JAN. 21 2023 ESKUBIDEEN URRAKETA Protesta mugimenduak babestu beharra nabarmendu du HRWren txostenak Nazioarteko komunitateak gobernuen gehiegikerien kontrako protestak babestu behar dituela adierazi du Human Rights Watch erakundeak 2022. urteari buruzko txostenean. Bertan, gobernu autoritaroen kontrolik gabeko botereak giza eskubideak mehatxatzen dituela mundu osoan gogorarazi du. Myanmaretik ihes egindako rohinyak, Indonesian. (Chaideer MAHYUDDIN | AFP) GAUR8 Gobernu autoritarioen kontrolik gabeko boterea giza eskubideen aurkako mehatxua da mundu osoan, Human Rights Watch erakundeak 2022ko txostenean salatu duenaren arabera. Bertan, Errusia, Txina, Afganistan, Iran edo Etiopiako erregimenak aipatzen diren arren, giza eskubideak aldarrikatzen dituztenen zinismoa eta neurri bikoitza ere deituratu ditu HRW erakundeak. Esaterako, Ameriketako Estatu Batuak Saudi Arabiarekin negoziatzen ari direla, nahiz eta Joe Biden presidenteak Riadi boikota egiteko deia egin zuen hautagaia zenean; Kaxmirren musulmanen aurka egindako erasoei buruzko ikerketak babesten dituela Pakistanek, baina bizkarra ematen diela Txinako uigurren aurkako balizko krimenei, eta herrialde askok harremanak estutu dituztela Indiarekin, nahiz eta bertako gobernuak Pekingo errepresioa imitatzen duen, HRWren txostenak dioenez. «Afganiar eta siriar errefuxiatuek sentitu dute, benetan, neurri bikoitz hori», nabarmendu du Tirana Hassan HRWko zuzendariak. Horietako asko «etxean egotera behartuta daude, lan egiteko eskubiderik gabe, bisa baliogabetuko zaien edo amai litekeen jakin gabe, eta seguru sentitzen ez diren leku batera itzuli beharko dute. Kontraste gogorra da Europak Ukrainako errefuxiatuei eman dien erantzunarekin alderatuta», esan du erakunde humanitarioko arduradunak. HRWren arabera, nazioarteko komunitateak protesta mugimenduak babestu behar ditu gobernuen gehiegikeriei aurre egiteko eta erregimen horiei erantzuten dieten taldeei arreta politikoa eskaini behar die. Hala, eskaera berezia egin die Myanmar edo Sudaneko buru militarrekin harremana duten estatuei eta erakundeei, -AEBak, Europar Batasuna, NBE edo Asean, bestak beste- presioa egin dezaten. 2022an izan diren krisiek -Ukrainatik Txina edo Afganistaneraino- «giza sufrimendu oldea utzi dute, baina aldi berean giza eskubideen arloan lidergorako eta estatuek eskubideak defendatzeko bide berriak» ireki dituztela uste du erakundeak. Ukrainaren kasuan, esaterako, munduaren arreta jaso duela nabarmendu du erakundeak eta giza eskubideen sistemaren baliabideak abian jarri direla uste du. Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseiluak edo Nazioarteko Auzitegi Penalak ikerketak ireki dituztela gogorarazi du. Giza eskubideen urraketaren zerrenda luzea den arren, hona hemen txostenean jasotzen direnetako batzuk. AMERIKETAKO ESTATU BATUAK AEBen aldeko joera izatea leporatzen zaio sarritan Human Rights Watch erakundeari. Txostenean zenbait kritika agertzen dira, ordea, Bidenek atzerrian hartutako estrategiak giza eskubideak urratzeko bideak irekitzen dituelako. Guantanamoko espetxean oraindik ere 36 pertsona daudela ere nabarmendu du. Aldi berean, Egipto, Israel edo Saudi Arabiari laguntza militarra ematea salatu du. ASIA Txinaren kasuan HRWk salatu du ez duela inongo azalpenik eman «Ekialdeko Turkmenistanen (Xinjiang) milioi bat uigur eta beste musulman turkiar batzuk atxilotu eta torturatu edo haiei behartutako lanak ezarri izanaz». 