FEB. 11 2023 Interview Justyna OLKO Antropologoa eta soziolinguista «Denbora behar izan nuen zeinen kolonialak ginen ohartzeko» Mexikon nahuatl hizkuntza eta haren hiztunen esperientziak ikertzen aritu da buru-belarri antropologo eta soziolinguista poloniarra. Lehen egitekoa mendebaldeko akademiaren betaurrekoak eranztea dela konturatu da. Justyna Olko antropologoa eta soziolinguista da. (Urtzi URRUTIKOETXEA) Urtzi Urrutikoetxea Antropologo eta soziolinguista poloniarra da Justyna Olko. Buru-belarri aritu izan da Mexikon nahuatl hizkuntza eta haren hiztunen esperientziak ikertzen, eta etxean ere antzeko bazterketa eta asimilazio-kasuak daudela ikusi du, wilamowiera izeneko hizkuntza germanikoarekin, kasu. Zapalkuntza horrek ekarri dituen traumari, indigenei eta sendabideei buruzko hitzaldia eman berri du Washingtoneko Smithsonian Institutuan. Poloniarra zara, baina zure ikerketaren jatorria Mexikon dago. Nolatan da hori? Arkeologia ikasi nuen, Ameriketako konkistaren osteko zibilizazioen talkak piztu zidan interesa, luzaz ikertu nuen hori. Eta ez zela aski ikusi nuen, jende haren egungo ondorengoei buruz ere jakin behar nuen. Nik uste nuen Mexikon Kolonen aurreko zibilizazioak errespetatzen eta goraipatzen zituztela, baina ezin okerrago nenbilen. Erabateko bazterketa dago, komunitate gehienak ia guztiz asimilatu dituzte espainierazko mexikar kulturan. Eta bizirik iraun dutenak urruneko eskualdeetan daude, ekonomikoki baztertuta, oso aukera gutxirekin. Eskolak asimilatzen ditu, eta hizkuntza baliorik gabeko zerbait bezala hartzen da. Estigmak daude, baina nik ez nuen haien berri izan ikertzaile eta ikasle indigenekin lanean hasi nintzen arte. Kolpea izan zen niretzat, ohartu nintzen, eroso ikertzen nituen bitartean iturri kolonialak -nahuaterazko testu corpus erraldoi hori; milaka dokumentu XVI. mendetik XIX.era arte-, hizkuntza nire bizialdian hil daitekeela, ezer aldatu ezean. Nahuatera ikasten hasi nintzen, eta aktibista bihurtu naiz. Hori da nire esperientzia, ikustea jende horren trauma, arazoak, erronkak, nola ukatzen zaien historian duten lekua... Ez dute beren burua Mexikoko estatuaren sortzailetzat jo ohi den zibilizazio zoragarri eta errespetatu horren ondorengotzat hartzen. Tartean etena dago, ez dute hura egungo hiztunekin lotzen; hizkuntzei ere «dialekto» esaten diete. Bertako hizkuntzekiko gutxiespena ez da Mexikon soilik gertatzen. Arazo globala da, nire herrialdea, Polonia, ere azaletik baino ez da homogeneoa, hainbat talde etniko isilarazi eta ikusezin bihurtu baitituzte. Ezusteko handia izan zen hori niretzat. Hogeita hamar urtez bizi zaitezke herrialde batean hura ezagutu gabe, dibertsitatean eta historian eta hizkuntzetan interesa izanda ere. Lan egin nuen lehen taldea wilamowierarena izan zen, duela 10 urte inguru. Elkarlan hori kaxubiarrengana eta beste gutxiengo batzuengana hedatu genuen. Beraz, bideratzaile bihurtu nintzen, Europako finantzabideak erabiliz jende hau elkartzeko, sarea sortzeko, trauma eta esperientzia gogorren zauriak sendatzeko. Akademiatik haratago doazen eremuetan, alegia. Ikerketa esanguratsuagoa izan dadin gizartearentzat, hainbat galdera bota genituen, justizia sozialaz, aniztasunaren