FEB. 25 2023 Lourdes Herrasti; heriotza ikertu, bizitza deskubritzeko Historialaria, antropologoa eta ikertzailea da Lourdes Herrasti Erlogorri (1958, Aretxabaleta). Berrogei urte baino gehiago daramatza arkeologia lanetan, lur azpian heriotzaren arrastoak bilatzen, bizitzak ezagutzeko. Heriotza ikertu, bizitza deskubritzeko. Irudian, Lourdes Herrasti Aranzadiren egoitzan, Donostian. (Andoni CANELLADA | FOKU) Amagoia Mujika Ikasle garaitik gaur arte, Paleolitikoko arrastoekin hasi eta 36ko gerrako hobietaraino. Lurrean belauniko jarri eta profesionaltasun zorrotzez ibilbide kronologiko luzea osatu du. «Gasteizen ikasi nuen. Nire irakasle zen Amelia Baldeonek aipatu zigun ia Gipuzkoara etorri nahi genuen indusketa batera. Jesus Altunarengana etorri ginen eta Errailako (Zestoa) indusketan aritu ginen. Geroztik Aranzadin nabil». Arkeologia ez da Herrastiren lanbidea izan, bere denbora librean egindako jarduna izan da. Bigarren Hezkuntzako irakaslea izan da ogibidez. «Norberaren denbora librean egindako lana izan da, zaletasuna pasio bihurtua. Oso gutxi dira profesionalizatu direnak, honetaz bizi izan direnak. Azken hogei urteetan gauzak asko aldatu dira eta arkeologiaz bizitzeko aukera handiagoa sortu da. Baina ni hasi nintzenean, desberdina zen». Emakume askorekin aritu izan da. «Emakume asko izan dira arkeologian, baina askok ez dute jarduna mantendu denbora luzean zehar. Ez zen erraza, eragozpen handiak ziren arkeologia eta norbere bizitza bateratzeko. Igual nire kasuan ezohikoena da arkeologian mantendu naizela, bidean jarraitu dudala. Emakume asko aritu dira indusketetan eta une jakin batean utzi egin dute, ezin izan dutelako bide hori gehiago luzatu. Lana beste toki batean genuen denok; lanbidea eta soldata beste toki batean. Beste arkeologo asko unibertsitateko irakasleak izan dira lanbidez eta udan aritu dira indusketetan. Kontuan izan behar da garai batean indusketak udan izaten zirela, ez zirela urte osoan zehar egiten. Gehienek ikasturtea egiten zuten irakasle modura eta udak baliatzen zituzten indusketak egiteko. Gerora zabaldu dira indusketak urte osora». Lantaldea Amaldako indusketan 80ko hamarkadan. Alaba jaio eta hilabete eta erdira indusketa batean zegoen Lourdes Herrasti. «Bularra ematen nion eta berriz bueltatzen nintzen indusketara. Ez da nire kasua bakarrik, beste emakume asko antzeko aritu dira. Gustatzen zitzaizun horretan jarduteko modua zen hori». Arkeologiak egungo sona ez zuen garaian, emakume asko aritzen ziren. Hori izan da sentipena. «Agian bai, emakume asko aritu dira unibertsitatean eta gero puntan egon direnak, lehen lerroan agertu direnak, gizonezkoak izan dira. Askotan gertatzen da hori. Esparru askotan gertatzen da nabarmentzen direnak gizonezkoak direla eta emakumeek lan isilagoa egiten dutela. Arkeologian ere gertatu da». Azken urteotan, eta Irulegiko eskua bezalako aurkikuntzak tarteko, arkeologia prestigio gehiago hartzen ari da. «Jendeari arreta ematen dio, oso gauza polita da, kaltegabea, ez dauka ideologiarik... Nik uste dut denoi gustatzen zaigula historia eta arkeologia historiaren atal politenetakoa da». Berrogei urteko bidearen ondoren, liluratik hitz egiten segitzen du Herrastik. «Berez oso liluragarria da, xarma handikoa. Indiana Jones-etik hasita, arkeologia oso miretsia izan da. Gure mentalitate atabiko horretan dago». Laurogeiko hamarkadan hasi zen Herrasti indusketetan, hasiera hartan Jesus Altunaren gidaritzapean. Paleolitiko garaiko ikerketan abiatu zen. «Heriotza ikertzen dugu. Hasiera hartan, kobazuloak aztertzen hasi ginen. Paleolitiko garaian, baina bereziki ondoren, neolitikoan