MAR. 04 2023 { ANALISIA } Espekulazioaren kontra (eta alde) Leonardo Di Caprio “The Wolf of Wall Street’-eko filman, gaur eguneko ereduzko espekulatzaile baten papera jokatzen. (GAUR8) Mikel Zubimendi Berdin dio merkatuetan edo filosofian, espekulazioak txanpona botatzen du airera lanbroak ezkutatzen duen etorkizuna ikusteko esperantzaz. Ispilu batek (speculum) eta zaintzarako dorreak (specula) bisio bat animatzen dute. Zientziaren iraultzen eta etorkizun teknologikoen jauzietatik ametsen bilaketa eta teologia mistikoetaraino, espekulatzaileak etorriko den hori harrapatzen saiatu dira beti. Finantza aktibitateetan espekulazioak bikoiztasun bat hartzen du: mugaraino eramanda, indar suntsitzaileak askatu eta merkatuaren burbuilak lehertu ditzake: XVIII. mendean tuliparekin Amsterdamen gertatu bezala, edo Victoriar aroan trenbideekin, edo iragan mendean Depresio Handiarekin, edo, gertuago, 2008. urteko finantza krisi globalarekin. Garai horietan, merkatuaren “pasioak” finkatzen dira: erreferente edo oinarri materialekin loturarik gabeko balore etereoak gurtzen dira. Hala ere, espekulazioa merkatuaren ezinbesteko olioa da; operazio guztiek irabaziak sortzeko arriskuak neurtzen dituzte, merkatuak ez daitezen “gehiegi berotu”. Hiztegira joko dugu, Oxford Dictionary of Finance-k espekulazioari emandako definiziora: «Kapital irabazia xede bakarra duen erosketa edo salmenta da. Profesionalentzat, baloreen, lehengaien eta dibisen merkatuak ohiko eta betiko lekuak dira, espekulazioa, inbertsioa eta merkataritza ahalbidetzen dituztelako. Berez, espekulatzaileek merkatu bideragarria sortzen lagundu eta prezioen fluktuazioa leuntzen dute». Hari horretatik tiraka, hortaz, espekulazioak merkatuei egiten dien oparirik onena egonkartasuna da, ez krisia: aldakortasuna xurgatzen dute, «prezioen fluktuazioa leunduz» eta likidezia sortuz. Merkataritzaren negozioan sartuta daudenentzat, espekulazioa aktiboen prezioen etorkizuneko mugimenduen gainean apustu egitea da, baina baita arrisku-aktiboekin aritzea eta prezioen mugimenduen aurrean seguru bat eskaintzea ere. Beste hitz batzuetan esanda, espekulatzaileak “epe motzekoa” eta “estaldura modukoa” den ziurgabetasunarekin jokatzen du. Kapitalismoaren historian, espekulazioaren aldekoek eta kontrakoek bi funtzio horietako bat nabarmendu dute akats edo bertute bezala seinalatzeko. Fantasmagoria Pierre-Joseph Proudhon pentsalari anarkistak, 1857. urteko "Manuel du Spéculateur a la bourse" obran, bereizketa famatu bat egin zuen Pariseko baloreen merkatuko finantzari diruzale («jokalari ustel eta antzuak» deitu zituen) eta espekulazio forma produktiboen artean. Alegia, espekulazioa bera helburu denean: ekonomia errealarekiko zirkularra eta parasitarioa. Baina «erabilera produktibo» bat ematen zaionean, sortzailea izan daitekeela, imajinatiboa, «sortu, berritu, ezerezetik zerbait asmatzen duen aurkikuntzen iturria». Proudhonek liburua idatzi zuen garaian bertan sortu zen Chicagoko Komertzioaren Junta, geroko finantza merkatuaren aitzindaria -aktibo bat (orduan, garia) etorkizun zehatz batean, garai jakin batean, prezio bermatu batean saldu edo erosi ahal izateko akordio estandarizatuekin-, munduko lehen burtsa bilakatu zena. Geroko finantzen merkataritza espekulazioaren moneta egin zen, aldakortasunaren kontrako segurua nekazarientzat, batez ere ziurgabetasun klimatiko erradikal eta kalkula ezinen aurrean. Prezioen beherapen baten bidez, bat-bateko arriskuen aurrean esku hartzen zuten espekulatzaileek (funtzio sozial bat betez), eta nekazariek segurtasun bat eta merkatuek likidezia jasotzen zuten. ’Homo speculans’ garen neurrian, irudimen espekulatiboak esploratu gabeko aukeren lurralde berriak okupatu eta errealitate partekatuen gainean konfiantzari eusteko bideak asmatzen laguntzen digu. (GAUR8) Baina azkar “gari errealarena” baino “gari fantasmagorikoaren” zirkulazioa hasi zen nagusitzen. Ekonomia materialetik deslotuta zeuden “gezurrezko negozioetan“ hasi ziren espekulatzaileak. Etikoa zen? Ohiko jokotik ezberdina? Epaitegiek praktika haiek babestu zituzten, «berez ezegonkorra den kapitalismoa finantza mailan egonkortzeko». Espekulazioaren jokoa modu geldiezinean zabaldu zen. Apustulari horiekin guztiekin, ‘Homo Economicus’-aren zilegitasuna indartu zen. Espekulatzailea AEBetako kapitalismoaren buruan jarri behar zen figura noble bihurtu zen. Etorkizunaren gainean apustu egitea errealitatetik ihes egitea zen. Finantzetako profesionalek merkatuen aurreikuspenerako teknologia ezkutuen alde egiten zuten, beren espekulazioak magiaren munduen mugetan mugitzen ziren, superstizio eta tarotaren ildoan. Astrologia eta