Joxean AGIRRE

Garia eta garoa

Arrratsalde batean irakurri nuen Anariren “Gari eta goroldiozko” intimo, elegante eta dotorea, estilo ariketa gisa ere har daitekeena. Bere amaren mundura eramaten zaitu eta liburua bukatzean galsoroen usain eta olibondo zaharren lurrinez beteta duzula iruditzen zaizu eserita zauden lekua. Nerea Ibarzabalen “Bar Gloria”-n ere baserri giroa ez dabil urruti eta liburua ixten duzunean idien lurrunaren izerdi usaina suma dezakezu airean. Bazoaz Miren Gorrotxategiren “33 ezkil”-era edo Miren Amurizaren “Basa”-ra eta haietan ere baserri giroa da nagusi.

Sektorea ekonomia aldetik okerren dagoenean jarri da nonbait modan baserria. Mikel Intxaustiri irakurri nion zinemako karteldegietan ere badirela hiruzpalau film giro horretara garamatzatenak. Pizten duzu telebista (nik gaueko zortziak aldera bakarrik pizten dut) eta Aritz Ganboa agertzen zaizu, “Biba Zuek” programan, Arruazuko bere ardiez inguratuta eta sekulako aldarriak eginez eta badirudi ikusleek jarraitu egiten diotela. Badirudi mundu guztiak daramala baserritar bat gordeta bere baitan.

Aitortzen dut burgesiak bere xarma duela, janzkeran, bere kultura jasoan eta manera dotoreetan adierazten dena. Langile jendeak ere badu bere epika, baina baserritarrok ere baditugu gureak diren baloreak: lanari diogun atxikimendua, indarraren kultua, izerdiaren mitifikazioa eta, psikologiari dagokionez, jatortasuna eta sanidadea, bertute hau denoi iritsi ez bazaigu ere.

Banuen lagun bat, ikastola handi bateko zuzendari urteak eman zituena, eta irakasleak kontratatzeko orduan hutsik egiten ez zion metodoa erabiltzen zuena. Hautagaien zerrendatik baserritarrak lehenesten zituen eta ondoren telefonoz deitzen hasi eta amak ez zegoela etxean, lanera joana zela erantzuten bazion, ia zer lanetara joana zen galdetzen omen zion eta «bai, sega bizkarrean duela ikusi dut» eransten zionean, biharamunean bertan lanean has zitekeela esaten omen zion.

Gure herriko enpresari ezagun batek ere, Martzial Uzinek, pertsonal buruak norbait lan eske joana zela esaten zionean «baserritarra al da?» galdetzen omen zuen.

Neuk ere inguruan norbaiti buruzko gorespenak egiten ari direla, oso jatorra dela entzuten badut, baserritarra izango dela pentsatu ohi dut. •