eta brontze aroan, lurperatu egiten zituzten hildakoak. Gorpuekin batera tresnak uzten zituzten, ustez hurrengo bizitzan beharko zituztenak, puntak, zintzilikarioak... Arkeologoek ikertzen dituzte tresna horiek. Baina Pakok (Etxeberria) eta biok bereziki hezurrak aztertu izan ditugu». Aranzadikoak Saharan, deshobiraketa batean. Hezurrek kontatzen dutena Hezurrak aztertu, ia zer kontatzen duten. «Adibidez, gure herriko Hiruaspen (Aretxabaleta), ankilosatutako hatz bat topatu genuen. Hortik abiatuta, badakigu zein gaixotasun zituzten eta gutxi gorabehera zenbat urtez bizi ziren. Hipotesi batzuk egiteko beste informazio ematen digute hezurrek». Ornoetan agertzen den puntilla ugariak, adibidez, pertsona horrek oso artrosi garatua zeukala adierazten du eta pentsatzekoa da bizkarreko min dezentekoa izango zuela. «Hortzei begira ere informazio dezente ateratzen da. Higatuak badaude, pentsa dezakegu zer nolako dieta zeramaten, lan egiteko ere erabiltzen zituztela -tira egiteko, lokarriak egiteko...-. Badakigu garai batean txotxak ere erabiltzen zituztela haginen artean garbitzeko, zuloak dituztelako. Atapuercan ere aurkitu dituzte horrelakoak...». Batzuen eta besteen hezurrak aztertuz, populazioaren profila marraztu dezakete. «Guztia aztertuz, profila ateratzen dugu, profil demografikoa. Zenbat ume, gizon, emakume... Adinaren eta sexuaren araberako banaketa egin dezakegu eta horrek erakusten du zer nolako gizartea zen. Adibidez, ohikoagoa zen emakumeak lehenago hiltzea, gazteago. Helduetan, gizonak gehiago dira. Emakume asko hiltzen zen erditzeko momentuan». San Juan Ante Portam Latinam «San Juan Ante Portam Latinam aztarnategia (Guardia) 1990ean topatu genuen. Haurdun nengoen. Alaba ekainean jaio zen eta hilabete eta erdi geroago indusketan nintzen. Bularra eman eta berriz bueltatzen nintzen indusketara. Hor aurkitu genituen, aterpe baten azpian, 333 pertsonen hezurrak, denak batera. Eta horrek esan nahi du denak batera hilobiratu zituztela. Zerbait gertatu zen, gaixotasun bat izan daiteke, sarraski bat edo elkarren arteko liskarren bat. Topatu genituen zenbait gorpuren barruan txertatutako suharri puntak. Horrek esan nahi du erail egin zituztela: suharri punta sartu zieten bizkarrezurrean eta medula zeharo txikitu zieten. Heriotza etorri zitzaien. Beste kasu batzuetan bizirik jarraitu zuten geziaren punta barruan zeukatela. Oso bitxia da, horrelako kasu oso gutxi egon direlako. Hemen 15 kasu daude; batzuk hil egin ziren eta beste batzuek bizirik irautea lortu zuten. Baina garbi dago gatazka handiak zituztela eta indarkeria handia erabiltzen zutela elkarren aurka. Elkarren arteko borrokak zeuden eta sekulako sarraskiak gertatzen ziren. Aipatu ditudan 333 pertsonen hezurdura horietatik, 100 bost urtetik beherako haurrak ziren. Oso aztarnategi berezia da». Arrasateko momia Berrogei urteko bidean, askotariko egoerak topatu ditu. «Beste gauza batzuk ere aztertu izan ditugu: momiak. Inguruan ere badaude; adibidez, Arrasateko Amandre Santa Ines. Nire aita zenak kontatu zidan bera txikia zela Arrasateko San Juan elizan momifikatutako emakume bat zegoela akordatzen zela. Joan ginen galdetzera eta apaizak ezetz esan zigun. Gero hor zehar galdetu zuen hobeto eta agian baietz. Eskailerapean zeukaten jasoa momia. Ines Ruiz de Otalora. Oso pertsona garrantzitsua. Bere senarra, Okariz jauna, Felipe I.aren idazkaria. Biak ekarri zituzten momifikatuta Arrasatera. Jendeak ikusten zuenez Ines ez zela usteltzen, gauza berezia zen hori eta kopla batzuk sortu zituzten, letania batzuk. ‘Amandre Santa Ines, bart egin dot amets, ona bada bion partez, txarra