2021ean boterea eskuratu zuen Myanmarreko militar taldeak, bestalde, gehiegikeriak areagotu baino ez du egin. Ildo horretatik, krisiari erantzun bateratua emateko eskatu die HRWk inguruko herrialdeei (Indonesia, Malasia, Singapur, Filipinak eta Thailandia) militarraren finantzaketa mozteko. «Urte hau kritikoa izango da», gaineratu du. Sri Lankan, gobernuaren aurkako manifestazio batean, moje budista bat poliziaren ur-kanoitik ihesi. (Ishara KODIKARA / AFP) Gerra-krimenen eta gizateriaren aurkako krimenen erantzule izatea leporatu die militarrei: «Masa-hilketetan, atxiloketa arbitrarioetan, torturan, sexu-indarkerian eta zibilen aurkako erasoetan inplikatuta egon dira, arrisku handieneko komunitateei laguntza humanitarioa banatzea oztopatzeaz gain». Demokraziaren aldeko 16.000 ekintzaile baino gehiago arbitrarioki atxilotu eta, gutxienez, 2.300 pertsona hil dituzte Myanmarren. Afganistanen, emakumeen egoera izugarri okertu zen iaz, talibanak abuztuan boterera iritsi zirenean, neskatoen hezkuntza eragozteko, unibertsitatera sartzea debekatzeko eta lanaren eta askatasun sozialen arloetako lege gogorrekin. Eta disidentzia baketsua zapaltzen duten arauak eta politikak ere ezarri dituzte. Fundamentalisten neurriek bazterrean utzi dituzte azken bi hamarkadetako lorpen asko. Halaber, errepresio gogorra egiten dute eskubideen aldeko manifestazioen aurka, protestak bortizki zapalduz eta parte-hartzaile gehienak atxilotuz. Bestalde, «Afganistango biztanleen %90ak baino gehiagok elikagai-segurtasunik eza pairatu zuen iaz, urte osoan», eta horrek bereziki eragin zien emakumeei eta neskatoei, lan egiteko murrizketak ezarri baitizkiete. Iranen, errepresioaren ondorioak ere ezagunak izan dira irailean Mahsa Amini gaztea atxilotu eta hil zutenetik. Protesten kontrako errepresioan «gehiegizko indar hilgarria» erabili, justifikaziorik gabeko kargupean ehunka pertsona espetxeratu eta epaiketa sumarioetan eta «larriki bidegabeak» diren epaiketetan heriotza-epaiak ezarri izana salatu du HRWk, besteak beste. Teheranen kontrako presioa areagotzeko eskatu die erakundeak, bereziki, «hego globaleko herriei». Iranen 400 hildako inguru izan dira eta protestak geldiarazteko asmoz, hamasei heriotza-zigor ezarri dira. Horietatik lau exekutatu egin dituzte. Irango ekintzaileek salatu dutenez, epaiketak ateak itxita egiten dira, denbora errekorrean, torturapean lortutako aitorpenekin eta kasu askotan abokaturik gabe. HRWk salatu duenez, 15.000 manifestari baino gehiago atxilotu dituzte jendez gainezka dauden espetxeetan. Bestalde, drogen inguruko delituekin lotutako exekuzio kopuruak ere gora egin du (gutxienez, 130). Emakumeek ere diskriminazio larriak jasaten dituzte ezkontzari, dibortzioari, herentziari eta guraso-ahalari buruzko erabakiei dagokienez, eta gero eta feminizidio-kasu gehiago daude. Hain ezagunak ez diren beste salaketa batzuk ere jasotzen ditu txostenak. Adibidez, Hego Koreako Gobernuak lan handia du aurretik «emakumeen eta neskatoen, etorkinen, atzerritarren, adinekoen, desgaitasuna duten pertsonen eta LGBTI kolektiboko herritarren aurkako diskriminazioari aurre egiteko», adierazi du HRWk. Yoon Suk-yeol presidente kontserbadorearen Gobernua Ipar Korean gertatzen diren giza eskubideen urraketez arduratzen da, baina etxean bertan ere badu zeregina. GOLKOKO HERRIALDEAK Era