Gorka Zozaia
Kimikaria
3 BEGIRADA:

Musen tenplua (I)

Gaztetxo bat, Donostiako Eureka! zientzia museoan.
Gaztetxo bat, Donostiako Eureka! zientzia museoan. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Omen da grezieraz ‘museo’ hitzaren jatorria. Hain zuzen ere, poetei, baita zientzialari eta filosofoei ere, inspirazioa eta jakituria ematen zieten musak gurtzeko aldare eta etxe txikiak ei ziren lehen “museoak”. K.a. 280. urtean Ptolomeok Alexandrian sortu zuen Museion jauregia litzateke, berriz, gaur egungo museoen oinordekoa, bertan biltzen baitziren orduko jakitun eta erudituen zerbitzura zeuden hainbat areto, laborategi, behatoki, eta batez ere, Alexandriako Liburutegia bera. Museionean sortu ziren egungo zientziaren pilare hainbat, ikasle entzutetsuen eskutik; metodo zientifikoaren aitzindari jotzen den Herofilo medikuaren anatomia, unibertsoko lehen sistema heliozentrikoa proposatu zuen Somosako Aristarko, Lurraren zirkunferentzia zehaztasunez neurtu zuen Erastotenes, geometria ekarri zuen Euklides, trigonometria ekarri zuen Hiparko, baita ingeniaritzaren aitatzat hartzen den Arkimides bera ere.

«Eureka!» oihukatu omen zuen azken horrek bere izena daraman printzipioa aurkitu zuenean, eta izen berarekin bataiatu zuten 2011n hamar urte lehenago sortu zen Miramongo Kutxaespazioa. Astelehenean izan nintzen Eureka! zientzia museoan ikasleekin eta pena handiz ikusi nuen 178 modulu interaktiboetatik dagoeneko askok funtzionatzen ez dutela. Pentsatzen dut museoak aurten ateak itxiko dituela eta, utzikeria nagusitzen ari dela Euskal Herrian parekorik ez duten instalazio miresgarri hauetan. 2021eko urrian iragarri zuen Kutxa Fundazioak zientzia museoa ixteko erabakia -Arotz Enea eta Ekogunearekin batera-. Fundazioaren hitzetan, Eureka! museoaren ekintza dibulgatzaile eta hezitzaileak «eraberritu eta birformulatu egingo dira Tabakaleran egokituko den formatu modernizatu, digitalizatu eta garaikidean». Itxiera penagarri horren datarik ez dut topatzerik izan, baina duela bi urte esaten zenez, ez dirudi atzera bueltarik izango duenik erabaki honek.

Zorionez, Euskal Herrian baditugu zientziarekin lotzen diren beste hamaika museo, nahiz eta espezifikoagoak izan ohi diren; hala nola, itsas museoak kostaldean, Miarritzetik Bilbora, natur-zientziekin loturikoak Baionan, Gasteizen edota Durangon, Aquariuma Donostian, Luberri Oiartzunen edo Aikur erleen museoa Urretxun. Hala ere, zientzia museo gehienak industria eta teknikarekin loturikoak dira eta Gipuzkoa eta Bizkaian pilatzen dira denak; Muskizko El Pobal burdinolatik Legazpiko Lenburrera, Pasaiako Albaolatik Azpeitiko Burdinbide museora, Zarauzko Photomuseotik, Leintz-Gatzagako gatzaren museora... Añana Gesaltzan ere bisita didaktikoak antolatzen dira, baita Iruñeko planetarioan ere, baina horiek ez dute, antza, museo estatusa, ikertu dudanaren arabera. Hurrengo artikuluan emango dut ikerketa horien berri, hauteskunde kanpainan Estatu espainolarekin alderatzea ohitura denez, museoek ematen baitute zer esanik. Bitartean, politika alorrean #Eurekabizirik aldarrikatzea, eta irakaskuntzan, zientzia irakasleei gonbita egitea institutuetan esperimentu gehiago egitera; izan daitezen gehiago Museion, ta gutxiago txapon!•