bada doiela ihes’. Berari eskainiak». Gaur egun Amandre Santa Ines ikusgai dago San Juan elizan. Arrasatekoa ez da momiekin izan duten esperientzia bakarra. «Gure ezaguna den apaiz batek kontatu zigun Toledoko eliza batean mordo bat zeudela, ezkutatuak kapera baten azpian. Joan ginen eta atera genituen denak, 50, eta aztertu. Momia haiek oso berriak ziren, XIX. mendekoak, eliza azpitik atera zituzten. Lotsa emango zien erretzeak eta ezkutatu egin zituzten kapera baten azpian». Espedizioak munduan barna Estatu espainoletik kanpo ere aritu dira, Mendebaldeko Saharan pare bat aldiz. «Meherisera joan ginen. Esan ziguten han bazirela zenbait hobi klandestino eta horiek ateratzera joateko. Maroko eta Sahara liberatuaren arteko mugaraino iritsi ginen justu. Marokon dago munduko harresirik luzeena, Txinakoa baino luzeagoa. Iparraldetik hegoalderaino harresitua dago eta Marokok 100.000 soldadu dauzka hori guztia kontrolatzeko. Meherisera joan ginen eta hondarrean zeuden gorpuak atera genituen. Sei pertsona zeudela identifikatu genuen: lau heldu eta bi haur. Desagertutakoen artean hamar urteko bi mutikoren bila genbiltzan. Objektuen artean oinetakoak ere topatu genituen, denenak. Objektuek informazio asko ematen dute. Saharan oraindik hobi mordo bat dago, baina gune minatu batean daude eta ezin da sartu». 2017an beste bidaia bat egin zuten, Antartidara. «Antartidatik gertu daude Falkland Islands (Malvinak). Malvinetako Gerra 1982an gertatu zen. Argentinarrek eraso egin zuten eta erabaki zuten bereak izan zitezkeela irla horiek. Soldadu mordo bat sartu zen. Oso laburra izan zen, 70 egun. Argentinar mordoa hil zen, 18-19 urteko gazteak, soldaduska egiten ari zirenak. Nora zihoazen jakin gabe bidali zituzten eta oso modu bortitzean hil ziren. Gerra bukatu zenean, Margaret Thatcherrek erabaki zuen beren soldaduen gorpu guztiak erretiratzea, baina Argentinako soldaduak abandonatuta geratu ziren. Erresuma Batuak aginduta, Geoffrey Cardozo sarjentu britainiarrak helburu hartu zuen soldadu argentinarren gorpu guztiak berreskuratzea eta kanposantu batera eramatea. Nazioarteko protokolo guztiak jarraituta, Darwin kanposantua eraiki zuen, 250 pertsonentzat. Bete egin zen. Helikopteroan joaten ziren, gorpuak ikusten zituztenean jaso eta kanposantu horretara eramaten zituzten. Gehienak identifikatu zituzten, baina asko eta asko identifikatu gabe geratu ziren, 122 inguru. 2017an, nazioarteko itun baten bitartez eta Gurutze Gorria tartean zela, enpresa bat sortu zen bertaratu eta ezezagunak ziren gorpu guztiak ateratzeko. Hilobi horietan, ezezagunak zirenen kasuan, ‘soldado argentino solo conocido por Dios’ jartzen zuen. Oso gogorra». Gorpu horiek atera eta izena jartzera joan zen talde bat; britainiarrak, argentinarrak, espainiarrak eta euskal herritarrak tartean. «Bi hilabete eta erdian, denak atera genituen. Egun batean ateratzen genituenak egun berean hilobiratzen genituen. Inguruan, soinean, batzuetan dokumentuak topatzen genituen. Gorpuak osorik zeuden, saponifikatuak zeudelako. Eskutitz asko topatu genituen, askotan amari idatzitakoak. Eskutitzak agertzen zirenean, indusketa geratu, denak isildu eta nik ozen irakurtzen nituen. Imajinatu zer nolako unea. Amari kontatutakoak eta amak inoiz jaso gabeak. Oso gauza hunkigarriak dira. Une batean zeure burua gogortu behar duzu eta distantzia jarri; bestela, sentimenduek gainezka egiten dute». Ikerketa osoa bertan egin zuten. «Denak hilobiratu genituen eta gaur da eguna non denak identifikatuta dauden. Sekulako lana izan zen: denei laginak hartu, Argentinara bidali eta bertako laborategi batean