MAR. 04 2023 KOLONIZAZIOAREN ARRASTOA Chagos artxipelagoa berreskuratu nahi du Mauriziok eta biztanleak itzultzea 2.000 pertsona kanporatu zituen Britainia Handiak Chagos uharteetatik AEBek base militar bat eraikitzeko. Asko pobreziaz eta herriminez hil ziren, HRWk salatu duen gizateriaren aurkako krimen batean. Mauriziok artxipelagoaren subiranotasuna berreskuratu nahi du eta chagosiarrak itzultzea. Negoziazioak hasi dira. Maurizioko Baie Du Capeko denda batean, jendea zain. (Ben BIRCHAL | EUROPA PRESS) Pablo Ruiz de Aretxabaleta Britainia Handiak eta Maurizioko Gobernuak Chagos artxipelagoren subiranotasunari buruzko elkarrizketak hasi zituzten urte hasieran. Afrikako deskolonizazioa bukatu gabe geratu den azken auzietariko bat da. Batzuek aldaketa ikusi dute Londresen jarreran eta Maurizioko Gobernuak ere pozik hartu du, baina kontuan hartuta Nazio Batuen Erakundeak, 2019an, britainiarrei lurraldea itzultzeko sei hilabeteko epea eman ziela, mantso baino mantsoago dabiltzala dirudi. Chagos, Indiako Ozeanoan, Madagaskarretik ekialdera, Maurizio Estatua osatu behar zuten irlak dira, baina bost hamarkada baino gehiagoko auzi zahar baten erdian daude. 1965ean Britainia Handiak Maurizio bitan banatzea erabaki zuen eta Chagos Londresen administraziopean mantendu zuen; Ameriketako Estatu Batuekin, uharte nagusian, Diego Garcian, base militar bat kokatzeko, alegia. Ez bakarrik hori, aurretik biztanle guztiak kanporatu egin zituen. Mauriziok independentzia lortu zuen 1968an, hamarkada hartako deskolonizazio prozesuan Afrikako eta munduko beste hainbat herrialdek egin zuten moduan. Baina Britainia Handiak Chagos uharteak ez zituen prozesuan sartu eta bere administraziopean gorde zituen. Biztanleak kanporatuta, jenderik gabeko eremu bihurtu zituen, hura justifikazioa zelakoan. Orduz geroztik, Mauriziok Chagos lurraldea aldarrikatu du eta 1975etik auzitegietara jo du sarritan, uhartedia berera itzultzeko. Gaur egun, Erresuma Batuak Afrikan duen azken kolonia honek ‘Indiako Ozeanoko Lurralde Britainiar’ izen ofiziala du (BIOT, ingelesezko siglen arabera). Subiranotasuna berreskuratzeko elkarrizketak hasiak diren arren, britainiarrek ez dute prestutasunik agertu. Hala ere, «Chagos auziari buruzko azken gertaerak pozgarriak dira. Negoziazioak hasi dira Maurizio eta Britainia Handiaren artean», poztu zen Pravind Jugnauth Maurizioko lehen ministroa urteberriko hitzaldian. Gatazkak garrantzi berezia hartu du Txina eta AEBen arteko liskar geopolitikoa gora doan garai honetan. Izan ere, liskar horretan, pisu berezia dute Indiako Ozeanoko eta Ozeano Bareko estatuekiko aliantzek eta haietan eraikitako base militarrek. Azken hilabeteetan bi potentziek presentzia areagotu dute hainbat uhartetan. NBEren erabakia Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak, 2019ko maiatzean emandako ebazpen batean, argi utzi zuen bere jarrera eta lurraldea Mauriziori itzultzearen alde egin zuen. Erresuma Batuari sei hilabeteko epea eman zion artxipelagoaren kontrola Mauriziori itzultzeko. Era berean eskatu zien NBEri eta haren erakunde espezializatu guztiei onar zezatela Chagos artxipelagoa Maurizioren lurraldea zela eta haren deskolonizazioa ahalik eta azkarren babes zezatela. Gainera, prozesua ez oztopatzeko, 'Indiako Ozeanoko Lurralde Britainiarraren' izenean hartutako edozein neurri ez aitortzeko edo indarrean ez jartzeko erabaki zuen. Aurretik, Nazioarteko