Joxean AGIRRE

Hernani

Uste dut Bohumil Hravalek esaten zuela Pragan badirela kale batzuk hainbeste eskulturarekin non garagardotegitik balantzaka ateratzen diren edaleek beti izaten duten eskura brontzezko heldulekuren bat.

Sagardotegitik bueltan Hernaniko kaleetan barrena nenbilela pentsatu nuen ez zela gaizki egongo herri horretako kaleetan ere eskulturaren batzuk jartzea txotxetik datozen edaleak segurtasun handiagoarekin ibil daitezen. Badakit Hernanin dagoela Txillida Leku, aire libreko museorik ederrenetakoa munduan, eta badituela Ruiz Eginok ere lanen batzuk kalean. Baina nik alde batera utziko nituzke Oteizaren kaxa hutsak, Malevichen unitateak edo Rodchenkoren astrolabioak eta, esate baterako Bilbon, hain modan jarri diren eskultura hiperrealistetara joko nuke eta Agirre lehendakariari, Blas de Oterori edo Ramon Rubiali eskainitakoak bezalakoak jarriko nituzke, Hernanin, kale erdian. Txirritak han beharko luke, Saiburuk ere bai, eta sagardotegiko beste hainbatek, Udarregik esaterako, auzokoa den arren.

Alkoholaren kontsumoa fenomeno konplexua da oso. Bakarrik penak itotzeko edaten dutenengandik hasi eta taldean zerbait ospatzeko edaten dutenenganaino soka luzea dago. Txotxa da, beharbada, sozializatzeko edateko ohitura horretan kasurik eredugarriena, trago bat egiteko mahaitik altxatzen zaren bakoitzean ezagun edo adiskide berri bat egiten baituzu.

Niri bikoteka egiten den kontsumoa barkakizun iruditzen zait («maitasuna binakako komunismoa da», esan zuen Badiou gure gaztetako irakasleak). Inbidia ematen didatela esaten diot emazteari terraza batean ardo kopa bana aurrean dutela ikusten ditudan senar-emazteek, nik ardo bat edaten dudan bakoitzean berak ura edaten duelako eta ardo eta ura ez direlako oso ondo ezkontzen.

Bikoteka edango zuten Mattin Trekuk eta bere emazteak ere seguru asko, emazteak, Mariek, argitaratu zuen oroitzapen liburuan eszena eder bat ageri baita, biak mahastiari sulfatoa botatzen ari zaizkiola, zukuak ekarriko dien alaitasunaz mintzatuz.

Ahetzeraino joan garenez, Anje Duhalderen aita aipatuko dugu, Arrangoitzeko etxean ardoa egiten baitzuten. Urte batean herriko apaizak ardo berria probatu eta ahula zegoela esan zion. Semea, Anje, bidali zuen bizikletan Larunera alkohol bila eta litro batzuk bota zizkion ardoari. Apaiza hurrengoan etorri zenean ardoa probatu eta asko hobetu zela esan omen zuen, gorputza egiten ari zitzaiola alegia. •