jarraitzen zuten identifikazioa. Bi falta dira, baina seguru aski, senideek ez dakitelako. DNA frogak egiteko ez dira bakarrik hezurrak behar; familiaren beste lagin bat ere behar dugu alderatzeko eta identifikatzeko. Hori gabe ezin da identifikatu. Aurten bete dira 40 urte gerra gertatu zenetik eta bizirik atera ziren beteranoak ari dira indusketa arkeologikoak egiten terapia modura. Oso gaizki pasatu dute, ez dute gainditu, engainatuak eta abandonatuak sentitu dira. Eta orain lagungarri bezala arkeologia erabiltzen ari dira. Arkeologiak balio handiak ditu». Pako Etxeberria eta Lourdes Herrasti, Berriozarren deshobiratze batean. 2000. urtetik, 36ko gerrako hobiak «2000. urtean kasualitatez joan ginen Leonera. Bertatik deitu ziguten, antropologoa eta arkeologoa ezagunak genituen. Hobi bat ateratzera zihoazela eta ia nahi genuen parte hartu. Ez genuen inondik inora pentsatzen topatuko genuena eta gerora etorriko zena; ez genuen pentsatzen 36ko gerrak horrenbeste hildako sortu zituenik. Horrenbeste jende modu ilegalean eraila. Hilketak dira eta oso gogorrak. 11.000 pertsona topatu dira eta pentsa daiteke 130.000 ere izan zirela. Gehienak tiroz erailak, lurpean klandestinoki galduak eta gizarte osoarentzat ezkutatuak. Hori da guk egiten duguna: lur azpian ezkutatukoa bistara atera». Lurpean informazioa dago eta lurraren gainean, informazio hori osa dezaketen testigantzak. «Arazoa zen ezin zirela biak lotu. Baziren testigantzak -nahiko isilak asko-, baina lurraren azpian zegoenak ezkutatuta jarraitzen zuen. Denak bizi ginen ezjakintasunean eta oso garrantzitsua izan da lur azpian zegoena argitara ateratzea. Lurrak hitza eman dio hor azpian zegoen guztiari». Paleolitikoa ikertzetik 36ko gerra ikertzera bada aldea. Desberdintasun nagusia, seguru aski, indusketetan ari direnean hildako horien ondorengoak, senideak, alboan izatea. «Paleolitiko garaiko indusketa batean ez daukazu sentimendurik inguruan. 36ko gerrako indusketa batean familia hor dago, sentimenduak hor daude. Sentsazioak desberdinak dira; ez daukazu hezur bat aurrean, pertsona baten hezurdura daukazu eta berekin zerikusia dutenak, inguruan». Izua. Herrastik garbi dauka lurpean egon direla eta isiltasuna nagusitu dela izua egon delako; «ez beldurra, izua. Seguru zuen etxeetan gurean bezala esaten zela ‘horri buruz ez hitz egin, ixo’. Hori hautsi nahi dugu». Gehienetan emakumeak gerturatzen zaizkie isiltasuna haustera, «oroimena emakumezkoa da. Emakumeek gordetzen dute familiaren oroimena». «Normalean hobiek oso itxura xumea dute. Espainiar Estatuan 800 hobi atera ditugu; guztira, 11.000 pertsona. Eta oraindik falta dira. Denak ez daude identifikatuta. Batzuetan hezurrek ez dutelako informazio nahikoa ematen eta beste batzuetan familia falta zaigulako frogak egiteko. Batzuetan badakigu zein izan daitezkeen eta ez daukagu familiarik laginak alderatzeko». Hobietan jende asko aritzen da lanean, hainbat diziplinatako profesionalak. Lourdes Herrastik behin eta berriz nabarmendu du berea «talde lana» dela eta kide guztiak direla beharrezkoak prozesua bukaeraraino arrakastaz eramateko. Indusketen zutabea talde lana da. «Prospektoreak, biologoak, arkeologoak, genetistak... denak dira beharrezkoak». Hobiak topatzeko orduan, batzuetan testigantzek irekitzen dute bidea. Badira bestelako pistak ere. «Detaileak badaude. Enbor batean markatutako gurutze bat, adibidez. Norbaitek marka hori jarri zuen bazekielako hobi bat zegoela. Gurutze horrek eraman gintuen hobiraino». Beste batzuetan familiek eman diote hobi itxura gerora, haien mina eta falta samurtu nahian edo. «Gehienetan hobiak bide