APR. 01 2023 { DATORRENA } Tupak Gorka ELEJABARRIETA Berriki Montevideon pasatu ditut egun batzuk. Ez da Uruguaira noan lehen aldia, eta ez da azkena izango ere. Asko dira bertan ikasi ditudanak eta ezagututako pertsonak. Oraingoan Movimiento de Participacion Popular (MPP) alderdi eta mugimenduaren kongresura joan naiz. Bi hitz MLN-Tupamaros, MPP, Espacio 609 eta Frente Amplio zer diren hobeto ulertzeko. MLN-Tupamaros nazio askapen mugimendu historikoa da, borroka armatua erabili zuena. Euskal Herrian aski ezaguna, ez du aurkezpen handirik behar. Bertan militatu zuten Raul Sendic, Pepe Mujica, Lucia Topolansky, Zabalza, Huidobro eta abar luze batek. Beraiek burutu zituzten Pandoko “toma” eta Punta Carretas edo Cabildo kartzeletako ihesaldi masiboak. Costas-Gavras-en “Estado de Sitio” filma haiei buruzkoa da. Tupamaroak ziren estatuak kuartel militarretan urteetan bahituak izan zituen militanteak… “Gerrilla urbanoa” deritzon borroka moldean aitzindariak, apurtzaileak, erreferente bilakatu ziren mundu zabalean, baita Euskal Herrian ere. MPP alderdi eta mugimendua da; MLN-T baino zabalagoa, sektore politiko gehiago daude bere baitan, nahiz eta nazio askapen mugimenduarekiko lotura historiko eta ideologiko nabarmena duen. Espacio 609 MPPk bultzaturiko hauteskunde zerrenda da, baina MPP baino zabalagoa, bere baitan MPPko kide ez diren hautagaiak ere biltzen dituena. Eta Espacio 609 Fronte Zabalean dago. Hau da, MLN eta Fronte Zabalaren artean badira lehena baino anitzagoak, pluralagoak diren beste bi espazio. Eta era berean, Fronte Zabalaren baitan badira beste sektore asko ere, MPP/609 haietako bat baino ez delako: Alderdi Komunista, Alderdi Sozialista, Alderdi Kristau Demokrata eta abar eta abar. Zaila da Frontearen barne bizitza eta izaera osorik ezagutu eta ondo ulertzea. Eta badira, dezente gainera, inongo sektoretan militatu gabe, Frontean zuzenean militatzen dutenak. Fronteak ordezkatzen duen osotasun horrekin identifikatzen direnak. Uruguain bi fenomeno kontrajarri ematen dira batera. Oro har, mundu zabalean, ezkerrak duen zatiketarako, banaketarako, fenomeno bera ematen da. Ezkerreko hamarnaka alderdi txiki eta ez hain txiki daude. Horietako asko haien arteko liskarren ondorioz sortuak. Ezkerrak, oro har, mundu zabalean duen gaitz nagusietakoa da, indar nahikoa izateko eta ondorioz eraldaketa sakonak gauzatzeko ezintasunera kondenatzen duena. Baina Uruguain ezker zabal, anitz eta liskartsu horrek badauka bertute handi bat, beste inon ikusi ez dudana. Ez, behintzat, horrelako dimentsioetan. Batasunerako joera historikoa dauka. Fronte Zabalak hamarnaka alderdi (40 inguru) eta sektore biltzen ditu. 1971n sortu zen, duela 50 urte baino gehiago, eta oposizioan, diktadurapean, demokrazian, gobernuan 15 urtez eta oposizioan berriz ere lan egitea egokitu zaio. Eta urte horietan guztietan barne kohesio izugarria erakutsi du. Euskal jatorria duen Raul (Bebe) Sendic MLN-Tren sortzailearen ahotan jarri dute Frontearen oinarri filosofiko nagusietako bat. Honela dio, gutxi gorabehera: «Gure arteko desadostasunetan tematzen bagara, ez dugu sekula ezer lortuko, baina gure adostasunetan oinarritzen bagara, bizi osoa borroka gintezke elkarrekin». Ez ahaztu Uruguaik hiru milioi biztanle dituela eta horrek hango errealitatea, zenbakiak, gureekin alderatzea errazten duela. Fronte Zabalaren eraikuntza prozesua, barne ezberdintasunen kudeaketa, sintesia egiteko gaitasuna, interes eta printzipioen artean oreka egokia bilatzea… Badira gurera ekarriko nituzkeen hainbat irakaspen. E egunik izango ez duen borroka bide eta bizi honetan etengabe jarraitu beharra dago. Tupak bidaide izatea abantaila handia da. • Uruguain ezker zabal, anitz eta liskartsu horrek badauka bertute handi bat, beste inon ikusi ez dudana. Ez, behintzat, horrelako dimentsioetan. Batasunerako joera historikoa dauka