berean, Golkoko herrialdeetan, hala nola Saudi Arabian, Qatarren edo Arabiar Emirerri Batuetan, gehiegikeriek, errepresioak eta diskriminazio praktikak jarraitzen dute, bereziki emakumeekin. Saudi Arabiako agintariek disidente baketsuak eta giza eskubideen aldeko ekintzaileak atxilotu dituzte eta hainbat hamarkadatako espetxe-zigorra ezarri diete. «Atxiloketa-zentroetako abusuzko jardunbidea, hala nola tortura eta tratu txarrak, espetxeratze arbitrario luzeak eta lege-prozesu argirik gabe ondasunak konfiskatzea oraindik ere orokorrak dira», dio HRW-k Adibidez, martxoan, agintari saudiarrek 81 gizon exekutatu zituzten -exekuzio handiena hamarkada luzez-, nahiz eta berriki heriotza-zigorraren erabilera murrizteko konpromisoa hartu duten. Iragarritako lege-erreformak hutsean geratu dira. Emirerrien kasuan ere, lege sorta zabalari zuzenketak egin zizkioten 2022an, baina herrialdeak disidenteen aurkako errepresio eta zentsura kanpaina kezkagarriarekin jarraitu du. Qatarren, FIFAren Munduko Txapelketak munduaren begiak erakarri ditu eta langile migratzaileek herrialdean jasaten dituzten abusu larriak azaleratu dira. Egindako lan-erreformek oso eragin txikia izan dute, berandu sartu direlako indarrean eta gutxi aplikatu direlako. Lama Fakih HRWko Ekialde Ertaineko eta Ipar Afrikako zuzendariak adierazi duenez, 2022an Ekialde Hurbilean, oro har, «errepresio sistematikoak araua izaten jarraitu zuen», baina itxaropena agertu zuen «eskubideak eskatzeko antolatzen diren» tokiko gizarte mugimenduekin, batez ere Iranen eta Tunisian. IPAR AFRIKA Kais Said Tunisiako presidentearen botere kontzentrazioak trantsizio demokratikoa «atrofiatu» du, HRWk salatu duenez. «Agintariek neurri errepresiboak hartu dituzte oposiziogileen eta kritikoen aurka», batzuetan «presidentea, segurtasun indarrak edo beste funtzionario batzuk publikoki kritikatzeagatik». Saidek, 2021eko uztailaren 25etik, botere osoz gobernatzen du eta eskubideak bermatzeko tresnarik gabeko sistema presidentziala ezartzeko konstituzio berria proposatu du. Polizia Tunisian, presidentearen aurkako protesta batean. (Fehti BELAID / AFP) Aljeriari buruz, aktibistak, abokatuak eta kazetariak auzipetzen jarraitu duela dio HRWk, baita gizarte zibileko erakundeak desegiten ere. 250 pertsona inguru atxilotuta zeuden, urrira arte, «protesta baketsuetan parte hartzeagatik, aktibismoagatik edo adierazpenagatik». Aljeriako agintariek gero eta gehiagotan erabiltzen dituzte terrorismoarekin lotutako karguak giza eskubideen defendatzaileak, aktibistak eta kritikoak epaitzeko. Egiptoko Gobernuak zuritze-kanpaina bati ekin zion, batez ere COP27 Klimaren Goi Bileran, eta Al Sisi presidenteak 2022 «gizarte zibilaren urtea» izendatu zuen, oinarrizko askatasunak murrizten dituzten legeak indargabetu gabe eta errepresioarekin jarraitu duen arren. «Egiptoko kartzeletan milaka pertsona daude atxilotuta aurrekari politikoengatik, eta gobernuak isilpean gordetzen du haien kopurua. Barne Ministerioko poliziak eta Segurtasun Nazionaleko agenteek oposiziogileak indarrez desagerrarazten jarraitu dute. Kartzelako agintariek eta Egiptoko segurtasun indarrek tratu txarrak ematen dizkiete atxilotuei, baita sexu-indarkeria sistematikoarekin ere, ia inpunitate osoz degradatzeko», HRWren arabera. PALESTINA Palestinaren kasua giza eskubideen urraketen adibiderik ezagunenetarikoa izanik, inpunitate handienekoa ere