bazterretan daude. Gazteleraz esaten den ‘estar en la cuneta’, literalki. Kamioietan eramaten zituzten atxilotuak, bertatik jaitsiarazi eta jaitsi ahala bertan akabatu, bide ertzean. Eta bertan hilobiratu». Aranzadikoak Toledon momia batzuk ikertzen. Tiroen hotsa eta lekukoen isiltasuna «La Pedrajan (Burgos) 130 pertsona aurkitu genituen, denak gizonezkoak. Kartzelatik erailtzera ateratakoak eta herriz herri atxilotutakoak. Oso paraje berezia da, portu bat. Erailketa guztiak ezkutuan egin daitezke, inor konturatu gabe, ez bada ondoan dagoen kamineroa. Bidezainaren etxea zegoen alboan eta bertan bizi zen familiak beti gorde izan du sekretua. Imajinatu zenbat detonazio eman behar diren 130 pertsona erailtzeko, tiro bat bestearen atzetik. Familia horrek entzun ahal zituen denak, ondoan zeudelako». Beste batzuetan isiltasuna urte asko pasatu eta gero hausten da. 1938ko maiatzean gertatutakoa duela dozena erdi pasatxo urte atera zen azalera. «Paulina neskatila zela eskolatik atera eta ikusi zuen mugimendu handia zegoela, soldaduak, jendea atzera eta aurrera.... Jakin-minez gerturatu zen Larrasoañako (Nafarroa) kanposantura eta aita ikusi zuen gorpu bat lurperatzen, hobi bat egiten, kanposantutik kanpo. Gauza arraroa zen. Gogoan izan zuen eta ez zion inori kontatu. Eta duela zazpi bat urte, bazkaltzen ari zirela, albisteetan ikusi zuen nola ari ginen gu hobiak topatzen. Eta alabei esan zien ‘bada nik badakit non dagoen bat’. Eta kontatzen hasi zen. Bi alabak eraman zituen bertara, alabek guri informazioa eman ziguten eta horrela topatu genuen hobi hori. Lau pertsona daude, laurak iheslariak dira; Ezkabatik ihesi atera ziren lau preso herri horretan erail zituzten. Gorriak zirenez, ez zuten merezi kanposantuan hilobiratuak izatea eta kanpoan lurperatu zituzten. Horietatik bi identifikatu ditugu». Horietako bat Leoncio de la Fuente da eta bere alaba, Paulina. Palentziatik etorri zen aitaren hezurrak jasotzera. «Paulina eta Paulina. Adin bereko eta izen bereko bi emakume elkartu ditu historiak». Lau gorpu kanposantutik kanpo, bi ahuspez eta beste bi ahoz gora. Paulinaren begietan bizirik dago haurra zenean ikusitakoa, «oso-osorik ikusi nituen gizonezko horiek. Bi konfesatu egin ziren eta beste biak, ez». Akaso horregatik zeuden bi ahoz gora eta beste bi, ahuspez. «Askotan ahuspez hilobiratzen zituzten. Aparteko zigorra zen. Kristau munduan, beti gora begira jartzen da hildakoa, zerura begira. Behera begira egotea infernura begira egotea da». «Topatzen ditugunen artean, %2 emakumezkoak dira. Batzuetan gizonezkoekin batera eta beste batzuetan emakumeak elkarrekin. Errepresaliatuak dira. Senarra, semea, anaia... topatu ez zituztelako haien ordez atxilotutako emakumeak. Adibidez, Sevillan daude Guillenako 17 emakumeak; 50 urte inguruko emakumeak, gehienak amak, eta semeak eramaterik ez zutelako izan eraman zituztenak». Fusilatuen kasuan, tiroak daude, gehienetan buruan. «Guk egiten ditugun ikerketek balioa dute. Epaileek hartuko balute hau beren gain, honek balioko luke esateko benetan erailketa bat izan dela eta judizioz kanpokoa, estrajudiziala. Horrek mugitu beharko luke espediente bat. Baina 50 urte pasatu direnez, beraiek salbu daude eta ez da ezer gertatuko. Baina guk prozesu osoa egiten dugu, inoiz beharrezkoa bada, hor egon dadin informazio hori guztia». Objektuen garrantzia Maiz objektuek kontatzen dute falta den istorioaren partea. Donostian, Urumea ibaiaren ertzean, trenbidean lanak egiten ari zirela hezurrak agertu ziren. «Justu hiru egun lehenago Asturiasen izan ginen indusketa batean eta bertan guri laguntzen aritutakoa zen Donostiako