Justizia Auzitegiak ere zentzu berean hartu zuen erabakia. Negoziazioak hasi arren, ordea, Britainia Handiak ez du asmo handirik erakutsi kolonizazioa behin betiko amaitzeko. Izan ere, 2016an, Diego Garciako base militarra erabiltzeko AEBekin sinatutako hitzarmena 2036ra arte luzatu zuen. Baseak zeregin estrategikoa izan zuen Gerra Hotzaren garaian. Baita Irak eta Afganistango gerretan ere. Orain, tentsio geopolitikoak Asiara hedatzen diren neurrian bere balio estrategikoa gora doa. Hala eta guztiz ere, Maurizioko Gobernuak subiranotasuna berreskuratzen duenerako biztanleen itzulera agindu du. AEBetako base militarra irekitzeko Britainia Handiak 2.000 biztanle inguru kanporatu zituen Chagosetik Maurizioko gainerako uharteetara, baita Seychelleen artxipelagora ere. Chagosiarrak, batez ere, XVIII. eta XIX. mendeetan zehar, uharteak Frantziaren eta ondoren britainiarren mende zeudenean, artxipelago horretara indarrez eramandako esklaboen ondorengoak dira. Orain, erbesteratuta, jatorrizko biztanleek «legez kanpoko okupazioa» egozten diote Londresi. Gizateriaren aurkako krimenak Testuinguru horretan, Pravind Jugnauth Maurizioko lehen ministroak eskerrak eman dizkio Human Rights Watch (HRW) erakundeari auzi honetan egindako ikerketa zabalagatik. Izan ere, HRWk adierazi duenez, Chagos artxipelagoan joan den mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan bizi ziren pertsona guztien bortxazko desplazamendua gizateriaren aurkako krimena izan zen. Maurizioko kostaldea Mahebourghen. (Laura MOROSOLI / AFP) Ameriketako Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko gobernuek bultzatu zuten populazioaren lekualdaketa hura. Horregatik, «bi gobernuek erreparazio osoak eskaini behar dizkiote Chagoseko herriari, jaioterrira bizitzera itzultzeko eskubidea barne», nabarmendu du bere txostenean giza eskubideen aldeko erakundeak. Chagosen, 60ko hamarkadan hasi ziren behartutako kanporaketak, Erresuma Batuak eta AEBek Diego Garcia uhartean base militarra eraikitzea adostu zutenean. Seychelleetara eta Mauriziora mugitzera behartu zituzten, eta han asko «zailtasun ekonomikoengatik hil ziren», eta, HRWk elkarrizketatutako lekuko batzuek azaldu dutenez, «suntsipen emozionalagatik» ere bai. Batzuk Erresuma Batura joan ziren bizitzera geroago, agintari britainiarrek herritartasuna eman ondoren. «Arraza-jazarpeneko krimen koloniala izan zen», gaitzetsi du erakundeak. HRWk aztertutako dokumentuen arabera, Erresuma Batuak uste zuen, chagosiarrak haien uharteetatik kanporatuta, ez ziola inongo azalpenik eman beharko NBEri bere koloniari eusteagatik. Baina krimenak berean dirau. Izan ere, orduz geroztik, Britainia Handiak chagosiarrak haien etxeetara itzultzea eragotzi du. HRWk egoiliar talde bati artxipelagoko haren etxeetara itzultzeari uko egin izanagatik ere leporatu dio gizateriaren aurkako krimena Londresi. «Chagosiar guztiak eskubiderik gabeko pertsona moduan hartuta, Erresuma Batua krimen kolonial izugarria egiten ari da oraindik ere», gaineratu du HRWko lege-aholkulari eta ikerketaren egile nagusi Clive Baldwinek. Konpromiso falta Joan den azaroan Britainia Handiko agintariek Mauriziorekin «Chagosen etorkizunari buruz» hitz egingo zutela iragarri zuten arren, oraindik ez da izan, beren aldetik, «chagosiarrekin kontsulta garbiak egiteko konpromiso argirik, erreparazioak jasotzeko eskubidea bermatzeko, artxipelagora itzultzeko eskubidea