MAR. 25 2023 UMOREA, MIHIA ZORROZTU ALA KAMUSTU? Okurrentzia puntazorrotzak grazia egiten du beti? Mina batzuetan? Kamustu egin behar da? Lau umoregile eta filosofo bat, aldian-aldian mahai gainera salto egiten duen pilotaren bueltan: umorea mugatu egin behar da? Erantzun absoluturik ez da sortu, baina bai gogoeta partekatu zenbait. Umoreak askotariko gaitasunak ditu, balio du xaxatzeko, gozatzeko, baita besterik gabe barrea pizteko ere. Umorea mugatzea ez da bidea eta jendartearen azalaren finak edo lodiak esango du nola eta noraino. Umoreak askotariko gaitasunak ditu. (Aritz LOIOLA | FOKU) Amagoia Mujika Ane Lindane: «Ez dut ulertzen zergatik umoreak mugak izan behar dituen eta dramak ez» Sare sozialetan ikusi ohi dugu, egurra banatzen eta jasotzen. Zortzi bat urte daramatza bakarrizketak egiten. «Egia esan, ez dakit noiz esan daitekeen umoregilea zarela, batzuetan kostatu egiten da. Baina uste dut dagoeneko esan dezakedala». Bilboko okupazio bulegoan zebilenean hasi zen. «Okupazioak eraman nau umorera. Handik eta hemendik deitzen gintuzten hitzaldiak emateko. Bulegoko abokatuek alde juridikoari buruz hitz egiten zuten eta, nik, alde praktikoari buruz. Konturatu nintzen okupazioari buruzko pasadizoak kontatzeak grazia zuela. Okupatzen ari zarenean, gauza oso bereziak gertatzen zaizkizu. Gertatzen direnean ez daukate graziarik, baina kontatzen dituzunean, bai. Apurka-apurka, konturatu nintzen hor bakarrizketa bat egon zitekeela. Nire lehen bakarrizketak okupazioari buruzko hitzaldiak ziren. Pasadizo ero horiek kontatzen, konturatu nintzen hor umorea zegoela». Injustiziak oso modu zuzen eta zorrotzean salatzeko erabiltzen du umorea. «Finean, konturatzen zara bizitza honetan gertatzen diren gauza asko ikaragarri dramatikoak izan daitezkeela, baina kontatzeko orduan, hain muturrekoak eta absurdoak direnez, grazia daukatela. Gaurkotasun politikoarekin edo sozialarekin gauza bera gertatzen da. Adibidez, Toni Cantok esandako azken txorakeria izugarri dramatikoa izan daiteke, baina gero, kontatzeko orduan, oso barregarria da. Umorea mezu bat helarazteko modu bat da, eta oso modu egokia, gainera. Askotan umorea oso friboloa dela pentsatzen da, eta ideia hori oso hedatuta dago. Baina ez da horrela. Umorea oso gauza serioa da -esaldi nazkagarria-. Dramarekin ez dugu soilik negarra eragin nahi eta komediarekin ez dugu soilik barrea eragin nahi. Azpitik mezu bat egoten da askotan; beti ez, baina askotan bai. Dramarekin ere gauza bera gertatzen da; badaude negarra eragitea beste helbururik ez daukaten dramak. Eta badirudi hori zilegiagoa dela barrea eragitea baino».ç (LINDANE) Umoreak mugak izan behar ditu? Ane Lindanek garbi dauka erantzuna: «Nik uste dut muga guztiak urratzeko daudela, hausteko. Mugak botereak ezartzen ditu eta botereak ezarritako muga horiek denak hautsi egin behar ditugu beti. Nik umorea egiteko orduan eskatzen ditudan mugak drama egiteko orduan eskatzen ditudan muga berak dira. Ez dut ulertzen zergatik umoreak mugak izan behar dituen eta dramak, ez. Badirudi barrea eragitea zerbait txarra dela eta, aldiz, negarra eragitea ez. Badirudi barrea zerbait friboloa dela, txarto dagoela. Drama egiteko orduan inolako mugarik ez badaukat, zergatik ditut mugak umorea egiteko orduan? Umoreak ez luke mugarik izan