JAN. 28 2023 Eta esango dute artikulu bat irakurtzen ari direla... Miren AZKARATE BADIOLA Garraio publikoa aldian-aldian erabiltzen duten horietakoa naiz betidanik. Gehienbat autobusa eta noizean behin trena ere bai. Bidaia horiek betidanik oroitzen ditut liburu batekin eskuetan irakurtzen, minutu horietan zehar nire munduan sartu eta horrela aprobetxatzeko. Orain aitortu beharra daukat pixka bat mareatzen naizela, ez dakit adina izango den edo beste azalpenik ote duen, aztertu beharko dut. Aspaldian, baina, ez dut ikusi inor liburu bat edo egunkaria paperean irakurtzen, eta azkenaldian, horretan jarri nahi izan dut arreta. Azkenean, aurreko batean bat ikusi nuen arte. Hunkitu eta guzti egin nitzen! Malkoa justu-justu begi ertzean nuela geratu nintzen aurrean ikusten ari nintzen eszenarekin. Noiztik halako egoerarik parez pare suertatu gabe? Duela urte batzuk arrunta zen zerbait orain pantailen eta teknologia berrien erruz estintzioan dagoen zerbait bilakatu da, edo bilakatu dugu. Liburu edo egunkariak (hemen ere) mugikorrengatik ordezkatu ditugu, niri pertsonalki beldurra emateraino. Zeren eta ez da soilik ez dugula paperean irakurtzen, ez, ez… Ez dugu ondokoarekin hitz egiten, ez dugu leihotik begiratzen eta paisaia ikusten, eta urtebete eskas duten haurrei ere 15 minutuko bidaia batean ez diegu abesten… Dena pantaila zikin batek ordezkatu du! Helduenengandik haur jaioberrienganaino, adinaren araberako bereizketarik gabe! Eta esango dute artikulu bat irakurtzen ari direla... Ez dut esan nahi hobekuntzarik ez dutenik ekarri pantailek eta deitu nazazue ‘erromantikoa’ paperaren gorazarre egiteagatik, baina autobusetan ere gai honek eskuetatik ihes egin digula iruditzen zait. •