MAR. 18 2023 PANTAILA TXIKIAN Eta udaberrian, zer? Negua atzean utzi eta martxoaren 20an udaberrian sartuko gara. Urte hasiera hotz samarra izan dugun arren -zentzu guztietan-, apurka estreinaldi garrantzitsuak iristen hasiko dira. Honako hauek, datozen asteotan jaioko edo itzuliko diren proiektu interesgarrienak. «Love and Death» telesaileko fotograma bat. (HBOMAX) Gaizka Izagirre BERRIAK Love and Death Apirilak 27. HBO Max. Elizabeth Olsen eta Jesse Plemons aktore protagonista gisa aurkitzea argudio nahikoa iruditzen zait telesail hau ikusteko. Gainera, gidoia David E. Kelley-k osatu du (“Big Little Lies”). Bi bikoteren benetako istorioa kontatzen du: Montgomery (Candy eta Pat) eta Gore (Betty eta Allan) bikoteena. Itxuraz oso lagun onak dira, erlijiosoak dira eta Texasko herri txiki batean gozatzen dute beren bizitzaz, baina ezkontzako desleialtasun bat dela medio, guztia hankaz gora jarriko da eta hildakoak ere izango dira tartean. White House Plumbers Martxoa amaieran. HBO Max. Thriller ukituak dituzten drama politikoak maite badituzu, adi honako estreinaldi honi. Duela mende erdi, Ameriketako Estatu Batuetako historiako eskandalu politiko nagusietako bat agerian geratu zen: Watergate. Richard Nixon AEBetako presidente izan zenean gertaturiko eskandalu politikoa izan zen, haren kontseilari batzuen kontrako salaketa eta haren dimisioa ekarri zituena. Bost atalez osaturiko “White House Plumbers” miniserieak Nixonen sabotatzaile politikoek eta Watergateko autore intelektualek babestu nahi zuten lehendakaritza hori nahigabe nola kendu zuten azaltzen du. Aktore ezagun asko topatuko ditugu, gainera: Woody Harrelson, Justin Theroux, Lena Headey edota Domhnall Gleeson, besteak beste. Lucky Hank Martxoak 19. AMC. “Better Call Saul” telesail ikaragarriak betiko agur esan zigunetik, Bob Odenkirk aktorearen falta sumatzen dugu. Hutsune hori telesail berri honekin apur bat bete dezakezu. Richard Russo-ren eleberrian oinarritutako drama honek (komedia ukituak dituena) Railton College-raino garamatza. Baliabide gutxiko unibertsitate horretan Hank Deveraux (Odenkirk) Literatura saileko buru dugu. Errutina horren barruan, bere burua kolapsatzeko zorian dauden bi egoerei aurre egin beharko die: baliabiderik gabe bere saila aurrera ateratzea eta, aldi berean, adin ertaineko krisiaren kontra borrokatzea. Eta hori gutxi ez, eta familia egoera ere nahiko kolokan dauka. Bizitza gainbehera doala sentitzen du. La nuit ou Laurier gaudreault s’est reveille Ekainean zehar. Filmin. Xavier Dolan zinemagilearen debuta telesailen munduan. 1990eko hamarkadaren hasieran girotuta dago, eta Mimi eta Julien-en istorioa kontatzen du. Bi anai-arrebek hirukote banaezina osatzen dute Logan lagunarekin batera. Harremanak eta beraien bizitzak eztanda egingo dute, ordea, Loganek, 17 urte betetzen dituenean, 14 urteko Mimi bortxatzen duenean. Hogeita hamar urte geroago, Mimi jaioterrira itzuliko da amaren gorpua zaintzera eta haiekin topo egingo du. Gorrotoak, beldurrak eta zauri zaharrak inoiz baino indar handiagoz berpiztuko dira. Dead Ringers Apirilak 21. Amazon. Sean Durkin zinemagile bereziaren telesaila. Mantle bikiak -Rachel Weisz-ek gorpuzten ditu biak- guztia partekatzen duten pertsona arrakastatsuak dira. Ginekologoak dira, eta helburu zehatz bat dute buruan: emakumeek erditzeko duten modua aldatzea. Beren proiektua Manhattanen hasiko da, eta legez kanpoko egoeren mugan kokatzen den mediku-azterketa baten aitzindariak izango dira; emakumearen osasun-arreta abangoardiara eramateko helburuz, prest daude etikaren mugei aurre egiteko. Izen bereko 1988. urteko filmaren remakea da (David Cronenberg-ek zuzendu zuena). ITZULIKO DIRENAK Ted Lasso Hirugarren denboraldia. Martxoak 15. Apple Tv +. Lehen denboraldia gainditzea zaila zirudien arren, maila mantendu zuen bigarren zatian eta aste honetan bertan hirugarrena iritsi da. Galtzaileei buruzko telesail kaskarra espero nuen eta oso positiboki harritu nauela aitortu behar dizut. Ikusteko erraza eta oso atsegina den ekoizpen honetan, Ted Lasso izeneko futbol amerikar entrenatzaile baten istorioa ikusteko aukera izango duzu. Ingalaterrako futbol talde batean saiatzea erabakiko duen arren, bere eskarmentu ezak errezeloa eta mespretxua piztuko ditu jokalarien eta zaleen artean. Jason Sudeikisek azken urteotako pertsonaiarik baikorrena, atseginena eta zintzoena gorpuztu duela iruditzen zait, baina garrantzitsuena: ez da batere nekagarria. Argi dago futbolzaleek bereziki gozatuko duzuela ekoizpen honekin, baina baita gainerakoek