beharko; hain zuzen, umoreak seinalatzen duelako zeintzuk diren dramaren mugak». Umorea eta gai tabuak Umorearen potentzialtasuna aldarrikatzen du Ane Lindanek. «Askotan ikusten dugu gai batzuei buruz ezin dela umorerik egin. Drama bai, baina umorea ez. Eta umoreari esker tabuak diren gai askori buruz hitz egin dezakegu. Adibidez, umoreari esker, behin eta berriro oroitarazten dugu Eliza katolikoan sexu abusuak daudela. Umoreagatik ez balitz, tabua askoz handiagoa izango litzateke eta askoz gutxiago hitz egingo genuke drama horri buruz. Zorionez, umorea daukagu drama horren mugak erakusteko. Eliza katolikoan sexu abusuak daude, ez dezagun inoiz hori ahaztu. Hori egiten du umoreak». Bide beretik, beste adibide bat: «Adibidez, bakarrizketetan polizia-etxeetan poliziek egin dituzten torturei buruz hitz egiten dut, umoretik. Nik torturak pairatu dituzten lagunak ditut eta pentsatu izan dut noraino hitz egin dezakedan gai horri buruz. Baina nik torturaren gaia ez banu aterako lehen lerrora, jende asko egongo litzateke horri buruz ezer ere jakin gabe. Horretarako dago umorea, gauzak ez ahazteko. Ez dezagun ahaztu errealitate dramatiko hori gertatu dela. Horri buruz barre egiten dugunean torturaren existentzia lehen lerrora ekartzen ari gara, gogoratzen ari gara. Umorea erreminta ikaragarria da horretarako. Askotan gauza batzuei buruz umoretik ez bagenu hitz egingo, ez genituzke aipatuko eta ahaztu egingo lirateke. Umorea horretarako dago, dramaren mugak erakusteko». Jasotzen duen egurraz Aipatu bezala, Ane Lindanek majo partitzen du egurra sare sozialetan eta jaso, tamaina berean. «Nire eguna horrela hasten da: esnatu, telefonoa hartu eta Facebooken sartzen naiz. 48-50 irain inguru irakurtzen ditut. Gero, Twiterren, beste hainbeste. Eta Instagramen, batere ez, Instagram ‘buen rollito’-aren sare soziala delako. Baina bai, egur asko jasotzen dut. Horrekin ere drama handia egiten saiatzen dira batzuk. Badirudi molestatu egiten dituela nik kritika horiek umorez jasotzeak. Niretzat oso dibertigarria da irain horiek jasotzea; Interneten dauden lau txotxolo dira, ez ditut ezagutzen eta sekulako tontakeriak esaten dituzte. Batzuei, baita hurbileko jendeari ere, ez zaie ondo iruditzen nik eraso horiek ondo hartzea; beldurtuta egon beharko nukeela uste dute. Bai zera! Nik ondo pasatzen dut irainekin». Horren erakusle, apirilaren 2an Raquel Torresekin Bilborocken eskainiko duen “Despotorroast” emanaldia. «‘Roast’ bat izango da: irainak jasoko ditugu zuzenean. Horretan datza formatua». (LINDANE) Euskarazko umoregintzak oso une interesgarria bizi duela uste du. «Bidea egiten ari gara, baina Euskal Herrian ez dago stand up-a egiteko tradizio handiegirik. Antton Telleria, Julen Portillo, Maria Blanco, ni neroni… bagaude stand up-a euskaraz egiten dugun umoregile asko. Euskal umoregintzan, hain berria den umoregintza honetan, erreferente edo toki komunen falta handia dugu. Euskaraz, zoritxarrez, ez daukagu toki komunik, mugarririk, umore erreferenterik, eta gu ari gara hori sortzen. Zoritxarrez, oraindik autoerreferentzialtasunean erortzen gara eta hortik aldendu behar dugu. Niri askotan gertatzen zait. Euskaraz txisteak egiten ditudanean -batez ere stand up-a ikusteko ohitura ez dagoen tokietan-, batzuetan jendea ez da konturatzen