pasatzen dute eta brigadistek, aldiz, kale erdian eztabaidatzen dute Mororekin zer egin.

Estereotipo horiek errepikatzen dira behin eta berriro iritzi publikoan (irrazionalak, burugabeak, gazte eroak, fanatikoak...), baina fenomeno politikoa eta haren protagonistak izandakoak ezagutu eta ulertzea zailtzen du horrek. Nahi duenak ikusgai du “I, Dolours” (Maurice Sweeney, 2018) filma edo bilaketa erraz batean topa ditzake ahoan bilorik gabe eta zuzen hitz egiten duten Mario Moretti edo Brendan Hughes bezalako militante interesgarriekin egindako elkarrizketak. Euskal Herriaren kasuan, zoritxarrez, hitz egitea ere delitu da oraindik. •