obra horren arduraduna. Hezurrak ikusi zituenean abisua eman behar zigula pentsatu zuen. Atera genituen gorpuak eta batek botoiak segidan zeuzkan, uniformearenak. SS jartzen zuen botoietan. Donostiako sereno bat zen, ibaiaren ondoan eraildakoa. Eta botoiek pista eman ziguten. Objektuek, batzuetan, asko laguntzen digute». Beste kasu batean eraztun txiki batek josi zuen istorioa. «Eraztun txiki bat topatu genuen hobi batean. Hogeita zazpi pertsona zeuden bertan. Data bat eta bi letra: PE. Artxibozainak miaketa bat egin zuen artxiboan eta egun horretan ezkondu ziren pertsonen artean topatu zituen Placido eta Emilia. Modu horretara identifikatu ahal izan genituen hobian zeuden 27 pertsonak. Eraztun txiki bati esker». Isiltasunaren ondoren, isiltasuna «Batzuetan zortea izaten dugu. Gorpua identifikatu eta familiari ematen diogu. Askotan hitzik gabe geratzen dira, isil-isilik, ezin dutelako bat-batean emozio hori guztia bizi eta horri hitzak jarri. Memorian jasotako guztia azaleratzen da bat-batean, emozio handiko unea da. Denak egoten gara isilik». Isiltasuna, negarra, eskertza. «Familiarentzat oso garrantzitsua da gorpua berreskuratzea. Lasaitasuna ematen die, patxada. Zauria ixten laguntzen du. Gaur bertan jakinarazi diogu familia bati identifikatu dugula haren senidea. Hitzik gabe geratu dira». Berrogei urteren ondoren, deskubritzearen lilura ez da itzaltzen arkeologoarengan. «Emozio hori ez da itzaltzen, sekulakoa da inork ikusi gabe zeukana bistara ekartzea». Herrasti Altzoko Handiaren hezurrekin. Marisol RAMIREZ | FOKU Altzoko Handia Askotan zientziak datuz janzten ditu kondairak, susmoak. Beste askotan, erabat birrindu. Altzoko Handiarekin horrelako zerbait gertatu zen duela bi urte pasatxo, Herrasti eta bere lantaldea, tarteko. «2020an, Karlos Almorza lankidea artxiboa miatzen ari zen Altzon. Inork ez zekien Altzoko Handia non zegoen lurperatuta eta gugana etorri zen, ‘hau begiratu egin behar da’ esanez. Altzoazpiko kanposantuan begiratzen hasi ginen. Familiaren ohiko tokian egin genuen lehen zuloa. Elizegitarrek bazeukaten beren tokia. Hor ez genuen topatu. Agian hezurtegian egon zitekeela pentsatu genuen. Hori hustu genuen eta kide batek sekulako hezur handi bat atera zuen, besoko hezur bat, humero bat. Dena hustu genuen eta atera genituen hezur guztiak: 2,42 zentimetroko altuera zuen pertsona baten hezurdura. Ia eskeleto osoa. Ornoetan arazo larriak zeuzkan. Artrosi ikaragarria, oker-oker egina ibili zen eta seguru aski amaieran, makuluekin. Sekulako poza eman zigun. Konfinamendu garaia zen, gainera. Beti egon da zurrumurrua ‘ingelesek’ eraman zituztela hezurrak. Egia da Ingalaterrako antropologo batzuk Altzora etorri zirela hezurrak eraman zitzaketen galdetzera, hezurrak aztertzeko. Familiari galdetu eta ezetz esan zieten, baina beti egon da susmoa lapurtu egin zituztela. Ez: Altzoko Handiaren hezurrak beti egon dira Altzoazpiko kanposantuan». Ikasle garaian, unibertsitatearen atarian, kazetaritza ikastea omen zeukan buruan Lourdes Herrastik, hango eta hemengo istorioak kontatzea maite zuelako. Egiten duenak asko dauka horretatik. Lurraren azpikoa atera, bizitzak deskubritu eta horien istorioak kontatu. «Jendeari arreta ematen dio arkeologiak, oso gauza polita da, kaltegabea, ez dauka ideologiarik... Nik uste dut denoi gustatzen zaigula historia eta arkeologia historiaren atal politenetakoa da. Gure mentalitate atabiko horretan dago» «Paleolitiko garaiko indusketa batean ez daukazu sentimendurik inguruan. 36ko gerrako indusketa batean familia hor dago, sentimenduak hor daude. Sentsazioak eta emozioak desberdinak dira»