hori txiste bat izan daitekeenik ere. Gero, stand up publikoa izaten ikasi beharra daukagu oraindik. Publiko parte hartzailea izan behar da, barre lasai eta ozen egiten duena. Publikoaren nolabaiteko parte hartzea eskatzen da. Eta oraindik ohitura falta da». Bidean gauza asko egiteko egoteak abantaila eta desabantailak ditu. «Batetik, guk ezartzen ditugu mugarri horiek, guk ezartzen ditugu arauak. Baina, aldi berean, bidea irekitzea zaila da, sastraka artean ibili behar duzu eta urratu egiten zara. Hor gabiltza; bide hori egiten ari gara eta oso momentu interesgarrian gaudela uste dut. Beti egon da euskaldunak itxiak eta gatzgabeak garela esaten duen topikoa eta hori ez da egia. Orain stand up-a egiten dugu, beste gai batzuk jorratzen ditugu eta umorea euskaraz egiten dugu. Oso momentu interesgarria eta aberatsa da». Emakumea eta lotsagabea Ane Lindane emakumea da eta lotsagabea oholtza gainean. Horrek azkura eragiten du. «Emakume umoregile askok jotzen dute gozotasunera. Gozo hitz egiten dute, nahiz eta gauza oso lodiak esan. Baina badirudi emakumeak beti gozo aritu behar duela, atseginak izan behar dugula. Nik ez dut atsegina izan nahi; gainera, ez zait ateratzen horrelakoa izatea. Nik lotsagabea izan nahi dut, oihukatu, hitz itsusiak esan, titiak erakutsi… Finean, hori guztia naiz ni eta ez zait ateratzen beste modu batera egitea. Pertsona askorentzat oso apurtzailea da hori, erabat erotuta geratzen dira ni ikusita. Baina, oro har, ondo hartzen dute eta eskertu egiten dute horrelako emakumeak oholtza gainean ikustea. Baina egia da beste asko -sareetan ikusten da garbi- asko sumintzen direla nire hitz egiteko moduarekin, mugitzeko moduarekin, jorratzen ditudan gaiekin…. Eta sumintzen direnean pentsatzen dut ‘ondo ari naiz’». Antton Telleria: «Oso mugatzailea iruditzen zait ‘honi buruz ezin da umorea egin’ esatea» Umorea eta mugak, aldiro-aldiro bueltatzen den eztabaida. «Agian eztabaida antzua, inoiz ez delako erantzunik adosten», bota du Antton Telleriak. Euskal umoregintzak bizi duen goranzko honetan aparretan dago komiko tolosarra. «Mugak bai edo ez eztabaidatu beharrean, umorean parte hartzen duten osagaiez hitz egin daiteke. Komikoaren ardura hor dago, baina nik uste dut gai guztietan sartzeko aukera izan behar duela. Gaiak hor dauden bitartean, horietan sartu daiteke. Oso mugatzailea iruditzen zait ‘honi buruz ezin da umorea egin’ esatea, bide berriak eta interesgarriak esploratzeko aukera galtzen ari garelako. Margolari bati ez genioke esango ‘hau ezin da margotu’. Gero kontua da, behin eremu horietan sartuta, badakizula gai batzuk oso korapilatsuak direla eta min handia egon daitekeela horien atzean. Niri asko gustatu izan zaidan premisa da: edonora sartu zaitezke, baina ez edonola. Gai batzuek bestelako lanketa bat eskatzen dute, publikoaren lekuan jartzea… Baina asmoa beti izan da publikoarekin konplizitatea lortzea». Ignatius Farray umoregile kanariarraren hitzak ekarri ditu Telleriak. Farray filosofoa ere bada. «Berak etengabe esaten du berez komediaren helburua gai ilun eta arantzatsuak hartu eta jarrerak gerturatzen saiatzea dela. Ez da erraza. Eta umorean bada akordio bat, komikoaren eta publikoaren artean, zein kodetan ari diren adosten duena. Hori zabaltzen denean, gero eta publiko