ere, asmo onen botereari buruzko komedia arina delako, eta futbola, hori pantailaratzeko aitzakia baino ez. “Feel-good movie” azpigeneroaren baitan igerian dabilen ekoizpen hau opari txiki bat iruditu zait, negatibotasunak guztia inbaditzen duen garai honetan bereziki gozatuko duzuena. Komediaren barruan drama zantzu batzuk ere tartekatzen dituen arren, oso era orekatuan erabiltzen ditu, komedia estatubatuarraren eta britainiarraren arteko gurutzaketa ezin hobea lortuta. Yellowjackets Bigarren denboraldia. Martxoak 24. Movistar. Telesail honen lehen denboraldiak asko harrapatu ninduen eta aurki iritsiko den bigarrenak ere gauza bera egitea espero dut. Nerabeen emakumezko futbol talde bati buruzko istorioa da. Hogei urte lehenago izandako hegazkin istripu tragiko batek sekretu asko ezkutatzen ditu, bizirik atera zirenek kosta ahala kosta ezkutatu nahi dituztenak. Tramari buruz ez dut gehiago azalduko, zeure kabuz deskubritzea merezi duelako, eta telesail honen oinarri oso sendoa den misterioa zapuztuko lukeelako. Askok “Lost” telesailaren eta “Lord of the Flies” eta “¡Viven!” filmen arteko hibrido gisa etiketatu dute. Tramari dagokionez antzekotasun ugari dago, baita denboran saltoak eginez erabiltzen duten narratiban ere, pertsonaien gatazkak sakon jorratu dituzte, baina hortik aurrera urruneko erreferentziak iruditzen zaizkit. Somebody Somewhere Bigarren denboraldia. Apirilak 23. HBO Max. Zeinen telesail txikia, baina zeinen berezia! Bizitzari aurre egiteko (ia) ilusio gehienak galdu dituen 40 urtetik gorako emakume baten begietatik (Sam), bakardadeari, etsipenari eta frustrazioari buruzko erretratu zoragarria marrazten du telesai honek, guztia pertsonaien irribarre ahaltsuekin bustia. Pertsonaia horiek sentitzen dute bizitzak ez dituela merezi bezala tratatu. Telesaila maisuki mugitzen da komedia eta dramaren artean, ikusleari etengabe irribarreak zein malkoak ateraz. Maite duzun pertsona bat galdu ostean bizitza berreraikitzea ez da batere erraza. Are gutxiago, atzean utzi nahi izan duzun leku berean egitea eta iraganeko oroitzapen mingotsek bonbardatzen zaituzten bitartean. Istorioaren erdigunean Sam dago (Bridget Everett), ahizpa hil ondoren, hilabeteak galduta daramatzan emakumea; bizi den herrixkan etorkizunik ez duela uste du, ez da eroso sentitzen bere familian eta ez du gainditzen galeragatiko dolua. Baina lanean Joel eta bere lagun taldea ezagutzen dituenean, ikuspegi ezkor hori aldatzen hasiko da. Zergatik ikusi beharko zenuke proposamen hau? Lehenik, Bridget Everett-en interpretazio lana zoragarria iruditu zaidalako, hunkigarria eta dibertigarria. Iraupen laburra duten zortzi ataletan, homofobia, alkoholismoa, depresioa, gutxiengoentzako gune seguruak sortzearen garrantzia, Ameriketako Estatu Batuetan hiri handietatik deskonektatuta bizitzeak eragiten duena, erlijioak gizartean duen eragina, iragana onartu eta bizirik irauteko beharra edota espero gabeko adiskidetasun harremana sortzea zeinen zoragarria izan daitekeen mahaigaineratzen du. Succession Laugarren denboraldia. Martxoak 27. HBO Max. Maisulan honen azken denboraldia martxo amaieran iritsiko da. Telesail zoragarri honek agur esango digu betiko eta amaiera epikoa izango dela iragarri nahi dut. Baliteke adjektiboa abaildua egotea, baina “shakespearetarra” izan liteke istorio hau deskribatzeko egokiena. Pantaila txikiak gutxitan aztertu baitu halako talentuz drama klasikoetan ageri diren obsesio horiek guztiak: familia, ohorea, boterea, odola, traizioa, tentazioa, errua… Hirugarren denboraldia iritsi berri den honetan, ez zait gomendio hoberik okurritzen. Maisulana. Logan Roy eta bere lau seme-alaben familia disfuntzionalaren istorio korapilatsua azaltzen du telesailak: munduko komunikabide eta entretenimendu enpresa nagusietako bat kontrolatzen du familiak. Arazoak patriarkaren oinordekoa nor izango den planteatzen denean iristen dira. Hortik aurrera geldiezina izango den metxa piztuko da. Familiari, aberastasunari eta botereari buruzko ikuspegi oso entretenigarri, mingarri eta benetakoa eskaintzeaz gain, umore beltz ukituak dituen melodrama paregabea iruditzen zait. Lehen segundotik erabat harrapaturik utziko zaituen ekoizpen zoragarria. Pertsonaia jasanezin eta gorrotagarriak baina era berean maitagarriak osatzearen meritua dauka Jesse Armstrong sortzaileak. Baina pertsonaia horiek ez ditu zentzurik gabeko atalen artean sartu, edota trama hutsal batean, gidoi biribil eta sendo baten laguntza izan baitute, haien garapena txundigarri eta ia perfektu bilakatzeko.