barne», deitoratu du erakundeak. «Erresuma Batuko eta AEBetako gobernuek euren akatsak zuzendu beharko lituzkete, chagosiarrak haien aberrira duintasunez itzultzeko konpromiso politiko eta finantzarioarekin hasita», berretsi du Baldwinek. Txostenari buruz galdetu ziotenean, AEBetako Estatu Departamentuko bozeramaile Vedant Patelek esan zuenez, «chagosiarrak birkokatzeko modua tamalgarria izan zen, eta Human Rights Watchek giza eskubideak mundu mailan sustatzeko egindako ahaleginak ontzat ematen ditugu». Hala eta guztiz ere, Patelek ez zuen irtenbideez hitz egin, eta nahiago izan zuen nabarmendu Erresuma Batuak chagosiarrei emandako laguntza. HRW erakundeak txostena argitaratu ondoren, Pravind Jugnauth Maurizioko lehen ministroak adiskidetasun tonuan erabili zuen hori eta esan zuen elkarrizketa «adeitsua» izan zuela Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroarekin. Aldebiko «harreman bikainak sendotzeko» konpromisoa azpimarratu zuen Maurizioko lehen ministroak. «Chagos artxipelagoaren inguruko subiranotasunari buruzko negoziazioak ere aztertu genituen», gaineratu zuen. Bere aldetik Britainia Handiak erabat errefusatu zituen HRWen salaketak. Birkokapena Orain, Maurizioko Gobernuak Chagoseko jatorria duen edonork uharte horietara itzultzeko aukera izatea nahi du, Britainia Handiak prozesuarekin jarraituko duelakoan. «Maurizioko Gobernuak beti esan du chagosiar komunitate osoaren behartutako lekualdaketa konpondu beharreko bidegabekeria handia dela», adierazi zuen Pravind Jugnauthek, eta itzultzeko plan azkarra nahi duela gaineratu zuen. «Chagosiar jatorriko pertsona guztiek, munduan bizi diren lekuan bizi direla, eta artxipelagora itzuli nahi badute, egin ahal izango dute, Maurizioko legeekin batera», esan zuen Jugnauthek. Artxipelagoa osatzen duten beste irletako bat (WIKIPEDIA) ARGENTINAK MALVINETARAKO AURREKARI BAT IKUSI DU Argentinako Gobernuko Malvinetarako idazkari Guillermo Carmonak aurrekari bat ikusi du Chagoseko auzian eta Britainia Handiak erakutsi duen jarreran. Britainia Handiak Chagos artxipelagoa deskolonizatu ahal izateko Maurizio uharteekiko negoziazioak, Malvinei dagokienez, Argentinari mesede egin diezaiokeela adierazi du. «Chagosen kasua da, beharbada, Erresuma Batuak Brexit-az geroztik kanpo-politikan izan duen biraketarik garrantzitsuena», esan du Carmonak. Indiako Ozeanoko artxipelagoaren kasua Malvina irlekin alderatuta ezberdina dela onartu du, baina badira «antzeko puntuak» bere ustez, bi lurraldeetan presentzia kolonialaren salaketak daudelako. «Guretzat oso aurrekari garrantzitsua da, nazioarteko egoera egokia denean Argentinak ere Erresuma Batuarekin negoziazio prozesua izango duela baieztatzen digulako. Ez dut zalantzarik», gaineratu du. Carmonak dioenez, Britainia Handiaren kanpo-politikaren «aldaketa garrantzitsu» hori egoera geopolitikoaren ondorio da; izan ere, «nazioarteko ospe txarreko arazoak» ditu, ez bakarrik Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak ez betetzeagatik, baita Indiako Ozeanoko esparruan «pisu espezifikoa» galdu duelako ere. AEBetako base militarra irekitzeko, Britainia Handiak 2.000 biztanle inguru kanporatu zituen Chagosetik Maurizioko gainerako uharteetara eta Seychelleen artxipelagora «Arraza-jazarpeneko krimen koloniala izan zen. Chagosiar guztiak eskubiderik gabeko pertsona moduan hartuta, Erresuma Batua krimen izugarria egiten ari da oraindik ere»