Mijo Lizarzaburu
{ KOADERNOA }

Sekulako hotza eta ardura politiko falta unibertsitate publikoan

Euskal Herriko Unibertsitate publikoan ezin dira ikasgai guztiak euskaraz jaso, master asko gaztelania hutsean dira, garbitzaileen grebei entzungor egiten zaie haien lan baldintzen ardura enpresa azpikontratatuena dela dioen aitzakiarekin, ikertzaileek ez dituzte graduetan ematen dituzten klaseak kobratzen («praktika» deitzen diote), gurpil-aulkiak ezin dira sartu komunetan, liburutegia gero eta gehiagotan egoten da itxita, ohikoa da gazteak target gisa dituzten enpresa pribatuek campusa hartzea haien publizitate kanpainak egiteko, posta elektronikoa pribatizatu dute Microsoften esku utziz gure informazioa eta, gainera, hotza dago.

Kristoren hotza. Irakasleek klasea berokiarekin ematen dute, klaseak inoiz baino luzeagoak egiten dira, hotzarekin ezin baita atentzioa mantendu. Nire alboan jartzen den ikasleak eskularruak jantzi eta eranzten ditu bost minutuero (eskuak ez izoztea eta apunteak hartzeko daukan tableta erabiltzea ez baitira bateragarriak). Atezaintzako langilea erretzaileei ate automatikotik urruntzeko eskatzen die, sentsorea aktibatu eta atea irekitzean hotza sartzen delako bere berogailu gabeko lanpostura. Doktoregai eta ikertzaileei entzun diet esaten txantxetan ke bero nazkagarri hori botatzen duten berogailu txikiak sartuko dituztela ezkutuan bulegoetara, ezin delako hotzez irakurri. Hau da UPV-EHUren egoera, hemen ezin da ez ikasi, ez ikertu, ez lanik egin.

Kexatu gaitezke dekanotzan, baina, horrek ez du ezertarako balio, kexu oro isilarazten baitute «goitik datorren erabakia da» aitzakiarekin, erabakiak beste leku batean hartu izanak automatikoki zure fakultatean gertatzen denaren ardura ezabatuko balu bezala.

Eta ez dakit zergatik, baina apustu egingo nuke errektorearen bulegoan ez dagoela nire fakultateko korridoreetan edo ikasgeletan dagoen hotza. Ardura politikoaz ari naiz, ez indibidualaz. Ez da nire helburua unibertsitate publikoan dagoen hotza Eva Ferreirak bere bulego beroan diseinatutako plan maltzur baten baitan kokatzea. Ferreira errektorea ez da diseinatzailea, kolaboratzailea baizik, zehatzagoa izateko, EAJ eta PSEren politika neoliberalen kolaboratzailea. Horien helburua unibertsitate publikoa baliabidez hustea da, denon dirua unibertsitate pribatuari oparitzen dioten bitartean. Nola azaldu, bestela, alde batetik, unibertsitate publikoaren diru sarrera murriztea berogailuaren faktura ordaintzeko ezintasunak izateraino, eta bitartean 12,5 milioi euro izatea Innovaraba hub enpresarialaren produktu izango den Euneiz (European University of Gasteiz) unibertsitate pribatua finantzatzeko?

Energia aurrezteko neurri gisa saldu nahi izan dute berogailuak itzaltzea, baina, denok dakigu EHUren konpromiso ekologikoaren atzean dagoen benetako helburua ekonomikoa dela, aurreztu nahi duten bakarra aurrekontuetako 2,5 milioi direla. Eta horrek ikasle, ikertzaile eta langileak indarrean dagoen legeriak lan-tenperatura egokitzat jotzen duena baino tenperatura baxuagoak jasatea badakar, hor konpon.

Errektoretzaren adierazpenak eta kondenak azkar datoz gazteak mobilizatzean egindako pintadek eta apurtutako lau mahaiek ekarriko dituzten gastuei gehiegizko garrantzia eman nahi zaienean, baina aho txikiz mintzatzen dira gero eta murritzagoa den diru publikoa zurrupatzera datorren unibertsitate pribatua denean. 2021eko urrian, “Eldiario.es” egunkari digitalean Ferreira errektoreak Euneiz unibertsitate pribatuaren finantzaketa publikoarekiko eta hori legalki babesteko egindako trikimailuekiko kezka adierazi zuen. Baina, kezka ez da nahikoa, unibertsitate publikoari konpetentzia pribatua egiten diotenen aurrean konfrontazio zuzena behar da, horrek botere politikoaren erabakiekin gatazka ekar dezakeen arren.

EAJ, PSE: itzul ezazue unibertsitate pribatua finantzatzeko erabilitako diru publikoa. Euskal Herriko Unibertsitate Publikoan hotza dugu! Errektoretza, hartu ardura: zure ikasle, ikertzaile eta langileak hotzak akabatzen gaude. •