etorkizunaz, hizkuntza-komunitate txikien geroaz. Bai, gure ikerketa konprometitua eta subjektiboa da, baina ikerketa guztiak dira halakoak; gu zintzoak eta gardenak gara, gutxienez. Ez ditugu egia unibertsalak. Norbaitentzat egia da, eta iraganaren berreraikuntza subjektiboa da, baina metodo zorrotzak erabiliz. Bidean ikasiz eta egokituz ikerkuntza. Denbora behar izan nuen zeinen kolonialak ginen ohartzeko, gure ezagutzatik komunitateei esaten zer den onena... Orain gure burua eta akademia bera deskolonizatzeko prozesuan gaude. Hartu ‘ahalduntze’ kontzeptua bera: ezin zara kanpotik etorri eta esan «ahaldunduko zaitut», ez dut inork ni ahalduntzerik nahi, neure burua ahaldundu nahi dut. Horrek denentzat balio du, ikertzaile zein komunitateko kide. Langa hori gainditzeak pertsona bezala ere lagundu dit, aktibista gisa desberdin izateko. Ulertzeko zergatik ari naizen hemen hau egiten, ez bainekien; nire ikerketa baliagarria ote zen galdetzen nion nire buruari. Bistan da lekuan lekuko errezetak behar direla, baina akademikoki ez dago arau orokor bat zehazterik? Arazo ugari daude hor, batzuetan galdurik gabiltzalako. Gu nor gara epaitzeko, esaterako, zein den hizkuntza baten bizitasuna? Mendebaldeko tresnekin neurtzen dugu, eta batzuetan emaitza okerrak ditugu, ez dakigulako nola neurtu. Wilamowieraren kasuan, 90eko hamarkadako ikerketek eszenatoki bat iragartzen zioten ondorengo hamarkadetarako, baina ez, prozesua geldiarazi dute eta biziberritzeari ekin diote. Ez dugu tresnarik esateko «talde hau asimilatu egin dute». ‘Hizkuntza’, ‘indarguneak’ eta ‘babes soziala’ bezalako parametro objektiboak mendebaldeko markoaren zati dira. Dena da posible, baina bertako herritarrek erabaki behar dute. Erabaki dezakete hizkuntzari ez eustea ere, noski. Baina benetan da hautu librea nork bere hizkuntza ez transmititzea? Gertatzen da, noski, baina motibo bat dauka horrek. Iraganeko trauma, esaterako. Ez, noski. Ez naiz esaten ari erabaki librea denik. Muturreko sufrimenduak dakarren zerbait da. Baina, gaur egun, komunitateak erabaki dezake zer gorde nahi duen, eta zein helbururekin. Batzuek agian erritu, zeremonia edo eremu artistikorako baino ez dute nahi, eta ez genuke hori epaitu beharko. Eurek erabaki behar dute zer nahi duten; noski, esperientzia mingarri bat dagoela eta nortasun auzi konplexuak izan ohi direla kontuan izanda. Komunitatearen baitan ere gatazka hori egon daiteke: batzuek esatea «utz dezagun hizkuntza errituetarako», eta besteek ezetz, berriz ere komunitate-hizkuntza bihurtzearen aldeko apustua egitea. Hori da. Hainbat faktore daude, helburu politikoak ere bai. Eta kanpotik zatozenean, horren berri izan behar duzu. Zaila da, esaterako, komunitatea ordezkatzen duen ahots bakarra topatzea, komunitatearen baitan ere egon litezke baztertutako taldeak. Errealitate konplexuak dira eta sentiberatasun handia behar da. Ez da erraza. Gatazka eta lehia handia egon ohi da; hizkuntza arrisku larrian dagoenean, batez ere. Askotan, puristek esaten dute haiek direla hizkuntzaren jabe, eredu zuzena duten bakarrak. Hori ere koloniala da, dominazio-balore batzuk transmititzen ditu. Hizkuntza estandarizatzea, forma idatzi bat ematea, eremu horretara iristea eta