bada. Human Rights Watch erakundeak nabarmendu duenez, Israelgo koalizio gobernuarekin palestinarren aurkako errepresio gordina areagotu egin da. «Israelgo agintarien praktikak, judu israeldarrek palestinarrekiko duten nagusitasunari eusteko politikaren zati gisa abiarazitakoak, apartheid eta gizateriaren aurkako krimenen parekoak dira», adierazi du erakundeak. Bere txostenak Gazaren aurkako erasoek 49 palestinar hil zituztela dio, eta oraindik ere blokeoak bi milioi pertsonaren mugimendu askatasuna mugatu eta bizitza hobetzea galarazten duela. Emakume palestinarrak hileta batean (Jaafar ASHTIYEH / AFP) Zisjordanian ere operazio militarrek, 2022an, 147 palestinar hil zituztela jasotzen du txostenak: 2005etik hildakoen kopuru altuena. Bestalde, «atxikoleta administratibopean» (kargurik eta epaiketarik gabe) dauden presoen kopurua azken bi hamarkadetako altuena da -866 preso-. Halaber, «gerra krimentzat» jo du Israelek Zisjordania okupatuko kolonietara lekualdatzea sustatzea. Aldi berean, 2022an, palestinarren 851 etxebizitza suntsitu zituzten eta beste mila suntsitzeko baimena eman zuen Israelek. AFRIKA Afrikan, gutxienez, hamabost gatazka armatutan -Kongoko Errepublika Demokratikokoa, Kamerungoa, Etiopiakoa, Mozambikekoa, Malikoa, Burkina Fasokoa eta Hego Sudanekoa barne-, gobernuko indarrek edo estatuz kanpoko talde armatuek zibilen aurkako abusuak egin zituzten 2022. urtean, HRWren arabera. Carine Kaneza Nantulya HRWren Afrikarako zuzendariordeak «krisi horietako milioika biktimei justizia emateko indarrik ez egitea» aurpegiratu dio Afrikako Batasunari. Etiopian, Tigray iparraldeko eskualdeko matxinoen eta Go bernu zentralaren arteko gerrak inpaktu suntsitzailea izan du populazio zibiletan. HRWk M23 mugimendua ere gaitzetsi du, «Ruandaren babesarekin, Kongoko Errepublika Demokratikoko ipar-ekialdean izugarrikeriak» egin dituelako. Mozambikeko iparraldean, mehatxu jihadistaren ondorioz, milioi bat pertsona inguru lekualdatu dira lau urtean. Arazo horrek Saheleko herrialdeak ere astindu ditu, hala nola Mali, Burkina Faso -jihadismoaren ondorioz bi estatu-kolpe izan zituen 2021ean- eta Niger, besteak beste. Mali «islamiar matxinoen hazitegia da (...) eta gainezka egin du». «Sahel eskualde osoa dago arriskuan», ohartarazi du erakundeak. Talde jihadisten erasoek zein segurtasun indarren errepresaliek zibilen heriotzak eragin dituzte. Gainera, GKEak dio trantsizio gobernu batzuetako agintariek gogor zapaldu dituztela kritika eta disidentzia politiko baketsua, Txaden eta Sudanen gertatu den bezala. Hala ere, aurrerapenak ere gertatu ziren 2022an, ankerkerien biktimen justiziari begira: urrian, Afrika Erdiko Errepublikako Zigor Auzitegi Bereziak kartzela zigorra ezarri zien hiru matxinori gerra-krimenengatik eta gizateriaren aurkako krimenengatik. LATINOAMERIKA Latinoamerikako giza eskubideen egoera «azken urteotako okerrenetakoa da», HRWren analisiaren arabera. «Zuzenbide-estatua oso larri hondatu da eskualde-mailan», adierazi du eta adibide gisa «hauteskunde-sistemen, Botere Judizialaren, prentsa independentearen eta gizarte zibilaren aurkako eraso zuzenak eta frontalak» jarri ditu. «Demokratikoki aukeratutako liderrek ere demokraziaren zutabeak arriskuan jartzen dituzte», gaineratu du. Erregimen oso autoritarioen -Honduras edo Brasil- amaierarekin edo gobernu batzuen erabakiak geldiarazi dituzten auzitegien