gehiago dagoenean, ez dakizu kode horiek errespetatuko ote diren. Publikoa barrez ari denean ez dakizu ironikoki ari ote den edo esan duzun astakeria horrekin bat egiten duelako; ez dakizu jarrera batzuk hauspotzen ari ote den komikoa; ez dakizu benetan umorearen ezkutuaren atzean ezkutatzen den fatxa bat ote den eta benetan pentsatzen duena esaten ari ote den… Oso-oso zaila da». (Gorka RUBIO / FOKU) Baina umoregilearen eta publikoaren artean sortzen den zubi horretan, Telleriak badaki zer gustatzen zaion. «Niri gustatu gustatu izan zaizkit zoko ilunetara eta gai arantzatsuetara eraman nauten komikoak, sekulako meritua dutelako. Eremu arantzatsuetara eraman naute, umorea egin dute hortik eta, aldi berean, lasai sentiarazi naute, badakidalako, adibidez, ez direla fatxak. Publikoa eskutik heldu, jaitsi eskailerak gai ilun horretara, umorea egin eta barrez jartzea lortu. Eta eskailerak igotzen dituzunean sentitzen duzu: ‘Honekin barrez ari naiz´. Hori sekulakoa da. Beste gauza bat da komiko batek hori egitea lortzen ez duenean, agian ez dela herriko plazan harrikatu behar». Ematen du politikoki zuzenaren garai honetan ez dela erraza izango umorea egitea. «Tira, hortaz kexatu zaitezke edo hori hartu eta horrekin jolastu. Nik, adibidez, hurrengo emanaldirako badauzkat ideia batzuk. Adibidez, azentuen kontua. Gaur egun ezin duzu azentu baten inguruko txisterik egin arrazakeria aipatu gabe. Azentu batekin jolas egin dezakezu, baina azalduz badakizula hori arrazista dela. Dauden osagai guztiak sartu behar dira jokoan. Ez du balio, aldiz, 2023an, azentu bat imitatzeak ‘zein barregarria den’ esanez. Horretan geratzen bazara, esan nahi du ez dituzula ulertu azken urteotako aldaketak eta garapenak. Sartu jokoan, baina joko-arauak ezagututa. Ez du balio esateak ‘saiatu naiz txisteak egiten duela hamar urteko eskemekin, baina ez du balio. Gaur egun ezin da umorea egin ezerekin’. Tira, zu ere saiatu adi egoten, gaur egungo kodeak ezagutzen eta horiekin dantza pixka bat egiten». Izan ere, umoreak sekulako gaitasuna dauka gauzak betikotzeko edo hankaz gora jartzeko. «Umorea egiten duenak prest egon behar du txilinbuelta batzuk egiteko, ez bakarrik publikoa txilinbueltaka jartzeko». Azal fina edo lodia Txiste baten aurrean azal fina edo lodia izan, hor ere badago gakoa. Eta azalaren nolakotasuna aldatu egiten da txistearen gaia bat edo bestea izan. «Inplikazioaren kontua ere hor dago. ‘Nekatutak’ emanaldian garbi ikusi dudan gauza bat izan da, irakasleen gaiarekin adibidez. Oso argigarria izan da publikoaren aurpegiak ikustea. ETAri edo Ertzaintzari buruzko txiste batzuekin barrez lehertzen ikusi, baina bat-batean irakasleen gaia atera eta sekulako kopetilunak. Zergatik? Haiek ez direlako ez biktima ez ertzain, baina bai irakasle. Zailena hori da: ukitzen zaituzten gauzekin barre egitea», iritzi dio Antton Telleriak. Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai: «Guk topatu ditugu zirrikituak barre egiteko; bi buelta eman behar zaizkio» Umoreak baditu mugak? «Nik esango nuke norabideak dituela; goitik behera, behetik gora, paretik parera... egin daiteke umorea», hasi da Idoia Torregarai. «Nik uste dut ongi ikasi dugula zein diren mugak, batez ere honetan zergatik ari garen kontuan izanda. Umorea eraldaketarako tresna bezala ulertzen dugu, aurrean daukagun horri zerbait mugiarazi nahi diogu. Guk umorea egiteko orduan mugak hausten ditugu; batzuenak, behintzat. Gero badaude hautsi ezin diren beste muga batzuk. Ez da erraza, baina arrakalak sortzen aritzen gara, muga batzuk hausten, garbi jakinda nondik eta nora egin nahi dugun», jarraitu du Mirari Martiarenak. “Luze edo motz” emanaldian «behetik gorako umorea» egiten dute. «Sistema patriarkalaren kontra ari gara, emakumeei inposatu dizkiguten rolak zartatzera goaz eta hor haustura batzuk proposatzen ditugu. Baina jendarte jakin batean bizi gara, joko-arau batzuk daude. Ordena horretan garrantzitsua da zu non zauden kokatua. Eta badakizu, esaten duzunaren arabera, boterea daukanak zure kontra egin dezakeela; adibidez, telebista saio bat bertan behera utziz, gehiago ez kontratatuz...». Hortik abiatuta, umorea edozeri buruz egin daiteke? «Bai, baina agian zapaltzailea izango da, iseka egingo dio norbaiti... Gu saiatzen gara genero ikuspuntu horretatik eragiten, mugak hausten», esan du Torregaraik. Umoreak gauzak hankaz gora jartzeko daukan gaitasunaz kontziente izanda ere, «ez du zertan beti eraldatzaile izan», zehaztu du Martiarenak. «Batzuetan barre egitea beste helbururik ez dauka: barre egin eta kito, jolastu, ondo pasatu. Umorea kontu serioa da. Ados, badakigu. Baina beste batzuetan besterik gabe dibertitu egin nahi dugu eta kito». (Gorka RUBIO / FOKU) Beste batzuetan, barre eginarazteaz gain, interpelatu ere egiten du umoregileak. «Atzo bertan gure ikuskizunaren amaieran gizonezko batek esan zigun barre egin zuela gurekin, baina deseroso ere sentitu zela. Zergatik sentitu zara deseroso? Horri buruz hausnartu beharko genuke. Gu ‘Luze edo motz’ emanaldian sexuari buruz aritzen gara oso modu irekian eta toki askotan nabaria da jende askorentzat ez dela erosoa bi emakume sexuari buruz hizketan ikustea. Eta pentsatu zenbat gizoni entzun diegun sexuaz hizketan, haien zakilari buruz, eta zenbat barre egin dugun! Teorian, paperaren gainean, gauza bera da, ezta? Baina zeinek esaten duen, desberdina da. Eta emakumeok esaten dugunean, desberdina da oraindik», nabarmendu du Martiarenak. Emakumeek konkistatu beharreko lur eremua da umorearena, nahiz eta azken urteotan gauzak aldatzen ari diren. «Guk boladak ditugu, garaiak. Gero urte osoan ere lan egiten dugu, baina bereziki azaroaren 25 eta martxoaren 8 inguruan aritzen gara. Ez da kasualitatea. Gu talde feministek, berdintasun arlokoek... kontratatzen gaituzte eta gizonezkoak kulturatik kontratatzen dituzte. Jendeak esango du ‘hauek beti matraka berarekin’. Baina errealitatea hori da». Torregaraik jarraitu du hari beretik. «Guk bost urtean hirurehun plaza baino gehiago egin ditugu. Baina kontsideratzen gaituzte bakarrizketagile? Umoregile? Bakarrizketalari kategoria ematen digute? Prestigioa ez da bera gizona edo emakumea izan». Politikoki zuzenaren kultura Politikoki zuzenaren garaian umorea fin jostea ez da lan makala. «Politikoki zuzenaren ‘kultura’ hori sortu da, finean, norbait babesteko beharra egon delako. Ez da gauza bera Mirari eta biok bakarrik gaudenean, egurra partitzen honi eta hari. Testuinguru horretan politikoki ez zuzenak izateko askatasuna daukagu. Eta beste bat da jendaurrean ari garenean. Norabideen kontua sartzen