Xabier Mikel ERREKONDO

Udaltzainak eta armak

Udaltzain guztiek armak eraman beharko dituzte. Zehazki, 9mm parabellum kalibreko pistolak. Udaltzainak Koordinatzeko Batzordeak Legebiltzarrean aurkeztu berri du proposamena eta EAJ, PSE-EE, PP-CC’s eta VOX alderdien babesarekin laster jarriko dute indarrean.

Baina, zer zentzu du ikastolako haurren segurtasuna bermatzeko zebrabidea zaintzen duen udaltzainak pistola gerrian eramatea? Zer gertakari larri eman da Usurbilen (6.200 biztanle), azken 50 urteetan, non Ertzaintzak ezin zuen esku hartu, eta Udaltzaingoak konpon zezakeena?

Balarik gabeko armekin moldatu dira orain arte herri askotan. “Bang!” soil bat eta herritarra hil dezakeen bala eraman behar izateko arrazoi izugarriak eman beharko lituzke Jaurlaritzak. Batzordeak dioenez, udaltzainen %80ak darama pistola. Erabakia udal bakoitzaren eskumenekoa izan arren, ulertzekoa da, jasaten duten presioagatik. Baina udaltzainen %100i, herri txikietakoei barne, pistola ezartzeko obsesioa zertarako?

Segurtasunarekiko udalen eskumen apurra apurtu eta Jaurlaritzaren mendeko bilakatzeko (arauak, formakuntza, praktikak)? Armen euskal lobbya gehiago aberasteko (pistolak, balak, txalekoa)?

Finean, Jaurlaritzak udaltzainak ertzaindu egin nahi ditu, udaltzainek herritarrekiko duten hurbiltasuna eta onespen edo maila bere egiteko. «Auctoritas Udaltzaingoa, potestas Ertzaintza». Kostako zaie hainbeste urtetako eta eguneroko jarduneko harrokeriak sortutako gorrotoa biguntzea; kasaka gorriak urdindu baino zerbait gehiago egin beharko dute. Hasteko, Jaurlaritzaren polizia eredua eraldatu; gutxienez, ertzainak udaltzaindu… •