FEB. 11 2023 { DATORRENA } Garaipen militarraren faltan, garaipen moralaren bila Isidro Esnaola Gero eta zantzu gehiagok erakusten dute gerra nahiko gaizki doala Ukrainarentzat. Azken boladan ugaritu egin dira Ukrainako Armadaren bajei buruzko filtrazioak, eta zenbakiak izugarriak dira: Israelgo zerbitzu sekretuek kalkulatu dituzten 150.000 lagunekin hasi eta, kopuru hori ia bikoiztuta, AEBetako zenbait iturrik jakinarazitakora. Spiegel egunkariak, halaber, Alemaniako inteligentziak filtratutako informazioak argitaratu ditu, Ukrainak Soledar eremuan egunero izandako galera kopurua hiru zifrakoa zela adierazten zutenak. Hala eta guztiz ere, Europan ia inork ez du gerra hau amaitzeaz hitz egiten. Kieveko erregimenarentzat, bestalde, hildakoak ez dira arazo handia izan orain arte. Isuritako odolak aberria egiteko eta, bide batez, Ukrainaren eta Errusiaren artean hobi sakon bat zulatzeko balio duela pentsatzen dute agintariek. Baina derrigorrezko errekrutamendua gero eta zailagoa egiten ari zaio. Okerrena da errekrutak ia prestatu gabe bidaltzen dituztela frontera, heriotza seguru batera. Gainera, Defentsa Ministerioan egin berri den purgak baieztatu du lapurretak ugaritu direla gerrarekin batera eta ustelkeria orokorra dela. Beste zantzu bat da arma berrien bidalketen iragarpenen arteko epeak ere laburtzen ari direla. Leopard tankeak igorri behar zituztela erabaki eta astebetera, AEBetako Administrazioak helmen luzeagoko (150 km-raino) misilen bidalketaren berri eman zuen. Nonbait, albiste horrek ez zuen eragin handirik izan soldaduen morala goratzeko, handik gutxira, hegazkinen bidalketaz hitz egiten hasi baitira. Edo soldaduen adorea ez dute altxatu edo mendebaldeko herrialdeek gaur egungo armamentua zaharkituta geratu dela eta erabat berritu behar dutela uste dute. Gainbehera momentu aproposa bilakatu da yankiek Nord Stream2 delakoaren leherketa aldarrikatzeko. Ezkutuko operazioak eta beste herrialde subirano batzuen aurkako gerra-ekintzak eguneroko ogia dira AEBetako demokrazian. Hala ere, Seymour Hershen iturriak Joe Bideni buruz esandakoa da beldurgarriena: «Egingo zuela esan zuen, eta hala egin zuen». Hanka bat hilobian du, eta burua auskalo non duen zahar batek ez du bere ekintzen ondorioetan asko pentsatu behar. Baina daturik argigarriena da Enric Juliana “La Vanguardia”ko kazetari otanista eta beligeranteak, txio batean, Podemosi eskatu izana, mendebaldeko militarismoa kritikatzearekin eta bakea eta negoziazioa azpimarratzerekin batera, «Mosku gobernatzen duen lapur eta kriminalen taldeari» ere kritika egitea. Ez dirudi asko axola zaionik ez kritikatzea ez Kieveko lapur eta kriminalak; ez, armadek gerra material gehiago eros dezaten, gerra astintzen ari diren lapur eta kriminalak; ez herrialde burujabeen aurkako Washingtonen ezkutuko operazioak, ezta, Naftali Bennett Israelgo lehen ministro ohiak jakinarazi duenez, akordio ia itxi bati boikota egin zioten mendebaldeko agintariak ere. Ez da beharrezkoa, Moskuri kritika egitea baizik. Arrazoia oso sinplea da: armen epaia beren nahien aurkakoa denez, orain gutxienez garaipen morala lortu behar dute: edozer egiten dutela ere, mendebaldekoak onak dira (gara) eta errusiarrak, gaiztoak. Ez bakerako ekarpenik, ez milaka hildakoekiko errukirik, ez diplomaziarik, ez negoziaziorik. Helburua etsaiaren gainetik geratzea da; materialki ezin bada, gutxienez maila moralean. Mendebaldearen miseria gorria. • Como la sentencia de las armas es contraria a sus deseos, ahora deben obtener al menos una victoria moral: sean lo que sean, los occidentales son buenos (somos) y los rusos, malos