da hor: zeinez ari zara barrez? Norbaitez ari zara? Zertarako? Rolak betikotzeko edo zartatzeko? Batzuek esaten dute ‘gaur egun ezin da ezeri buruz barre egin’. Tira, guk topatu ditugu zirrikituak barre egiteko; igual beste buelta bat eman behar zaio umoreari. Urte luzez kontatu dira emakumeei buruzko txisteak, goitik behera, eta gaur egun ez digute graziarik egiten. Egon badaude moduak umorea egiteko, umoregileak topatu behar ditu umorea egiteko beste borroka batzuk, beste jolas batzuk... Beharbada bi buelta eman behar zaizkio», esan du Torregaraik. «Garai batean funtzionatu zuenak akaso gaur egun ez du funtzionatzen, jendartea aldatu delako, baita gure pentsatzeko modua ere. Aldatu egin behar da umorea egiteko modua. Batzuek betikoan jarraituko dute, sinpletasun horretan, errazari barre egiten... eta ni horrek nekatu egiten nau. Aitortzen dut mota horretako umorearekin barre egin izan dudala, baina hori bakarrik zegoelako. Baina ni ahalduntzen, aldatzen, garatzen, joan naizen neurrian, grazia galdu du». Maddi Nazabal Etxebeste: «Ez naiz umorea mugatzearen aldekoa; jendarteak berak mugatuko du» Filosofiako gradu amaierako lanean umorearen mugei buruz hausnartu zuen Maddi Nazabal Etxebestek (Oiartzun, 1995). Bere ustez, lehendabizi, umorea zer den eta zer ez definitu beharra dago. «Hainbat teoria daude. Bada teoria bat esaten duena umorea egiten dugun guztietan besteak baino gehiago garela erakusten ari garela. Nagusitasunaren teoria da hori: zuk umorea egiten duzun aldiro beste bat gutxiesten ari zara. Beste teoria batek dio umoreak balio duela beti gure burua askatzeko, barne korapiloak askatzeko. Beste teoria baten arabera, jolasa bezalakoa da, ez dauka beste inongo inplikaziorik. Teoria horien alde onak eta txarrak bereizten saiatu nintzen ni neure lanean. Eta nire ustez, teoria oso ona izan zen inkrongruentziarena. Umorean beti pauta bat errepikatzen da: inkongruentea den zerbait errepikatzen da. Txiste bat entzuten ari zarela, zerbaiten esperoan zaude, eta beti gertatzen da haustura bat, espero duzun horretatik aparteko zerbait, eta horrek egiten du grazia. Horrek pizten du zerbait», dio Nazabalek. Inkongruentzia umorea da. Umoreak entretenimendu komikoa sortzen du eta horrek barrea eragin dezake, edo ez. Hori da prozesua, oiartzuarraren ustez. Eta bada, Nazabalen ustez, beste oinarri garrantzitsu bat: umorea fikzioa da. «Hori oinarrizkoa da, eztabaida asko sortzen baitira umorea fikzio modura hartzen ez denean. Fikzioa den neurrian, umoregile baten aurrean zaudenean kode batzuk, lizentzia batzuk, onartzen dizkiozu. ‘Ados, une honetan umoregilea zara pertsonaren aurretik eta umorea egin dezakezu’. Lizentzia batzuk onartzen dizkiozu. Finean, joko hitzartu bat. Jolastera goaz, hauek dira arauak, fikzio batean mugitzera goaz». Baina, noski, arauak aldatu egiten dira jendartearekin batera. «Testuinguruak garrantzi handia dauka. Umoreak umore izaera, fikzio izaera dauka testuinguru baten baitan. Testuinguru edo arau horietan sartzen da zein den umoregilea, zein publikoa, non eta noiz ari den. Baldintza horietako bat haustea nahikoa da umoreak umore izateari uzteko eta eztabaida, lintxamendua edo liskarra sortzeko. Hori sare sozialetan argi eta garbi ikusten da: umoregile baten ateraldia testuingurutik atera