abar, askotan, nazio-estatuen ideologiatik datoz. Hizkuntza guztiek ez dute gauza bera behar bizitasunari eusteko, hizkuntzek hainbat funtzio baitituzte. Kontua ez da beti komunikazioa. Beste taldeekin jardun ekonomikoetarako aliantzak egitea ere bada. Senegalen, kasu, jendeak elkarren gainean diren hizkuntzak mintzatzen ditu eta hizkuntzen arteko mugak arinak dira. Ezin duzu mendebaldeko akademia ezarri hori ulertzeko, bertako jakituria behar duzu. Hizkuntzen bizitasuna neurtzeko Fishmanen eskala, agian, baliagarria da Europan eta AEBetan, baina ez du balio Afrika, Australia eta Mexikoko hizkuntzentzat, hizkuntza batzuk sekula ez direlako erabili eremu horietan, eta, hala ere, bizi-bizirik daude, beharrezkoak dira. Beraz deskolonizatu egin behar dugu bizitasunari, galtze-arriskuari eta biziberritzeari buruzko geure ikerketa-moldea ere. Neroni ere guztiz ezjakina nintzen hasi nintzenean, pentsatzen errezeta unibertsal bat egon zitekeela. Ados, baina adineko jendeek hizkuntza indigena dakitenean eta haurrek estatuaren hizkuntza kolonialaz egiten dutenean... Bai, eta aitona-amonekin ia komunikatu ezin diren biloben kasua oso traumatikoa da. Batzuei hizkuntzak ematen die nortasunaren zati handiena; beste batzuek aldarrikatzen dute ez dutela horren beharrik, hizkuntza kolonialean aldarrikatu ere. Eta badira egoerak non hiztun berriek, gazteek, hizkuntza aldarrikatzen duten eta belaunaldi zaharrak ezetz esaten duen, hizkuntza oker egiten dutelako, arbasoek ez zutelako horrela hitz egiten, hori ez delako hizkuntza. Aurreiritzi ugari daude eta indarkeria leku askotatik etor liteke. Gakoa belaunaldien arteko elkarlanean sakontzea dela uste dut. Hizkuntza berreskuratu nahi duen belaunaldi gaztea eta hizkuntzari eutsi dion baina transmititu ez duen belaunaldi zaharra. Komunitatearen elkarlana behar da. Wilamowieran lan handia egin dute gazte-belaunaldian eta hiztun zaharren belaunaldian; funtsean, erdiko belaunaldia isilik dago. Eta funtzionatu du. Bideetako bat da, baina komunitate bakoitzak berea behar du. Hala ere, belaunaldien arteko elkarlana beti aintzat hartu behar dela uste dut, perspektibak adiskidetzeko. Bazterketa, lotsa, errepresioaren memoria. Modu ezberdinetan, baina hizkuntza txikietako hiztun gehienen esperientzia da. Nazio-estatu modernoen sorrerarekin, Mexikon kasu, ordura arte ez bezalako asimilazioa eta bazterketa sufritu du jendeak. Espainiako koroak interes handiagoa zeukan administrazio kolonial eraginkorrean, eta horretarako bertako hizkuntzak aintzat hartu behar zituztela ulertu zuten. 1821ean, Mexiko independentea sortu zenean, indigenak modernizaziorako oztopo gisa ikusten hasi ziren. Funtsean, ‘indigena’ kategoria kendu zuten. Herritarrak ziren, baina hori kaka zaharra zen, babesgabe eta baztertuta zeuden, eta berdintasun soziala iruzur handia zen. Oraindik ondare horrekin gaude. Europak eredu izan beharko luke gaia lantzeko, eta ez da. Nazio-estatuek nahi dutena egin dezakete. Polonian estatuak hamarkada luzez ukatu du hizkuntza baten existentzia, edo txarto mintzatutako polonieratzat jotzen dute wilamowiera, edo are, polonierarentzako mehatxutzat. Eta hori onartu egiten da Europar Batasunean. Errefuxiatuen hizkuntzak ere ez dira