Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
PANTAILA TXIKIAN

«Parker Lewis» fenomenoa Euskal Herrian

80-90eko hamarkadan jaio bazara -eta bestela baita ere- ziur gogoan duzula «Parker Lewisek ez du sekula galtzen» izeneko telesaila, ezta? Bazenekiten, ordea telesaileko protagonistaren -Corin Nemec- eta Euskal Herriaren artean istorio bitxi bat dagoela?

«Parker Lewisek ez du sekula galtzen» telesail famatuko fotograma bat.
«Parker Lewisek ez du sekula galtzen» telesail famatuko fotograma bat. (GAUR8)
Parker Lewisek ez du sekula galtzen

Institutuetan girotutako telesailak pantaila txikiko klasiko bilakatu dira. Ikusle mordoa biltzeko gaitasuna lortu zuten 80-90eko hamarkadan bereziki: “Beverly Hills 90210”, “Saved by the Bell”, “Dawson's Creek” edota aipatzen ari garen “Parker Lewisek ez du sekula galtzen” dira, besteak beste, horren adibide. Haurtzarotik heldutasunera dagoen jauzi hori islatzeko helburuz eta umorea erdigunean jarrita, nerabeen bizipenak etengabe pantailaratu zituzten urte haietan. Neurri batean guztiok izan dugu ikusle gisa markatu gaituen institutu-telesail bat, haurrentzako edukien eta mundu helduago baten proposamenen arteko trantsizioa suposatzen zuena. Euskaldunon artean, ziurrenik, “Parker Lewisek ez du sekula galtzen” izan liteke gai horren ordezkari nagusia.

Santo Domingo Bigarren Hezkuntzako Eskolako ikasle Parker Lewis pertsonaiaren egunerokoa azaltzen du. Telesaila FOX kateak eskaini zuen 1990 eta 1993 bitartean, eta hiru denboraldi iraun zituen, guztira.

Telesaila 1985eko “Ferris Bueller's Day Off” filmaren arrakastaren ondorioz jarri zen martxan. Film hori John Hughes estatubatuarrak zuzendutako nerabeen komedia bat da, Matthew Broderick protagonista duena. Chicagoko institutu bateko 17 urteko ikaslea gorpuzten du telesailak, gurasoak etxetik kanpo dituela baliatuz oporrak aurreratu eta klasetatik piper egitea erabakitzen duena. Gazteak erakartzeko helburuz, FOX-eko arduradunek Clyde Phillips sortzaileak bazterrean zuen proiektu bat berreskuratu zuten eta honako hau gehitu zioten: “Ferris Bueller's Day Off” filmaren esentzia eta protagonistaren espiritua, eta bereziki, produktu dinamikoagoa sortzeko helburuz, lengoaia zinematografiko ausartagoa txertatu zioten. Emaitza, denok ezagutzen duzuen “Parker Lewisek ez du sekula galtzen”.

Tonu histrioniko eta surrealista erabiliz, eta ezinezkoak ziruditen enkoadraketekin, eszenaratzeak “cartoon” edota komiki kutsua zuen, garai hartako gainerako telesailekin konparatzea ezinezkoa egiten zuena. Kubiac “erraldoiaren” eszena ia gehienetan antzematen zen aipatutako eszenaratze xelebrea. Telebistan garai hartan ikusten zenarekin alderatuta, muntaketa ere oso aberatsa eta berritzailea zen: ustekabeko angeluetatik egindako planoak, pertsonaien aurkezpen originalak, histrionismoa, surrealismoa, baita laugarren hormaren haustura ere. Soinu-efektuek nolabaiteko erreferentzialtasuna ematen zieten marrazki bizidunetako elementuei. Emakumezko pertsonaia berezi eta ahaztezina ere izan zuen telesailak, Musso andereñoa: serieko gaizkile zoragarria, eskolako zuzendaria eta Parkerren etsai nagusia.

Corin Nemec

Telesaila ezagun egin bazen, hein handi batean bere protagonistari esker izan zen: Parker Lewis. Abentura honetako pertsonaia nagusia zen, eta bere ausardi eta adimenak egunerokoak eragindako edozein arazoren gainetik pasatzeko aukera ematen zion. Erabiltzen zituen alkandora xelebreek ere zalaparta sortu zuten. Baina nor dago pertsonaia horren atzean eta zergatik ez da batere ezaguna gaur egun?