eta Twitteren jartzen baduzu ‘honek hau esan du’, akabo umoregilea eta akabo umorea». «Gakoa ez dago norabidean» Nazabalen ustez, umorearen mugen inguruko eztabaida ez dago norabidean. «Niretzat gakoa ez dago norabidean. Norabidean egon daiteke, testuingurua ez badago garbi. Baina norabidean badago indarra, baieztatzen ari gara umorean beti bat bestearen gainetik jartzen dela. Umorea norabidera mugatzen badugu, umore asko geratzen da kanpoan. Askotan zeu zara umoregilea eta umorearen helmuga; zeure buruaz barre egiten duzunean, kasu. Niretzat norabidean baino gehiago testuinguruan dago gakoa. Eta fikzioa dela garbi izanda. Baldintza horiek oso garbi badaude, kasik dena da zilegi». (Gorka RUBIO / FOKU) Orduan, zapaldutakoen gainean egiten den umorea umorea da? «Zapaltzaileak zapalduaren gainean egiten duenean, hori umorea egitea da. Sistematikoki egiten denean, zapalkuntzarako tresna bihurtzen denean, beti azpian dagoena zapaltzeko erabiltzen denean, progagandarako tresna izan daiteke. Adibidez, emakumeen inguruan egin den umorea latza izan da eta sistema oso bat mantentzen lagundu du. Nik ulertzen dut umorea, kasu horretan, makinaria baten parte izan dela eta gaur egun ere badela. Baina duela 25 urte egiten zena gaur ezin da egin, eta horrela behar du. Jendarte bezala garapen bat egon da eta horrelako gauzetan ikusten da. Dagoeneko gauza batzuek ez dute graziarik egiten». 2016an “La Sexta” telebista katean elkarrizketa egin zioten Millan Salcedo umoregileari. 1990eko hamarkadako esketx bat izan zuten mintzagai. «Salcedo ateratzen zen, jipoitutako emakume baten pertsonaiaren azalean, eta gauza bakarra esaten zuen: ‘Mi marido me pega’. Eta sumatzen da publikoa barrez lehertzen. Millan Salcedok berak, hogeita hamar urte geroago, esaten du arazoa dela garai hartan horrek grazia egiten zuela. ‘Ni damutuko naiz, barkamena eskatuko dut, baina ez da nire arazoa bakarrik. Esketx hori telebistan zegoen, telebistako agintari guztiek onartzen zuten eta publikoari sekulako grazia egiten zion. Hori da problema’, esan zuen umoregileak». Nazabalen ustez, umoregilearen kodeak eta hartzailearenak sartzen dira jokoan. Bat egin behar dute. «Publiko kritiko batek umore immorala, zapaltzailea, baztertu egingo du». Hortik abiatuta, testuingurua garbi badago, Nazabal ez da umorea mugatzearen aldekoa. «Jendarteak berak mugatuko duela uste dut. Mugatzekotan, noiz? Jendarte batek esaten duenean ‘nahikoa da, honek ez digu graziarik egiten’». «Umoreari esker tabuak diren gai askori buruz hitz egin dezakegu. Adibidez, behin eta berriro oroitarazten dugu Eliza katolikoan sexu abusuak daudela. Umoreagatik ez balitz, tabua askoz handiagoa izango litzateke» «Niri gustatu gustatu izan zaizkit zoko ilunetara eta gai arantzatsuetara eraman nauten komikoak. Publikoa eskutik heldu, jaitsi eskailerak gai ilun horretara, umorea egin eta barrez jartzea lortu» «Sistema patriarkalaren kontra ari gara, emakumeei inposatu dizkiguten rolak zartatzera goaz eta hor haustura batzuk proposatzen ditugu, umoretik» «Umorea fikzioa da. Eta fikzioa den neurrian, umoregile baten aurrean zaudenean kode batzuk, lizentzia batzuk, onartzen dizkiozu. ‘Ados, une honetan umoregilea zara pertsonaren aurretik eta umorea egin dezakezu’. Lizentzia batzuk onartzen dizkiozu»