aitortzen. Milaka ukrainar ume poloniar sisteman ezarri dira, ukrainar irakasleak egon arren, zertarako? Asimilatzeko, Poloniaren politika kolonial historikoa da, mendeetan izan duena. Nola egiten diezu hori dagoeneko traumatizatuta dauden haurrei? Zer deritzozu hizkuntza ekologiarekin lotzeari? Une honetan, ezinbesteko deritzot. Lehen hizkuntza apartean hartzen genuen, tarteka kultura eta hizkuntza hartuz. Diziplinak bereizte hori ere bada gure ondare akademikoa. Indigenek sarritan esaten dizute ezin duzula testuingurutik eta ingurumenetik bereizi, horrela zati txiki bat baino ez duzula hartzen. Dena doa elkarrekin. Dena suntsitzen bada, hura babesteko, bertakoen ezagutza behar duzu, bertako estrategiak. Jakituria hori ere bertako hizkuntzetan islatzen da, mendeetan bildu dute, ezin duzu mendebaldeko estrategiekin etorri. Jasangarritasunari dagokionez ere argi dago hizkuntza indigena horiek mintzatzen zirela, besteak beste bazutelako balio ekonomiko bat bertako biztanleentzat. Ekonomia global modernoaren prezioa izan da. Europar Batasunak, esaterako, balioa ematen dio eta goraipatzen du hizkuntza-aniztasuna, baina hizkuntza estandarren kasuan. Nazioarteko hizkuntza horiek eragina dute balio ekonomikoan, lan hobea, aukerak eta abar lortzen laguntzen dizute. Hizkuntza txikien balio ekonomikoa ere aipatu izan duzu, bultzada txiki baten eragin handia. Ekonomia lokala ekologia lokalean oinarritzen dela ahazten badugu, hizkuntzaren balio ekonomikoa ahazten dugu, zaila da jasangarritasuna. Ez naiz esaten ari hizkuntza handien balio ekonomikoa kopiatu behar dutenik, ez da hori. Baina hizkuntzek balio sinbolikoa besterik ez badute, aurkezpen txikia eta gero gainerakoa ingelesez edo espainieraz, agurretara mugatzen da hizkuntzaren balioa. Elebitasunetik haratago pentsatzea ere ez da erraza. Komunitateentzako erronka erraldoia da haien balio ekonomikoa birdefinitzea, nola izan baliagarri bertako gizarte, lan edo ekonomia harremanetan. Europako testuinguruan ezinbestekoa da hizkuntzarekin zerikusia duten lanpostuak sortzea, hainbat jardueratarako, hala nola turismo kultural eta linguistikorako. Horrek prestigioa igotzea dakar, konfiantza handiagoa ematen dio jendeari, eta bultzatzen ditu hizkuntza ez dakitenak ikastera, arrazoi sozial eta ekonomikoengatik. Orain bertan burura datorkidan agertoki onena da, baina kultura bakoitza konplexua da, eta hiztunek definitu behar dute beren hizkuntzen balio ekonomikoa. Horrek ingurumenarekin eta lekuan lekuko baliabideak erabiltzearekin ere lotura du, baita ezagutzarekin ere. Hori erronka handia da. Badakit komunitate batzuek, udalerri batzuek, arrakasta izan dutela, Galesen kasu. Badaude adibideak ekonomia lokalean nola aplikatu ikusteko. Eta negozio lokal horiek, sarritan, bertako ingurumenarekin lotuta daude. Ez da izango iraganerako itzulera, hizkuntza aldatzen ari da, ingurumena aldatzen ari da, ahalik eta ondoen egokitu behar dugu, ez dugu geldiaraziko, baina era jasangarrian egin dezagun, luzaroegi ukatu izan den jakituria hori erabiliz. «¿ Quiénes somos para juzgar, por ejemplo, cuál es la vitalidad de una lengua? Medimos con herramientas occidentales y a veces tenemos el resultado... porque no sabemos cómo medirlo»