erabakiekin «erresilientzia demokratikoaren» seinaleak izan diren arren, «garaipen pirrikoak izan dira». Eskualdeko erronka kronikoak «izugarriak» dira: pobrezia (Latinoamerikako biztanleriaren heren bat pobrezian bizi da), aberastasunaren banaketa desberdina (biztanleriaren %20ak diru-sarrera globalen erdia bereganatzen du), klima-mehatxua eta baso-soiltzea, eta eskualde osoko indarkeria-maila handia, hain zuzen. Arazo horiek larriagoatu egin ziren zenbait herrialdetan 2022. urtean: Haitin, esaterako. Arazo horien baturak indarkeriatik edo pobreziatik ihes egin nahi duten milioika pertsonaren exodoa eragin du: egoera bereziki larria da Venezuelaren (7,1 milioi desplazatu) eta Erdialdeko Amerikaren kasuan. Kolonbian, indarkeria modu berriak agertu dira, eta biolentzia bake prozesuaren aurreko mailara iritsi dela dio HRWk. Giza eskubideen defendatzaileak, kazetariak, FARCeko gerrillari-ohiak eta beste aktibista batzuk dira jopuntuak. 2022. urtean, urrira bitartean, giza eskubideen 182 defendatzaile hil zituzten. Londresen, Irango errepresioaren eta exekuzioen kontrako protesta bat. (Justin TALLIS / AFP) Txilen, Polizia Nazionalaren erreforma oso poliki egiten ari dela eta abusuak egiteko esparrua irekita dagoela nabarmendu du erakundeak. Kubak oposiziogileak kartzelatu dituela ere salatu du eta, bestalde, irla isolatzeko AEBen politikak, Bidenek jarraitu duenak, porrot egin duela gaineratu du. El Salvadorren, Nayib Bukele presidenteak instituzio demokratikoak bereganatzeko hartutako neurri gogorrak gogorarazi ditu txostenak eta salbuespen egoeran abusuak izan zirela. Nikaraguan, bestalde, «kritikoen, kazetarien eta giza eskubideen defendatzaileen kontrako errepresio sistematikoa» salatu du HRWk. Azkenik, indarkeria eta zigorgabetasun mailak «errekor historikoetara iritsi dira Mexikon, 100.000 biztanleko 28 homizidiorekin». HERIOTZAK MIGRATZAILEEN ITZULKETEN ONDORIOZ Espainiar estatuan, «bero-beroan egindako itzulketen» ondorioz gertatutako etorkinen heriotzak gogorarazi ditu Human Rights Watch erakundeak. Ekainean, gutxienez, 23 pertsona hil ziren Melillako mugan. «Espainiaren kudeaketak eta etorkizunean gerta daitekeenak kezkatzen gaitu», esan du. «Garrantzitsua da Espainiak Marokori pertsonarik ez itzultzea, asilo baldintzak oso ondo aztertu ez baditu», gaineratu du. Pobreziaren igoeraz ere kezka azaldu du, biztanleen %27,8 pobrezia arriskuan baitago. «Israelgo agintarien praktikak, juduek palestinarrekiko duten nagusitasunari eusteko politika, apartheid eta gizateriaren aurkako krimenen parekoak dira» «Krisiek giza sufrimendu oldea utzi dute, baina aldi berean giza eskubideen arloan lidergorako eta estatuek eskubideak defendatzeko bide berriak ireki dituzte» «Afganiar eta siriar errefuxiatuek sentitu dute, benetan, neurri bikoitz hori. Kontraste gogorra da Europak Ukrainako errefuxiatuei eman dien erantzunarekin alderatuta» Egiptoko Gobernuak zuritze-kanpaina bati ekin zion 2022an, batez ere COP27 Klimaren Goi Bileran, oinarrizko askatasunen murrizketekin eta errepresioarekin jarraitu zuen arren Mali «islamiar matxinoen hazitegia da (...) eta gainezka egin du. Sahel eskualde osoa dago arriskuan». Jihadistek zein segurtasun indarrek zibilen heriotzak eragin dituzte Qatarren, FIFAren Munduko Txapelketak munduaren begiak erakarri ditu eta langile migratzaileek herrialdean jasaten dituzten abusu larriak azaleratu dira