burtsa eskuz-esku zebiltzan, arrazionala eta zientifikoa irrazional eta espiritualarekin endredatuta. Wall Street-eko merkatariak finantza-astrologoen mende geratu ziren. Beldurraren indizea Finantzen kapitalismo modernoaren hasieran, espekulazioak aldi berean iluna eta ikusgarria zen mundu bat sortu zuen, izarren hautsez eta gatazka mikatzez beterikoa. Errealitate sozialetik isolatu ez zen mundua. Espekulatzailea gizartearen isla zen, ez desbideraketa bat; erabateko ziurgabetasunean ezezagunaren alde apustu egitea islatzen zuen. Hura gurea bezalako mundua zen. XX. mende bukaerako finantzarizazio frenetikoaren aroaren ondoren, ekonomia eta gizartea espekulazioaren kiribilean harrapatuak daude berriz. Espekulazioa are opakoagoa da gaur egungo finantza merkatu turbokargatuetan, batik bat bere teknologia oso konplexuengatik: ikasketa automatikoa, salerosleek ezagutzen ez dituzten algoritmoek bultzaturiko merkataritza ultra-azkarra eta abar. Merkataritza automatizatu hori “putzu birtualetan“ egiten da, datuen zientzialariek sarean bilatzen dituzten patroien gainean, merkatu erabakiak informatutako sare sozialetako edukien aurretiko analisien gainean, eta hori ez da hasieran astrologoen eraginpean zeuden finantza praktiken oso ezberdina. Are, “putzu ilunetan” pulunpatzen dira egun. Trukaketa formalen gardentasun baldintzei ihes egiten dieten eta balioak blokean negoziatzen dituzten foro esklusiboak dira. Apustu espekulatiboak ez dira etorkizunak ekarriko duenaren gaineko ziurgabetasunean egiten bakarrik, aldakortasunean ere egiten dira, “beldurraren indizea” ezartzeraino. Apustulari guztiekin ‘Homo Economicus’-aren zilegitasuna indartu zen. Espekulatzailea kapitalismoaren buruan jarri behar zen figura noble bihurtu zen. (GAUR8) Finantzen tenplu berrietako bizilagunek publikoaren imajinazioa pizten jarraitzen dute. Diruzale xarmagarriak dira, filmetako izar. Finantza hiper-teknologizatuena mundu onirikoa da. Kriptodiruak, finantza deszentralizatuak, Metaversoa, Web 3.0... apustularien jokaleku berriak dira. Errealitatea eta fikzioa endredatzen dituzte; errealitate materialetik erabat deslotuta, narratiba bitxiak entzuten dira. Baina espekulazioa ez da soilik finantzen tresna bat, haien kontrako arma mobilizatua ere izan daiteke. Bizitza finantzarizatuak bultzatu duen aldakortasun kaotikoaren aurrean erantzun egoki eta irudimentsu bezala aurkezten zaigu, eta, inportanteena, norbanakoarena baino ekintza kolektiboa da. Arma mobilizatua Espekulatzeak komunitate izan nahia eta kolektibitate irudikatu bat gogoratzen digu, ziurgabetasunaren aurrean “estalpe” komun bat. Espekulazioa egungo politika eta ekonomiaren ezaugarri erabatekoa da. Egia da finantzen kapitalismoaren lehen pausoetatik, XIX. mendetik, merkatuan praktika harrapariak bultzatzen duen logika fantasmagoriko eta parasitario bezala ulertu dela. Baina ziurgabetasun gero eta inkontrolatuagoan, komunitateek aldakortasun nahasiari nola aurre egiten dioten irudikatzeko tresna oso produktiboa da espekulatzea. Ez da bakarrik sintoma bat: egiturazkoa da, oinarrizkoa, sortzailea. Bizitza modernoaren finantzarizazioaren aurrean erantzun baliotsuak gorde ditzake: gure etorkizunaren inguruan ziurtasun bakarra haren ziurgabetasuna bada, beste etorkizun bat beti izango dela posible, eta haren alde borrokatzea ez dela inoiz antzua izango. Arma mobilizatu bezala espekulazioaren erabilera politikoa birpentsatzea eskatzen du horrek, imajinario kolektibo bat mito eta praktika barneratzaileagoetara bideratzeko, gizarte kapitalistaren bazterretan kapitalaren logikari aurre egiteko. Finantzen kapitalismoaren indar zapaltzaileak garaitzeko, bizitza eredu benetan alternatiboetatik abiatuta, nola irudikatu erresistentzia? Arrisku neoliberalen kudeaketaren menua baino harago, zeintzuk dira borrokaren molde eta subjektibitateak? Nola elikatu alternatiba horiek ‘Homo speculans’ gisa biltzen gaituen lanbroaren azpian? ‘Kontraespekulazioa’ deitu ahal da. Eta bere seinaleak finantzen biolentzia espekulatiboaren aurrean apustu propioen alde altxatzen diren herrietan ikus ditzakegu. «Ez dago alternatiba» doktrinaren aurrean, komunitate espekulatibo berriak sortzean, esploratu gabeko aukeren lurralde berriak okupatu eta errealitate partekatuen gainean konfiantzari eusteko bideak asmatzen dira. Aitor dezagun errealitate horrek gure kreazioaren mitoak gordetzen dituela. "Broker" bat Wall Street-en, New Yorken (Spencer PLATT / AFP) En un mundo parido por la especulación, la imaginación especulativa puede ser un instrumento para un mundo más justo. Sin olvidar que lo único que hace posible la vida es la incertidumbre permanente.