Pertsonaia hori gorpuzten duen aktorea Corin Nemec estatubatuarra da. 1971. urtean jaiotakoa, aktore izateko bokazioa 14 urterekin “The Goonies” (1985) filma ikusi zuenean piztu zitzaiola aipatu izan du elkarrizketa askotan. Bere aita, Joseph C. Nemec III, filmaren zuzendari artistikoa izan zen.

Los Angelesko Centre Stage antzerki-konpainiarekin entseatzen hasi zen eta agente batekin sinatu zuen, talentu-lehiaketa batean parte hartu ondoren. Iragarki askotan lan egin ostean, 1988. urtean “Tucker: the Man and His Dream” filmean parte hartu zuen. 1990ean iritsi zen ezagun izatera bultzatu zuen telesaila, “Parker Lewis”.

Ez dut esango ostrazismoan erori denik, baina geroztik apenas izan du pertsonaia garrantzitsuak gorpuzteko aukera eta egun bigarren mailako pertsonaiak antzezten ikusi dugu, “Stargate SG-1” edota “Supernatural”-en esaterako.

Kondairak, bitxikeriak eta euskal jarraitzaile sutsuak

Goazen orain artikulu honen mamira. Nazioartean audientzia-datuak txarrak ez ziren arren, oro har telesaila ez zen oso arrakastatsua izan, eta horregatik iraun zituen soilik hiru denboraldi. Euskal Herrian, EITB-n (euskaraz bikoiztua), ematen hasi zirenean, ordea, pasadizo bitxi eta nahiko xelebre bat gertatu zen, euskal gazteen artean sekulako arrakasta izan baitzuen, eta jarraitzaile fenomeno moduko bat sortu zen. 1993. urtean Europan zehar bira bat antolatu zuen Corin Nemec aktoreak telesailari bultzada apur bat emateko asmoz. Europako hainbat hiriburutan promozioa egiten hasi zen, hainbat herrialdetan zehar bidaiatu zuen eta arrakasta eta jarraitzaile maila nahiko eskasak izan ziren. Agenda horren barruan, ordea, Euskal Herria bisitatzea falta zitzaion. Bilboko aireportura iritsi eta terminaleko ateak zeharkatu zituenean, zur eta lur geratu zen, ez zuen ezertxo ere ulertzen: ehunka zale zain zituen kanpoan, bere izena oihukatzen, eta kaleetan ere ilara luzeak sortu ziren posterrak sinatzeko.

Hementxe egun horretan EITB-n emandako albistean agertu ziren irudiak: «https://labur.eus/GAUR8PARKER».

Euskal bira horren barruan Euskal Herriko hainbat ikastetxe bisitatzeko ere aprobetxatu zuen zurrumurrua hedatu da azken urteotan. Askok kondaira hutsa besterik ez dela dioten arren, zin dagizuet gure ikastetxea bisitatu zuela: Donostiako Santo Tomas Lizeoan ikasitakoa naiz eta bertan ibili zen posterrak sinatzen. Askok sinesten ez didaten arren, txio honetan ikus dezakezuen moduan, ez naiz bakarra, eta froga bila dabiltza asko.

Kontua argitzeko, Corin Nemeci berari mezua idatzi nion sare sozialen bidez eta @La_Zurraspa erabiltzaileari esker, erantzunaren bideoa hemen jaso genuen: «https://labur.eus/GAUR8CORIN».

Ondorio gisa eta hausnarketarako bidea zabaltzeko, galdera batzuk jaurti nahi dizkizuet: zein izan zen, zuen ustez, Euskal Herrian hainbesteko arrakasta izatearen gakoa? Garairako nahiko berritzailea zen lengoaia zinematografikoa erabili izana? Orduan, zergatik izan zuen arrakasta hemen soilik eta nazioartean ez? Badakigu garai hartan plataforma digitalik ez zela existitzen eta soilik telebista tradizionalean zegoena kontsumitzen genuela, baina benetan uste duzue arrakasta hau kasualitatearen eragina izan zela edo euskaraz bikoiztua izateak ere lagundu zuela? Norberak atera ditzala bere ondorioak.