MAR. 11 2023 EMARIAPP JOLASA Emakume erreferenteak ezagutarazteko eta bistaratzeko galdera-jokoa Ezagutzen ditugu emakume zientzialariak, kirolariak, musikariak, giza eskubideen aldeko ekintzaileak, hainbat lanbidetako bide-urratzaileak? Zenbat datozkigu burura boteprontoan? EmariAPP galdera-jokoak jolasaren bitartez emakume erreferenteak ezagutzeko bidea zabaltzen du, mugikorrean edota tabletean. Ilazki Gainza eta Nerea Uria, Kalaka Aholkularitza Bulegoko kideak eta jokoaren sortzaileak (KALAKA) Amagoia Mujika Kontatzen ez dena ez da existitzen. Eta bistan ez dauden erreferenteek ez dute inor amestera edo ekitera bultzatzen. Ideia horri tiraka abiatu zuten “Emariak” proiektua Kalaka Aholkularitza Bulegoan 2018. urtean. Kalaka 2015ean sortu zuten Ilazki Gainzak eta Nerea Uriak eta urratu duten bideetako bat hori izan da; historia liburuetatik kanpo geratu diren emakumeak lehen lerrora ekartzen saiatzea. “Emariak” liburua izan zen urratsetan lehena. Bertan, itzalean egondako emakume zenbait argitara ekarri zituzten, beste batzuei argia egin ziezaieten. Emariak karta-jokoa etorri zen gero, erronka beraren bidetik, jolasaren bidea gozoagoa eta samurragoa baita edozer ikasteko eta ikusarazteko. Eta bidean hirugarren pausoa eman dute orain EmariAPP aplikazioarekin, mugikorreko galdera-jokoarekin. Jokoa erraza da. Emakume erreferente baten inguruko bost pista ematen dira. Minutu eta erdiko epean eman behar da erantzuna, nahi adina pista erabilita. Zenbat eta pista gehiago eta denbora luzeagoa baliatu, orduan eta puntuazio baxuagoa. Azkar eta pistak gastatu gabe erantzuteak, berriz, puntu gehiago ematen ditu. Astero bost partida jokatzeko aukera dago. Egun batean ez bada jokatzen, hurrengo egunetan aukera dago partida hori berreskuratzeko. Eta hilean behin hilabete horretako partida guztiak jokatzeko aukera ere badago. Online jolasak boladan daude euskal jendartean. Errazak dira, entretenigarriak, lehia osasuntsua pizten dute inguruan... erreminta interesgarria dira. Kalakatik azaldu dutenez, bidea ez da erraza izan eta lan handia egin behar izan dute aplikazioa sortzeko. Elkarlanean aritu dira; aplikazioaren garapenaz horretan aditua den kooperatiba bat arduratu da eta diseinuaz eta datu baseaz, Kalakakoak. Izan ere, galdera-jokoaren gakoetako bat datu-basea da. Oraingoz, 250 emakume daude jokoaren datu basean; %51 euskal herritarrak eta %49 nazioarteko emakumeak. Emakume guztien %60 historikoak dira eta gainerakoak, garaikideak. Kultura, zientzia, askotariko lanbideak, euskalgintza, giza eskubideak... hainbat eremutan aritutako emakumeen bueltan josi dute aplikazioa. 1.800 erabiltzaile Otsailaren hasieran jarri zuten martxan galdera-jokoa eta oso harrera ona izan du: 1.800 erabiltzaile baino gehiago dabiltza jolasten. Kalakakoek azaldu dutenez, parte-hartzaileen ekarpenak ari zaizkie iristen. «Batzuek zoriontzeko idazten digute; beste batzuek, emakume erreferente gehiagoren berri emateko. Oso ekarpen interesgarriak dira datu-basea osatzeko». Datozen hilabeteetan egingo duten hobekuntzetako bat Emariak atalean, emakumeen gainean klik eginez gero, haien biografia laburra irakurri ahal izatea izango da. Jokoaren zenbait datu (KALAKA) Galdera-jokoa «zail samarra» dela ere helarazi zaie. Kontuan izan behar da gizonezko erreferenteekin blaitutako jendartea dela gurea eta emakume erreferenteak ez zirela ezagunak duela gutxira arte. «Emakume horiek ezagutzen joan behar dugu eta hori da, hain justu, jokoaren helburua. Joko hau erraza den egunean, ez da beharrezkoa izango, emakume erreferenteak barneratuta ditugun seinale izango delako». Hain zuzen, EmariAPP-k emakume erreferenteen inguruan dagoen ezezagutza hori samurtzeko baliabide bat izan nahi du. «Horregatik jolasten jarraitzera animatzen ditugu erabiltzaileak». Jokoa doakoa da, tablet eta mugikorretan oso modu errazean erabili daiteke -Android eta iOS bertsioak daude eskura- eta edonork erabil dezake. «Emariapp.kalaka.eus» webgunean lotura zuzenak daude. Ezagutu beharrekoak “Emariak” proiektuak ikusiak izatea merezi duten emakumeak bistaratzea du helburu. Ezagutu beharreko bizitzak, ibilbideak, balentriak... ezagutaraztea. Adibidez, Carmen Adarraga (Hernani, 1921). 1942an Espainiako saskibaloi selekzioko lehen emakumezko kapitaina izan zen. Hiru aldiz izan zen Espainiako txapeldun bere saskibaloi taldearekin. Frankismoaren hasieran aritu zen, emakumeak etxetik kanpo nabarmentzeko oso garai zaila izan arren. Garai hartan frankismoak debekatu egiten zuen emakumeen kirola. Orain nabarmentzen ari diren emakumeak ere topa daitezke EmariAPP jokoan; Izaro Andres, kasu (Mallabia, 1993). 2022an, Donostiako Anoetako Belodromoan egin zuen kontzertuan 6.000 ikusle elkartu ziren, emakumezko bakarlari batek Euskal Herrian bildu duen ikusle kopuru handiena. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez kantatzen du. Aurkezpen irudia (KALAKA) Euskal Herritik kanpoko erreferenteak ere biltzen ditu galdera-jokoak. Lillian Ngoyi (1911, Pretoria) Hegoafrikan Apartheidaren aurkako eta emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea izan zen. 1954an Hegoafrikako Emakumeen Federazioaren sorreran parte hartu zuen. Hasieran presidenteorde izan zen eta geroago presidente. 1956. urtean, 20.000 emakumek parte hartu zuten martxa bat gidatu zuen beste ekintzaile batzuekin batera. Apartheidaren gobernuaren eta paseen legearen aurka protesta egin zuten. Junko Tabeik (1939, Miharu, Japonia) ere merezi du erreferentearen zigilua. Munduko zazpi gailur altuenak lortu zituen lehen emakumea izan zen eta “Ladies Climbing Club” mendi kluba sortu zuen. Berak esana da: «Mendietan lehiatik askatzen nintzen, ez nuen besteen jokabideaz arduratu behar. Nire gutxiagotasun sentimendua desagertu egiten zen». Jokoa erraza da. Emakume erreferente baten inguruko bost pista ematen dira. Minutu eta erdiko epean eman behar da erantzuna, nahi adina pista erabilita Oraingoz, 250 emakume daude jokoaren datu basean; %51 euskal herritarrak eta %49 nazioarteko emakumeak. %60 historikoak dira eta gainerakoak, garaikideak