Joxean AGIRRE

Animalistak

Ez ginen animalistak izango, baina konbentzituta geunden abere mota bakoitzak bere adimen mota zuela eta norbanako bakoitzak bere izaera, baita konplexutasun handiko psikologia bat ere, bere umetako trauma, maitasun zapuztu eta bizipen lazgarriekin eta batzuen kasuan, behi eta astoez ari naiz, horiek ezagutzen genituelako gertuenetik, baita mania pila bat ere, baina eroapenez eramaten genituen, zeren eta zer da izaera bat manien batura bat baizik, pentsatzen baikenuen.

Charles Waterton naturalistari buruz irakurri nuen txoriak hobeto ezagutzeko zuhaitzetara igota ematen zituela hilabeteak eta ez ninduen horrek askorik harritu, Pello Zabala bat irudika bainezakeen antzeko gauzak egiten gaztetan. Irakurri nuenean, ordea, orangutanak ezagutzeko haiekin bizitzera joan zela eta orangutan eme bat lehen egunetik seko maitemindu zitzaiola eta besarkadak ematen zizkiola etengabe, gizonak erruki pixka bat eman zidan.

Entzuten dituzu txorien txorrotxioak eta, antropozentrismoak horretara bultzatuta, pentsa zenezake haien artean ere egongo direla batzuk besteak baino hobeak eta kantuan ari dena izan litekeela Andoni Egaña edo Maialen Lujanbio bat. Entzuten duzu astoaren arrantza desafinatua eta pentsa zenezake asteme gazte baten belarrientzat izan litekeela hori kantu liriko bat, Pavarottiren aria bat esate baterako. Entzuten du ume batek kilker bat kantuan eta irudika dezake, ipuinetan ikusi duelako, intsektu hori biolina jotzen, Ara Malikian baten antzera.

Gaiak liburu bat egiteko ematen du. Nik idatziko banu, burutazio txoro eta xelebrez betea aterako litzateke. Baina, zorionez, Mikel Torres EHUko irakasleak idatzi du eta zentzuzkoa, serioa eta sakona atera zaio. Izena ere halakoa du: “Poder animal. Capacidades y derechos de los animales”.

Datorren astean urteko lehen sagardotegia dugu eta badakit txuletaren ordua iristen denean liburuko pasarte batzuekin gogoratuko naizela, abereen sentitzeko gaitasunaz, kontzientziaz eta eskubideez hitz egiten dutenekin, esate baterako. Eskerrak adinak kontraesanekin bizitzen erakutsi digun. •